Txalaparta argitaletxeak argitaratu du, eta 12 urtetik gorakoentzako eta komikizale helduentzako ere proposatzen dute. Liburu-dendetan eta Txalaparta.eus atarian dago eskuragarri.
Puntua aldizkariaren 397. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Greta Ki, Max Se eta Iris
Mundu ikuskera ezberdina duten bi gizarte maila edo taldetan dago banatua Numun herrialdeko biztanleria. "Teknologiaren aldekoak dira batzuk eta naturarekiko lotura aldarrikatzen dute besteek". Komikiari izena ematen dion Iris haurraren inguruan josten da istorioa, nahiz eta, marrazkilariaren esanetan, badiren pisu handiagoa duten pertsonaiak. "Haren ama Greta Ki marrazkilariak eta senar Max Sek dute protagonismo handiagoa. Gretaren begietatik ikusiko dugu istorioa eta paralelismo batzuk izango dira Danteren Jainko antzerkia liburuarekin. Era berean, begiek pisu handia dute istorioan; hortik dator izenburuaren hitz-jokoa".
Etorkizunean kokatutako istorioa, kolore eta teknika tradizionalekin marraztuta
Estreinakoz elkarrekin lanean
Ribasek irakurrita zituen Yurre Ugartek idatzitako gidoiekin sortutako Joana Maiz (Harriet ed. 2019) eta Katu hegoduna (Saure, 2013); hortaz, sorpresaz hartu zuen, Sua lana egiten ari zen garaian, idazlearen deia. "Buru-belarri ari nintzen Su Ta Garren historia marrazten, eta ez zen beste proiektu bati heltzeko une aproposa, eta aurrerago aurkitu genuen, 2022 hasieran, Iris abiatzeko unea. Zer eta nola kontatu gura zuen azaldu zidan, eta, hortik abiatuta, pertsonaiak zehaztu genituen lehenengo eta komiki orrialde batzuk prestatu genituen ondoren, hainbat argitaletxetara lagin moduan bidaltzeko eta baita Eusko Jaurlaritzako dirulaguntza batzuk eskatzeko ere; ondo atera zitzaigun, laguntza ekonomiko txiki bat jaso genuen eta".
Aurreko komikia, Sua, gehienbat, modu digitalean landu bazuen ere, paperean marrazteko ohitura du Arrasateko komikigileak. "Hala egin dut oraingoan, hori izan zen Yurre nigana proposamenarekin etortzeko abiapuntua; kolore eta teknika tradizionalekin egindako irudiak gura zituen istorio honetarako. Ukitu tradizionala ematen saiatu gara, papera eta akuarelak erabilita. Hasierako zirriborroa Photoshop programarekin egun genuen, baina ondorengo lan guztia paper gainean; tinta txinatarrarekin lehenengo eta koloreztatu ondoren. Izugarri gozatzen dut paperean lan egiten; azken kolore doiketak, ordenagailuan".
20 urte komikiak marrazten
Iris-en sorkuntza prozesua ez zen pertsonalki garai gozoa izan Ribasendako, bizitzako beste gorabehera batzuk tarteko, baina orain, liburua eskuetan, pozik dago emaitzarekin. "Mugarri bat da, komiki mardula; 102 orri ditu".
Hogei urtean asko dira marraztu dituen binetak. Iris kaleratu berritan, laberatzear du, Iban Zaldua idazlea bidelagun, Xabiroi bildumako azken komiki-liburua. Bolada onean dago; izan ere, urte amaiera bitarteko kontratua sinatu berri du Frantziako argitaletxe batekin.