Dolua erdigunean jarrita, elkarri laguntzea helburu

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 23a, 17:35

Amaidolua Elkartea eratu dute Arrasaten, eta helburu nagusia da dolu-prozesuak dakarren bakardadean eta gaixotasunean laguntzea, dolu-lanean aurrera egiten lagunduko duten esperientziak eta emozioak partekatzeko eta trukatzeko espazioak eskainiz.

Fernando Ipiñak, Maite Urzainek eta Juanjo Pagaldaik sortu dute Amaidolua Elkartea –Amaia Larrañaga zenaren omenezkoa da izena–. Berez, 2022ko urriaren 25ean eratu zuten ofizialki, baina azken urtean elkartea egituratzen aritu dira, Arrasateko Udalarekin harremanetan, lokal bat aurkitu guran, eta, azkenean, lortu dute –Arrasate pasealekua 3–. Hala, behin oinarriak finkatuta, lanean hasteko moduan dira. Elkarteko kide Maite Urzainek azaldu duenez, faltan sumatzen zuten halako elkarte bat, irabazi asmorik gabekoa, eta pausoa ematea erabaki zuten.

Askotariko helburuekin sortu dute elkartea. Batetik, debagoiendarrei zuzendutako zerbitzu bat sortzeko asmoa dute. "Hainbat arrazoirengatik galera edo dolu esanguratsu bat jasaten ari diren pertsonak identifikatzeko, arreta emateko, baloratzeko, aholkatzeko eta laguntzeko sortu gara. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke: gaixotasun larri aurreratuko prozesuak, bizitzaren amaiera, gaixotasunagatik gaitasunen galera-prozesu garrantzitsu batean dauden pertsonak eta, heriotzakoak izan barik, pertsonen, familien edota gertukoen bizitza aldatzea dakarten galerak, estres handiko egoerak sortzen dituztelako".

Era berean, dolu-prozesuak dakarren bakardadean eta gaixotasunean laguntzea eta doluan eta gaixotasun larri aurreratuan dauden pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea ere gura dute. "Horrez gain, gizartea zabaltzen eta dolu-esperientzia eta hiltzeko prozesua normalizatzen laguntzea ere bada helburuetako bat, komunitatearen sentsibilizaziotik eta hezkuntzatik abiatuta", dio Urzainek. Halaber, dolu fisiologikoa bizi duten pertsonei balioa eman eta laguntza eskaintzen saiatuko dira, "beste profesional edo baliabide batzuekin sareko lana bideratuz edo sustatuz". Azkenik, heriotza-esperientziaren normalizazioa bultzatu gura dute, "komunitateko bizitzaren zati gisa".

Lehen hitzaldia, urtarrilaren 24an

Amaidolua Elkarteak antolatutako lehen hitzaldia Karmen Amezuak egingo du, urtarrilaren 24an, 18:00etan, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. "Karmenek semea galdu zuen Gorbeia mendian. Erizaina da, eta, lanbidez erretiratuta dagoen arren, hark dio bizitzatik ez dagoela erretiratuta. Guri bihotzera heltzen zaizkigu Karmenek esandakoak", azaldu du Urzainek. "Haren doluaren ostean, bizitzara konektatu da berriro, eta, gainera, trebatuta dago gaian. Beraz, uste dugu oso ahots inportantea dela honetaz hitz egiteko. Izan ere, doluari buruzko mito asko ditugu. Halako egoera batetik pasatu izanak, besteei laguntzeko prest egon izanak eta, gainera, trebatuta egoteak berezi egiten du Karmenen figura". Ostean, Aizpea Mujika eta Eva Bilbao ere izango dira hizlariak.

2024an lau ardatz

Urzainek nabarmendu duenez, elkarteak 2024an izango duen jarduera lau ardatzetan banatuko da. Batetik, doluaren gaineko hitzaldi monografikoak egingo dituzte, gai bakoitzarentzako hizlari aditu bat ekarrita. Hitzaldi horietako gehienak Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan egingo dituzte.

Beste ardatzetako bat norbere buruaren zaintza edo gorputzaren zaintza izango da. "Kontziente gara dolua modu desberdinean lantzen duela norberak eta, bereziki, norbere buruarekin egoteko denbora behar dela. Batzuentzat ez da batere erraza sentitzen dutena adieraztea. Beraz, apiriletik aurrera, Etxaluzeko areto batean, Chi kung terapia egingo dugu. Hala, batez ere, arnasketan zentratuko gara, mugimendu lasaiekin. Izan ere, doluan gaudenean, energia asko kontsumitzen dugu, eta gure gorputza zaindu egin behar da".

Bestalde, berdinen arteko talde txikiak ere osatuko dituzte, elkartearen lokalean. "Lauzpabost kideko taldeak izango dira eta talde bakoitzak gidari bat izango du, dolua modu egokian lantzeko", dio Urzainek.

Azkenik, kontsulta zehatzak egiteko aukera ere eskainiko du elkarteak. Hala, lokala martitzen arratsaldeetan egongo da zabalik. "Zalantza indibidualak, kezkak eta bestelakoak partekatzeko espazioa eskaini nahi dugu. Izan ere, badaude gauza batzuk hitzaldi batean edo talde batean ezin direnak partekatu. Jendeak galdera zehatzak izaten ditu eta ez du jakiten nora jo, eta horri erantzutea ere bada gure asmoa. Gu saretuta gaude, elkarte askorekin, eta zubi lanak egitea gurako genuke". Halaber, 747 42 72 99 telefono-zenbakia jarri dute herritarren eskura. "Deituta, erantzungailua irtengo da, eta gura dugu pertsona bakoitzak bere telefono zenbakia uztea eta kontsulta egiteko daukan gaia aipatzea. Modu horretan, gu harremanetan jarriko gara harekin eta hitzordu bat emango diogu. Lokalean elkartuko gara, modu pribatu eta intimoan".

Ateak zabalik dituzte

Elkartera batu nahi duten guztiek ateak zabalik izango dituztela azpimarratu du Urzainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak