Berlinen bizi da Ane Irazabal kazetaria (Arrasate, 1984), baina bizileku izan ditu Palestina, Egipto eta baita Italia ere. Tartean behin, etxera itzultzen da, eta hala egin du Gabonetan ere. Bada, Amaia Uribe kazetariarekin, bizi izandakoak izan ditu hizpide Ttap aldizkari digitalerako egindako elkarrizketan.
Fantasia "asko" gustatu izan zaio Irazabali txikitatik. "Batetik, asko gustatzen zitzaidan Historia; eta, bestetik, beti izan naiz oso berriketa-zalea". Etxean albistegiak aurkezten zizkien gurasoei, baina, hala ere, Zientzia Politikoak ikasten hasi zen. "Urtebete egin nuen, eta utzi. Gero, Historia ikasi nuen; eta, ondoren, Ikus-entzunezko Komunikazioa. Bidean erabaki dut zer zen gustatzen zitzaidana".
Ikasketak amaitzean, "garai korapilatsua" zen, 2008-2009ko krisi ekonomikoa Euskal Herrira iritsi baitzen, baina argi zuen kazetaritzan murgildu nahi zuela. "Harremanetan jarri nintzen Palestinako albiste-agentzia txiki batekin; motxila hartu eta hara joan nintzen". Lau hilabetez egon zen haiekin lanean, eta "izugarri" ikasi zuen. "Esperientzia hura amaitzean erabaki nuen freelance hastea".
Lehen urratsak
Irazabalen ustez, "osagai ezberdinez osatutako errezeta" da freelance lana. "Ni astun hutsa izan nintzen: proposamenak bidaltzen nituen. Eta bada unea aprobetxatzea ere". Palestinan zela, adibidez, Palestinako Aginte Nazionalak proposamena bidali zuen Nazio Batuen Erakundera Palestina naziotzat aldarrikatzeko. "Albiste pila bat sortu ziren, eta, lehenik, Berria-rekin hasi nintzen; gero, Argia-n; ondoren, EITB taldearekin...".
Palestinatik Egiptora egin zuen jauzi, eta bi herrialdeekin "konexio emozionala" du. Are gehiago, Palestinako sarraskia ere gertutik jarraitzen ari da, eta "emozionala profesionaletik" banandu ezin dela dio. "2012ko eta 2014ko Gazako gerren berri eman nuen Gaza barrutik, eta pertsona haietako batzuk hil egin dituzte, beste batzuek han jarraitzen dute... Orduan, oso konplikatua da, dena nahasten baita. Zuk maite duzun toki bat zeharo suntsituta ikusteak, batzuetan, gorrotoa ere eragiten du".
Palestinatik Egiptora
Palestinatik Egiptora joan zen, eta errefuxiatuen afera jarraitzen hasi zen, Ekialde Hurbileko kanpalekuetara ere bisitak eginda. Egiptotik Italiara itsasontzian alde egiten saiatzen ziren familien istorioak biltzen eta kontatzen ere hasi zen, baina 2013an estatu-kolpea izan zen Egipton. "Errepresio olatu handia hasi zen, eta geroz eta zailagoa zen Egipton lan egitea. Italian errefuxiatuen aferak indar handia zeukala ikusita, hara joan nintzen".
Italiako egonaldia
Italian igarotako denbora "oso interesgarria" izan da Irazabalentzat. "Batetik, Italiako politikak ia-ia doktoretza bat eskatzen duelako sistema guztia ulertzeko. Niretzako Italia beti da Europaren laborategi politiko bat; Italian gertatzen dena gero, urte batzuk geroago, Europa osora zabaltzen da". Eta, hain justu, hein batean, hori gertatu zen COVID-19arekin ere. "Sentsazioa zen etorkizunetik hitz egiten ari nintzela (...) Gogoan dut lehenengo maskarak bidali nizkiela gurasoei Italiatik Arrasatera. Badirudi duela hogei urte izan zela, baina duela hiru urteko kontua da".
Oroitzapen "politak" ditu, eta "bigarren etxetzat" du Italia. "Nire semea erdi-italiarra da".
Orain, Berlinen
Pandemiaren ostean, Angela Merkelek hamasei urteko kantzilergoa utziko zuela-eta, Berlinera lekualdatu zen, zer gertatzen ari zen gertuagotik jarraitzera. "Merkelek boterea utziko zuela bai, baina ez nuen imajinatzen handik oso distantzia motzera gerra bat abiaraziko zela Europan. Hura ere beste erronka bat izan zen".
Ukrainara jo zuen Irazabalek, eta oraindik ere "oilo-ipurdia" jartzen zaio, sarri, semea ikustean, haurdun baitzegoen. "Donbassen 2014tik zegoen gatazka, baina hasi ziren esaten herrialde guztia eraso zezaketela, eta hiru aldiz-edo joan ginen Kievera". Azkenekoan, ordea, horrela izan zen. "Ez genekien tankeak Kievera iritsiko ziren ala ez, bonbardatuko ote zuten. Testuinguru hartan, bost hilabeteko nengoen haurdun". Ukrainatik joan behar zuela bazekien, baina kontraesanak zituen, kazetari gisa han gelditu nahi zuelako. "Hori ez dut inoiz bizi izan, gatazka baten berri ematera joatean ni bainintzen nire bizitzaren eta gorputzaren arduradun, eta nik hartzen nuen arriskua, baina Ukrainan ezin nuen bakarrik nigan pentsatu".
Kazetaria eta ama
Korrespontsala eta ama izateagatik, batzuetan, galderak egiten dizkiotela azaldu du, eta "epaitua" sentitu izan da. "Gizonei ez diete hori galdetzen! Ulertzen da gizonezko gerra-korrespontsal bat joan daitekeela kanpora eta han egon". Alabaina, argi du semeak ulertu behar duela hura ez dela soilik ama. Erantsi du badela zuzenean esaten ez bada ere ulertzera ematen den beste uste bat: "Gizon bat gatazka baten berri ematera joatean, ia heroi bat da; emakumezko bat, berriz, zoroa".