Bueltan dator zarzuela Amaia antzokiko agertokira

Txomin Madina Milikua 2024ko urt. 18a, 19:08

Hainbat urtetako etenaren ostean, Izaskun Murgia Elkarte Lirikokoak martxan jarri eta Arrasateko Amaia antzokiko agertokira igoko dira asteburuan Antologia de la zarzuela eta izeneko ikuskizuna eskaintzeko. Eguaztenean egin zuten entsegu orokorra.

Entsegu orkorora amaituta, jendea aulkietan esertzea, Amaia antzokiko argiak piztea eta oihala zabaltzea besterik ez da falta Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideak ia lau urtez prestatzen izan diren Antología de la zarzuela emanaldiarekin gozatzeko. Ia 50 abeslari, beste horrenbeste musikari eta eszenatokiaren atzean egongo diren jostunak, dekoratuen egileak, antzokiko langileak.... batzen dituen ikuskizuna izango da gaur iluntzean estreinatuko dutena.

Eta guztia zuzentzen, estreinakoz zuzendari lanetan arituko den Cristina Cubillo; nola ez, oholtzara igotzeko gogotsu daude denak. "Hau prestatzen hasi eta berehala iritsi zen pandemia. Denbora asko igaro da ordutik, eta jendea irrikan dago berriz ere taula gainera igotzeko. Orokorrean, oso pozik gaude orain arte egin dugun lanarekin, baina denbora honetan guztian landu dugun hori oholtza gainean erakusteko garaia iritsi dela esango nuke", dio Cubillok.

Orain artekoaren laburpena

Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa ibilbide luzea duen elkartea da eta Arrasaten zarzuela bat egin duen bakoitzean arrakastatsua suertatu da. Gaur estreinatuko dena, hain zuzen, ibilbide horretan guztian egin dituzten zarzuelen pasarteekin osatutako emanaldia izango da. "Hamazortzi zarzuela egin ditugu. Batzuk errepikatu egin ditugu, eta, oraingoan, guztiaren laburpena egin nahi genuen", dio zuzendari arrasatearrak. Ikusleek emanaldian zati "komikoak" eta "tragikoak" aurkituko dituztela azpimarratu du Cubillok, eta, gainera, muntaia "kuriosoa eta futurista" izango duela ikuskizunak.

Era berean, aitortu du hasierako asmoa ez zela Amaia antzokian egitea: "Gure lokal berrian antologia txiki bat egin nahi genuen, hasieran; ate irekiak antolatzea. Hilabeteek aurrera egin ahala, antzokiak irekitzen joan ziren, eta orduan erabaki genuen zarzuela Amaia antzokira eramatea".

Oholtza gainean hobeto

Antología de la zarzuela prestatzen hasi zirenean, Tere Gonzalez zen zuzendaria, baina, gaixotasun baten ondorioz, Cristian Cubillok ordezkatu zuen. Orain arte, beti oholtzan gainean abesten izan da, eta taldekideak zuzentzea egokitu zaio orain. "Jendeak oso ondo hartu nau eta asko lagundu didate", dio arrasatearrak. Lana jada hasita zegoen hura zuzendari jarri zenean, eta aitortu du ordura artekoari jarraipena ematen saiatu dela: "Zuzendari bakoitzak bere estiloa du, eta nik nire ekarpen pertsonalak egin ditut, baina, une oro, Terek hasitako lanari jarraipena ematen saiatu naiz".

Orain arteko zarzuela guztietan oholtza gainean aritu denez, zuzentzeko orduan "ezberdin" sentitu dela aitortu du, eta garbi dauka non sufritzen den gutxiago: "Orain arte, ondo moldatu naiz, baina uste dut gutxiago sufritzen dela abesten". Fokuen aurrean protagonista izatetik ikuskizuna fokuen atzetik ikustera igaroko da asteburu honetan.

2019an azken zarzuela egin eta gero, zirt edo zart egiteko unea iritsi da Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideentzat; zuzendariak ere azpimarratu du berak jada "gehiago" ezin duela egin. "Nik nire lana egin dut, eta orain, abeslarien, musikarien eta gainontzeko parte hartzaileen txanda da. Zuzendariaren lana amaitu da, eta, hala, egindakoaren emaitza jasotzea besterik ez da gelditzen", dio Cubillok. Era berean, zuzendari lanetan gustura egon den arren, pena du oholtzan ezingo delako egon: "Nik asko gozatzen dut taula gainean abesten, eta sentsazio oso ezberdinak izango ditut oihalaren atzean. Uste dut askoz gehiago sufrituko dudala oraingo honetan".

Sarrerak gelditzen dira

Ia bost urte igaro dira Arrasaten azkenekoz zarzuela bat egin zenetik, eta herritarrak gogotsu dira asteburuko emanaldiei begira. Gainera, ikuskizunarekin gozatu nahi duenak oraindik aukera dauka; izan ere, gaurko emanaldirako eta domeka arratsaldean egingo denerako sarrerak gelditzen dira; zapatukoak, berriz, agortuta daude. Sarrerek 21,45 euro balio dute eta Udalaren webgunean eta Amaiako txarteldegian daude eskuragarri.

Harremanen zozketa

Harreman elkarteak hiru saski zozketatuko ditu asteburuko zarzuelako hiru emanaldietan. Ereindajanek bere dendako bertako eta produktu ekologikoekin egindako saski bat eta Harreman dendako bidezko merkataritzako produktuekin egindako beste bi. Batutako dirua Mumbaiko (India) "Ankur" harrera-etxearen proiektura eta Mundukide Mozambiken egiten ari den irismen luzeko nekazaritzako programara bideratuko da.

Erlazionatuak

Amaia antzokiko taularen gainera igotzeko "gogoz"

Aitziber Aranburuzabala Juldain urt 19 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak