Iñaki Bengoa: "Oroitzapenak onak dira, baita sutearena ere"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko urt. 15a, 11:05

Iñaki Bengoa, Shot! estudioko jabea, Goienaren egoitzan astelehenean.

30 urtean Shot! estudioaren arduraduna izan ondoren, aurreko astean iragarri zuen lanbidea utziko duela; Hodei Vicario Denso-k hartuko dio estudioan lekukoa.

"Kostata hartutako erabakia" izan da, baina etapa berriarekin "ilusionatuta" dago orain; gauza asko egin dituen sentsazioarekin utzi ditu Shot!-eko ateak.

Gau batzuetako loa kenduko zizun erabakia hartzeak.

Bai, hala da, baina ez da egunotako kontua; erabaki hau orain dela urtebetetik dator. Nekatuta nengoen, eta aldatzeko gogoz; galdera eta zalantza asko etxekoei, baina lasai nago orain.

Zerk bultzatu zaitu Shot! uztera?

Bereziki, nekeak; 30 urte edozein ogibidetan edo ekimenetan urte asko dira, eta 30 urte musika- gintzan konplikatua da. Rockeko izarra izan behar duzu bertan mantentzeko. Eta bestetik, ga- raiak asko aldatu direla musikagintzan eta orokorrean; ilusioa galdu dut, eta grabaketa estudio baten ezin da ilusiorik falta. Beraz, uztea, onena.

Instagramen bidez iragarri zenuen.

Ez nekien nola egin [Barre]. Gertukoak jakinaren gainean zeuden, eta iruditu zitzaidan zabalkundea egiteko modurik onena zela.

Eta nolakoa izan da erantzuna?

Oso ona. Gogoratzen ez nituen lagun asko bertan daude, eta animoak bidali dizkidate, eta asko eskertzen dut, jende askok, helduak gehienak, idatzi didalako. Baina ez dut uste animo kontua denik, nik erabaki dut eta; eta ez inork bultzatuta.

Eta lana eskaintzeko idatzi dizute?

[Barre] Ba, ez; hurrengo Instagram mezuan jarriko dut.

Ze asmo duzu?

Ez dut ezer garbirik zehaztuta. Bizitzarekin gozatzeko aprobetxatuko dut, eta, ondoren, zuzeneko teknikari izaten jarraitu nahi dut. Egun, bereziki, Nerearekin [La Furia] ibiltzen naiz, eta Assatarekin ere bai; lagunen taldeak. Baina, aurrerago, gustatuko litzaidake beste talderen baten teknikaria izatea, garai batean RIP, La Polla, Gatillazo, SA, Betagarri, Sagarroi... taldeekin ibiltzen nintzen moduan.

Musikagintzan jarraituko duzu, hortaz.

Bai, ez dakit besterik egiten eta. Zein arlotan ez dut erabakita.

30 urte egin dituzu Shot!-en; zein oroitzapenekin zoaz?

Onak, denak onak; sutea ere ona izan zela pentsatzen duen horietakoa naiz, gauza pila bat garbitu zituen... Momentu tristea izan zen, noski, baina, denbora pasatu ahala, beste modu batera ikusten nuen. Hastapenetan, 1993an, argi nuen estudiotik pasatuko zen proiektu bakoitzetik zerbait ikasi behar nuela, ona edo txarra, baina irakaspen bat, eta lortu dut. Atzera egingo dugu; hastapenera. Ideia zoro bat izan zen. Bartzelonatik etorri nintzen; ikasten eta lanean egon nintzen han. Olinpiadak hasi ziren, eta haiekin nekatuta Arrasatera itzuli nintzen. Han egiten nuena herrian egin ahal nuela konturatu nintzen. Gipuzkoan apenas zegoen estudiorik; bizpahiru, asko jota. Bada, garai hartako lagun on bat, Pello Aldabe, eta biok marroian sartu ginen.

Marroia deitu diozu.

Bai; hala zen-eta garai hartan. Pentsa, hogeita urte gutxirekin, hipoteka batean sartu, obra bat aurrera eraman, estudio bat muntatu... Baina oso musikazaleak ginen eta poliki-poliki aurrera egin genuen. Hamar urte ondoren, Pello joan zen eta ni geratu nintzen.

Izan duzu beste lankiderik geroago?

Kolaboratzaileak izan ditut; esaterako, azkeneko urteetan Ander Barriuso izan da, baina arduradun moduan ni beti.

Eta zaila da estudio bateko arduraduna izatea, ezta?

Bai; hori da erretzea ekartzen dizuna. Lanaren zatirik politena grabatzea eta horren bueltan dagoena egitea da, baina administrazio edo paper lanak eta halakoak ere badaude; garai baten, Amaia Apaolazak egiten zituen lan horiek, eta sekulako galera izan zen haren heriotza. Sutea baino gogorragoa izan zen Amaiaren heriotza.

425 disko grabatu dituzu ibilbidean zehar; gustura?

Zenbaki bat da. Niretzako garrantzitsuena da zelan aldatu den guztia. Kasetean grabatzen hasi ginen, biniloan gero, CDan ondoren, eta gaur egun ez dago formaturik; bada, hori guztia ikasi dugu bidean. Grabatzen hasi nintzenean, zintak artaziekin mozten nituen; pentsa!

Hodei Vicario Landaluze Denso-k hartuko du estudioan lekukoa, zure lehengusuak; hori da arrazoia?

Hori da arrazoi garrantzitsuenetako bat eta beste bat da oso interesgarria iruditzen zaidala egiten duena. Hastapenetako ni gogora ekartzen dit.

Hastapenetako ni ekartzen dit gogora estudioan lekukoa hartuko didan Denso-k"

Zergatik diozu hori?

Arrazoi askorengatik: duen adinarekin hasi nintzelako estudioarekin, duen ilusioagatik, egiten dituen gauzak ezberdinak direlako eta, ni bezala, musikaria ere badelako.

Gaztea, arrasatearra eta beste musika estilo batean kokatuta.

Bai; hala behar du, garai bakoitzak bere musika estiloa.

Zein izango da Denso-rekin izango duzun rola?

Estudio baterako lokala uztea zen nire asmoa, baina behar nauenean gertu izango nau.

Nor agurtu gura duzu?

Estudiotik pasatu diren guztiak; denak izan dira garrantzitsuak.

Nori eman gura dizkiozu eskerrak?

Familiari eta lagunei eta dagoeneko gurekin ez daudenei: Amaia Apaolazari, Jonan Ordorikari, Eresi denda zuen Javi Bizzi, RIPekoi... Zorte handia izan dut eurak ondoan izateagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak