Arrasateko Udalak 1924ko ekainaren 2an eman zion Union Cerrajerari Etxe Txikiak eraikitzeko baimena eta aurten, beraz, 100 urte beteko dira orduko hartatik. Aitzakia baliatuta, Arrasate Zientzia Elkartea Etxe Txikien historia jasotzen ari da, artxiboan arakatuz eta bizilagunak elkarrizketatuz. Horrekin batera, herritarren laguntza ere behar dute. "Etxe Txikien inguruko argazkirik edo dokumenturik daukatenei eskatzen diegu gurekin harremanetan jar daitezela", azaldu du Jabier Bengoak, elkarteko kideak. Batez ere hasierako urteetan etxe horietan bizi izandakoen dokumentuak eta argazkiak gura dituzte, elkarteko kide Juan Ramon Garaik gaineratu duenez.
Garai bera etxe horietako batean jaioa da eta azaldu du Union Cerrajerako langileentzako eraiki zituztela etxeak, garai hartan Betasolo izeneko zelai bat zegoen lekuan. "Udalak pozez hartu zuen Union Cerrajeraren eskaria, garai hartan errepide nagusia eta errekaren beste aldea, tren geltokia zegoena, ez baitzeuden lotuta. Hala, Union Cerrajerak egin zituen errepidea eta zubia".
Etxe Txikiak izena hartu zuten arren, garai hartarako ez ziren batere txikiak, 72 metro karratukoak baitziren, 36 metro karratuko bi solairutakoak, hain zuzen. Merkeak ere ez ziren. "Hilabeteko kuota 30 pezetakoa zen eta langile batek egunero 5 pezeta irabazten zituen. Beraz, astebeteko soldata errenta ordaintzeko".
Arrasate Zientzia Elkarteko kide Jabier Bengoak, era berean, nabarmendu du Union Cerrajerak utzitako ondare asko mantentzen dituela Arrasatek. "Egun, Gipuzkoan herri gutxi egongo dira guk daukagun ondarearekin: bulegoak, lantegiak, eskolak, Musakolako San Isidro eliza eta Etxe Txikiak".
Oraingo honetan, azken horien historia dute ardatz eta jasotzen duten materialaren arabera, liburuxka bat edota erakusketa bat egiteko asmoa dute, urteurrenarekin bat eginez, ekain ingururako.