Euskaldunon Ahalduntze Eskola abiatuko du AEDk urtarrilean, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean. "Euskararen erabileran jauzi kualitatibo bat eman gura duten herritarrei dago eskainia. Euskara sozialki gehiago erabiltzeko gogoa dutenei, ahalegin horri etekin gehiago atera nahi diotenei, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko apustu pertsonala eginda helburu horretan egoera kontrolatu, hobeto sentitu eta estresik gabe aritzeko baliabideak eskuratu nahi dutenei", adierazi dute antolatzaileek.
AEDn bertan egingo dituzte saioak, 18:30etik 20:00etara, eguaztenetan: urtarrilaren 24an eta 31n, otsailaren 14an eta 28an eta martxoaren 13an eta 20an. Saioak doakoak izango diren arren, saioetara joateko konpromisoa eskatu dute antolatzaileek, "taldearen dinamika bermatzeko". Urtarrilaren 19a izango da izena emateko azken eguna.
Euskaraldiari begirako saioak
2025eko udaberrian egingo dute laugarren Euskaraldia. "Aurreko edizioek erakutsi dutenez, Euskaraldia ariketa egokia da hizkuntza portaeretan eragiteko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko. Hartara, laugarren edizioak ere helburu berori izango du: euskara ulertu eta hitz egiten dugunon artean euskarari geroz eta leku handiagoa egitea gure arteko harremanetan", diote AEDtik. "Helburua hori izanik, praktika ez zaigu hain erraza egiten. Ohitura zaharren inertziek, lotsak, aurreiritziek, beldurrak… galarazi egiten digute euskaraz nahi beste egitea edota euskarari nahi bezain gogor eustea".
Hain zuzen ere, hori gainditzeko helburua izango dute saioek: "Hori guztia zergatik gertatzen zaigu jakiteko eta, batez ere, zailtasun horiek gainditzen hasteko diseinatu dugu Euskaldunon Ahalduntze Eskola". Hala, Arrasaten ez ezik, Durangon eta Gasteizen ere abiaraziko dituzte eskolak.