2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dute Euskaraldia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 14a, 12:37

Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak gaur goizean Donostian eginiko aurkezpenean.

Laugarren aldia izango du, eta hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute antolatzaileek. Haien arabera, ariketa "eraginkorra" da, eta aldaketak dakartza.

Euskaraldia egitasmoak data berria du: 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da laugarren edizioa, aurreko aldietan ez bezala, udaberrian. Izan ere, antolatzaileek nabarmendu dute jende gehiago ibili ohi dela kaleetan urte sasoi horretan, eta bizitasun sozial handiagoa izaten dela. "Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen du horretan", adierazi du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak.

Donostiako Tabakaleran egin dute gaur goizean aurkezpena Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideek. Bada, Urkijoz gain, han izan dira Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Javier Arakama Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Azaldu dutenez, ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu dituzte, urtetik urtera "ariketa eraginkorragoa" izan dadin, eta arrazoi horrengatik erabaki dute data aldatzea ere.

Garai aldaketa, ordea, ez da ausaz hartutako erabaki bat izan, txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi baitute antolatzaileek. Gainera, erantsi dute Euskaraldia 2025ean egitearen erabakiak Korrikarekin urtez urte txandakatzea ahalbideratuko duela.

Eraginkortasuna hizpide

Euskaraldiaren hiru edizio egin dira orain arte, eta Iciarrek azpimarratu du egindako ikerketek "argi" erakutsi dutela Euskal Herrian "milaka eta milaka herritarrek beren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskarazko jauzia eman dutela Euskaraldiari esker". Hain zuzen, datuen arabera, ariketaren aurretik %63,9 ziren euskaraz zekitenekin uneoro euskaraz egiten zutenak; bukatu ondoren, aldiz, %78,0. "Euskaraldi bakoitzean euskararen erabileran irabaziak eta lorpen praktikoak erdietsi dira. Hala, Euskaraldi gehiago egitea beharrezkoa dela deritzogu, eta euskararen biziberritze prozesuarentzat guztiz lagungarria da ariketa".

Bideoa: Euskaraldia.

Koordinazio mahaiko kideek jakinarazi dutenez, datorren edizioan "arreta berezia" jarri nahi dute ohiturak gizarteratzen eta errotzen. "Ez dira gauetik goizera modu masiboan zabalduko. Horregatik da garrantzitsua Euskaraldiaren ariketa soziala errepikatzea eta proposamen horiek berritzea, gizarteari urrats horiek egin ditzan berriro planteatzea eta pedagogia sozial indartsua burutzea aldian behin", erantsi du Iciarrek.

Herritarren konpromisoa

Euskaraldiaren xedea, beraz, hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea da, baina, horretarako, Zupiriak azaldu du "konpromiso zehatzak" hartuko dituzten "herritarren partaidetza zabala" behar dela. Are gehiago, erantsi du partaidetza hori esparru askotako jenderena izan behar dela, askotariko ikuspegiak dituztenena. "Bateratasun horrek indar biderkatzailea du, eta euskararengandik urrun dagoen asko erakartzeko balio du: horrek ere, hein handi batean, egiten du eraginkor ariketa, indar metaketa, gutxinaka aurrera pausoak ematea, hizkuntza ohiturak denen laguntzarekin aldatzea".

Arakamak, ordea, nabarmendu du Euskaraldia ez dela euskarak dituen "behar eta gaitz guztien sendagailua", eta ariketak, beraz, "hausnarketarako eta eztabaidarako aukerak eta aitzakiak ere ugaltzen" dituela. "Herritarren artean ere, hizkuntzaren gaiak ohikoa baino presentzia handiagoa hartzen du, lorpenez eta zailtasunez, ikusitako aurrerapauso eta inkoherentziez, ilusioez eta kezkez aritzeko". Bada, hurrengo edizioan ere lorpen horietan sakontzen jarraitu nahi dute.

Elkarlanean sakontzen

Arakamaren hitzetan, Euskaraldiaren antolaketan euskararen eremu osoko administrazio erakunde guztiak, euskalgintzako erakundeak eta era guztietako hainbat eta hainbat entitate eta elkartzen aritzen dira, "gobernantza eredu berritzailea eta interesgarria" sortuz. "Eredu honetan sakontzen jarraitzean izango da beste asmoetako bat, sinisturik baikaude elkarlana eta herritar, erakunde eta entitateen atxikimendu praktikoa ezinbesteko oinarria direla, eta, izango direla, euskararen biziberritze prozesuak aurrera egin dezan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak