Antolakuntzatik azaldu dutenez, Udalak ez die eman 2024ko desfilerako eskatu zuten aurrekontu osoa, eta hala, "gastu guztiak murriztu" behar izan dituzte. Aurrekontura egokitzeko "karroza ez egitea" erabaki dute, eta modu horretan, gainontzeko protagonistei ahalik eta ikusgarritasun handiena ematea: Errege magoak, pajeak, erromatarrak, tronpeta-jotzaileak, danborrarik, kantariak... Eta jaiotza biziduna Herriko plazan.
Izen-ematea
Abadetxeko lokalean egingo dituzte entseguak. Atzo egin zuten lehenengoa eta hurrengoak, abenduaren 28an eta 29an, eta, urtarrilaren 2an, 3an eta 4an izango dira 17:30etik 18:30era. Harremanetarako bi bide zehaztu dituzte: Posta elektronikoz, arrasatekabalgata@gmail.com helbidera idatziz, ala, whatsappez, 611 48 57 38 zenbakira.
Ibilbidea
Mitarte kalean hasiko da desfilea urtarrilaren 5ean, 19:00etan. Handik Zerkaosteta kalera joango dira, Iturbide Egoitza albotik Garibai Etorbidera sartuko dira, Amaia Antzoki ondotik Otalora Lizentziatua kalerako bidea hartuko dute, ostean San Frantzisko kalea, Sebero Altube, Portaloia, eta Erdiko kaletik Herriko Plazara helduko dira 19:45 aldera. Plazan gerturatu nahi duten haurrei harrera egingo diete hiru errege magoek, eskutitzak eman eta gozoki batzuk jasotzeko aukera ere izango dute. 20:30ean amaitzea aurreikusten dute.