Mertxe Salaberri: "Zarzuelarako gogoa sumatzen dugu herrian"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko abe. 26a, 10:06

2019an egin zuen aIzaskun Murgia Elkarte Lirikoak azken zarzuela emanaldia; etenaldi luzearen ostean, urtarrilaren 19an, 20an eta 21ean eskainiko dute Antología de la zarzuela, Amaia antzokian.

Hainbat zarzuelatako pasarteekin osatutako ikuskizuna eskainiko dute Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideek, eta gogotsu ari dira prestaketa lanetan.

Aspaldiko partez, taula gainera igotzeko gogoz, ezta?

Deseatzen gaude taula gainera igotzeko, herrian zarzuelarako gogoa dagoela adierazi digute-eta askok.

2019an egin zenuten azkena.

Hala da, bai; El dúo de la Africana izan zen, eta, 2020ko martxoan hurrengoa prestatzen hasi ginenean, pandemia etorri zen eta bertan behera geratu zen dena.

Saiakera batzuk egin dituzue.

Bai; jendeak zertan ari garen ikusteko, 2022an lokalean zerbait egitea pentsatu genuen, baina, ez zen posible izan eta aurreko urteetan egindako lanak aprobetxatuta, 2023an Amaia antzokian ikuskizun bat eskaintzea erabaki genuen; hala ere, orkestrako kideak oso lanpetuta ibili dira Arrasate Musikaleko 50. urteurreneko ospakizunekin, eta datorren urte hasierara atzeratzea pentsatu genuen.

Antología de la zarzuela ikuskizuna egingo duzue. Zelakoa da?

Hainbat zarzuelatako zatiak aukeratu ditugu: bakarlarien erromantza batzuk, bikotekako pasarteak eta abesbatzak abestutako beste hainbat. Aurrez egindako zarzueletako pasarteak dira gehienak, baina badira berritasunak ere.

"Aurrez egindako zarzueletako pasarteak eta kantu berriak eskainiko ditugu"

Zelako piezak entzungo ditugu, adibidez?

Denetariko kantuak izango dira, eta publikoak gustura hartzen dituen umorezko uneak ere bai, eta, nola ez, amodiozko drama uneak ere bai... Adibidez: tenoreek abesten duten La tabernera del puerto zarzuelako No puede ser abestia; El caserío obrako pieza ezagunak; Luisa Fernanda laneko La Mazurca de las sombrilas...

Zuri zer egitea egokituko zaizu?

Eszena zuzendari lanak egingo ditut, eta, horrez gainera, taularen gainean ere izango naiz, señora rolean sartuta; nire zatiak umorezkoak izaten dira, gehienbat.

Bakarlari lanetan zeintzuek jardungo dute?

Emakumezkoak: Ane Maiztegi, Maria Izaga, Ruth Osinaga, Mari Carmen Gomez, Susana Vazquez, Barbara Lamas eta ni neu. Gizonezkoetan, berriz: Mikel Izurrategi, Lander Oyanguren, Sergio Llopis, Joserra Mendizabal, Enrique Altuna eta Luis Okina.

Eskarmentua dutenak gehienak, baina izen berriak ere badira tartean.

Bai. Aurten, adibidez, Cristina Cubillo ez da taularen gainean izango; musika-zuzendari lanetan ari da Eduardo Arzamendirekin batera, Tere Gonzalez ordezkatzen; Terek elkarteko zuzendaria izaten jarraitzen du, baina, gaixoaldi baten eraginez, ez du aurtengo ikuskizunean parte hartuko.

Zenbat kide zarete oraingoan?

Taula gainean 50 lagun inguru izango gara, baina atzeko lanetan ari diren lagun asko ahaztu barik: jostunak, dekoratu egileak eta abar, eta abar.

Arropa berriak estreinatuko dituzue?

Aurrez erabilitakoak moldatu ditugu, gehienbat, baina berriren batzuk ere egin dituzte, bai. Horrenbeste pieza ezberdin eskainiko ditugunez, arropa aldaketa asko egingo ditugu ikuskizunean zehar; emakumezko abeslariek, bereziki.

Eta dekoratuez zer diozu?

Askorik ezin dut aurreratu, baina, antologia izanik, orain arteko ikuskizunekin alderatuz ezberdinak izango direla esango dizuet; gustatuko zaizkizue.

Entseguetan buru-belarri ari zarete; Gabonetan ere bai?

Etenaldi txiki bat egingo dugu eta urtarrilaren 2an hasiko gara berriz entseguekin.

Kulturolan duzue gaur egun egoitza; gustura zaudete?

Bai, oso pozik gaude. Toki handia behar dugu dekoratuak egiteko, adibidez; era berean, jostunek euren txokotxoa ere badute eta eszenatoki bat ere badugu entseguak egiteko.

Hiru emanaldi egingo dituzue urtarrilaren 19tik 21era; noiz jarriko dituzue sarrerak eskuragarri?

Ezin dugu data zehatzik esan, baina lehenbailehen salgai jarri gura ditugu; online erosketako aukera izango da Arrasate.eus atarian.

Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideak Antologia de la zarzuela ikuskizuna antzezten.

50 lagun inguru taula gainean

Pandemiaren etenaldiaren eraginez, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoan baja batzuk izan dituzte, baina kide berri batzuk ere batu dituzte; hala ere, gizonezko eta gazte gehiago hartzeko "gogotsu" daudela adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak