Azaroaren 17an hasi zen Santamasetako Padel Txapelketa eta Jorge Aranes eta Patxi Vallejos bergararrek osatzen duten bikotea nahiz Aitor Magallanes aretxabaletarrak eta Ander Barroso bergarrak osatutakoa iritsi dira hilabete beranduago jokatu den finalera. Azkenean, Txapelketa hau irabaztea zer den dakiten Aranes eta Vallejosek eskuratu dute txapela 7-6, 5-7 eta 6-2ko emaitzarekin.
Partidaren ostean, irabazleek adierazi dute partida "zaila" izan dela. "Ligan ez dugu halako erritmo exijentziarik izan eta iritsi eta zerotik martxan jartzea kosta egiten da. Hortaz, hotz sartuz gero partidan, gero beranduegi izan daiteke eta eurak ere maila bikaina eman dute. Gustura gaude", azaldu du Jorge Aranesek. Halere, euren jokoaren balorazioa egiterakoan "irregularrak" izan direla esan dute: "Tandak izan dira. Eurak joku batzuetan sendo egon dira, gero geu berriro ere. Ausartak izan gara, arriskatu dugu eta uste dugu hori izan dela ezberdintasuna eta ondo atera zaigu".
Magallanes eta Barrosok, berriz, partida "gogorra eta luzea" dela esan dute: "Horrela galtzea ere nahiko ondo. Partida erraza izanda galtzea, beste gorputz batekin joaten zara etxera". Barrosok egindako txapelketan jarri du azpimarra: "Lagunen artean jolasteko ematen dugu izena eta finalera heldu eta ia bi orduko partida jokatzearekin nahiko daukagu. Disfrutatu egin dugu eta gustura". Lehen aldiz eman dute izena elkarrekin jokatzeko eta aurreratu dute datorren urtean ere batera arituko direla.
Antolatzaileen balorazioa
Izen-ematea 32 bikoterentzat zabaldu zuten eta hasieratik izan zuen erantzun ona. Fernando Okina da AKEko kidea eta txapelketaren antolatzaileetako bat azaldu du bost bikote geratu direla kanpoan, duten azpiegiturak –bi padel kantxak– ez duelako ahalbidetzen bikote gehiagok parte hartzea: "Ia hilabete izaten da eta hori luzatuz gero, sei hilabeteko txapelketa bat izango litzateke eta ezin da. Pista eta denbora gehiago izanez gero, jende gehiagok jokatuko luke. Arrakastatsua izan da".
Okinak final parekatua ikusi du: "Batak zein besteak irabazi zezakeen. Galdu dutenek ere lehen seta berdinduta egon da. Nik uste esperientziak markatu duela apur bat finala, baina edozein aldek irabazi zezakeen". Era berean, herritarrak animatu ditu padel, squash nahiz tenisean izen-ematera.