12:30ean hasi behar zen lasterketa pixka bat atzeratu da. Batetik, Maala-ra auto bat sartu delako eta bidea oztopatzen zuelako, eta, bestetik, omenaldia eskaini diotelako egubakoitzean hil zen Jose Ignacio Elorza 'Joshe'-ren familiakoei. Arrasateko atletismoaren sustatzailea zen, eta, Elorzaren familiakoei aurreskua eskaini diote, une hunkigarria biziz. Mminutu bateko isilunea egin eta berehala hasi da lasterketa herrikoia.
'Joshe' Elorza gogoan
"Aste honetan joan zaigu Elorza. 1969. urtean hau sortu zenean, bera izan zen sortzaileetako bat. Zuzendari ere izan zen, baita entrenatzaile… gure klubean pertsona garrantzitsu bat izan da. Lasterketa aprobetxatu dugu omenaldia egiteko; xumea izan da, nahiz-eta gehiago merezi zuen berak… Horrekin batera, Rafael Romero atleta herrikoia ere aurten joan zaigu eta bera ere gogoraratu dugu. Lasterketari dagokionez, bestalde, berobila izan da. Parte-hartzeam, herriguneko giroa, dena ondo irteteko lanean izan direnen borondatea…", adierazi du Aitor Urizar, Arrasateko Atletismo Taldeko kideak.
Koadrilaka, ondo pasatzera
238 parte-hartzaile izan dira eta ibilbidea urtero egin den antzekoa izan da. Herria beteta egon da, eta animoak ez zaizkie falta izan parte-hartzaileei. Hala, batez ere koadrilaka egitea erabaki dute lagun askok. Hori horrela, koadrilen artean, berriz, honakoa izan da emakumezko koadriletan azkarrenak: Arrasate Atletiko Taldea lehen postuan; bigarrenean, Oinazkarrak eta hirugarren sailkatua Txakalaldia koadrila. Gizonezkoetan, berriz, Arrasate Runners geratu da lehenengo postuan; bigarrenean Keniatas taldea, eta, hirugarren postuan sailkatu dira Babarrunak taldeko kideak. Kuadrila mistoetan, berriz, Team Matumix izan da azkarrena, Barraskimix , bigarren postuan sailkatu da, eta Poteo&Glory-k lortu du hirugarren postua