Sei hilabete dira Arrasateko alkate ohi Ubarretxenak (Urretxu, 1980) kargua hartu zuela, eta ilusioz hartu du eginkizun berria.
Arrasateko Udaletik Gipuzkoako Foru Aldundira. Arrasate eta Deba- goiena ezberdin ikusten dituzu, orain, Donostiatik, lurralde agintaritzako erakundetik?
Bizitza Debagoienean egiten jarraitzen dut, eta uste dut ondo datorrela lurralde ikus pegia izatea. Izan ere, Gipuzkoa Donostia baino askoz gehiago da, eta garrantzitsua da beste bailara batzuk ere badaudela jakitea.
Duela bi hilabete pasa, errepideetan ziklo berriaren oinarriak finkatzeko garaia orain dela azpimarratu zenuen. Nolakoa izango da ziklo berri hori?
Errepideen kontserbazio eta mantentze fasean sartuko gara. Errepideen sare zabala dugu, baina hori guztia mantendu egin behar da. Egitura batzuk zaharrak dira eta beste batzuk euren bizi amaierara iristen dabiltza. Gauza berriak egiteaz gain, haiek birgaitu beharra dago, batez ere, segurtasuna bermatzeko.
Departamentua 2021an hasi zen digitalizazio eta berrikuntza estrategia garatzen. Ze aurrerapauso eman dira gaur egunera arte?
Gure errepideak etorkizun digitalerako prestatu behar ditugu. Esaterako, AP-1 eta AP-8 errepideetan balizak kokatzen gabiltza, eta urte amaierarako amaitzea espero dugu. Horrek bide emango du baliza horiek auto berriekin konektatzeko eta errepideetan gertatzen denaren gaineko informazioa zuzenean autoan jasotzeko. Jasangarritasunari lotuta, CO2 isurketak neurtzeko neurgailuak jarri nahi ditugu. Horrekin, auto bakoitzak isurtzen duena neurtuko da eta horren arabera bidesari ezberdinak ordainduko dira.
Europa mailan erreferente izan gura duzue, eta Lovainan izan berri zara, Europako Batzordeari azken aurrerapenak aurkezten. Zer moduzko harrera izan dute?
Herrialde askotariko hainbat politikari eta teknikari batu ginen, gure lanketak nola dauden erakusteko. Europak Gipuzkoa kontuan hartzea nahi dugu, eta zertan gabiltzan jakitea. Erreferente bezala kontuan hartzea nahi dugu. Bada, aukera paregabea izan zen horretarako.
Debagoienera etorrita, irailean jarri ziren martxan Bergara eta Elosu arteko errepideko zorua eraberritzeko lanak. Zer moduz doaz?
Bide-zorua botatzeko itxaroten ari gara, baina horretarako eguraldi baldintza onak izan behar ditugu. Horiek betez gero, ondo bidean, datorren urte hasierarako amaituta egotea espero dugu.
Martxan dira, era berean, Elgeta eta Kanpanzar arteko errepideko lanak ere. Nola doaz? Noizko amaituta?
Sei bihurgunetan egin ditugun esku-hartzeak amaituta daude, eta han ere bide-zorua botatzea falta zaigu. Laster amaitzea espero dugu.
Kanpanzarko errepidea hobetu eta zabaltzeko lanak ere egin dira. Egindakoekin nahikoa da ala ari zarete besterik aztertzen Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera?
Asko hitz egin zen bere garaian Beasain-Elorrio errepidearen inguruan. Proiektua egin zenetik gaur egunera legealdia aldatu egin da eta bete beharra dago: gaur-gaurkoz, ez lituzke arauak beteko. Horregatik, lanean ari gara Bizkaiko Foru Aldundiarekin, proiektu jasangarria egokitzeko eta errealitate bihurtu ahal izateko.
Arlabango GI-627 errepidean ere badiharduzue lanean. Bukatzetik gertu dago?
Lan batzuk egin ditugu jada bertan. Hurrengo urtekoei begira, lizitaziora atera, lehiaketa egin eta udaberri aldera errepidea hobetzen hasteko asmoa dugu.
AP-1 autobidean, bestalde, Lesarriko tunelean, Bergaran, Gasteizerako noranzkoan sabai zatiak erori ziren iazko azaroan, eta tunela osorik birgaizten diharduzue aurtengo iraila ezkero. Zer moduz doaz lanak eta noizko aurreikusten duzue amaitzea?
Gaur egun, sabaian dagoen materiala aldatzen ari gara, eta datorren udan amaituta egon daitekeela uste dugu, baina, ondoren, beste noranzkoan hasiko gara lan berak egiten. 2026an bi noranzkoak amaituta egotea nahiko genuke.
Zertan ari zarete gaur egun Bergarako artapen zentroan?
Tokia egokitzeko hautua egin zen, eta 2 milioi euroko inbertsioa du. Lehenengo fasean, kanpoko zonan aparkalekuak egokitu genituen, kamioiendako eta bestelakoendako. Orain, barruko zatia egokitzen ari gara.
Zerk eroango du diru zatirik handiena aurrekontu horietan eta, oro har, agintaldian?
Aurrekontuaren zatirik handiena errepideen mantentze-lanetara bideratuko dugu. Ondoren, energiara, besteak beste, tuneletako LED argiteria aldatuko dugulako. Gainontzean, zatirik handiena AP-15eko tuneletako lanek eramango dute.
Neguko Bidezaintza Planaren operatiboa prest dago? Aurreko urteetakoekin alderatuta, bada berrikuntzarik?
Plana prest dago, prest egon behar duelako. Gainera, toki batzuetan elurrarentzako operatibo bereziak ditugu, eta, iaztik, Telegram talde bat ere bai, elurteei buruzko informazioa helarazteko.
Muturreko egoera meteorologikoak gero eta ohikoagoak dira eta eragina dute errepideetan. Bide Azpiegituretako Departamentuaren lan-lerroetako bat da?
Bai. Guri dagokigu errepideen egoera ona izatea eta segurtasuna bermatzea. Baina, era berean, kontrako baldintza meteorologikoak daudenean, ardurarekin gidatu beharra dagoela azpimarratu behar dugu.
Bergara-Beasain tartea ordainpekoa denetik zenbat diru jaso da eta zertara bideratu da?
Iaz, 9,8 milioi euro inguru batu ziren, eta bildutako guztia errepideko mantentze eta birgaitze lanetan erabili da. Halaxe dio, gainera, arau foralak.
2024an Espainiako autobietan bidesariak indarrean jartzea zen asmoa, baina atzeratu egin da hori. Deskargakoa eta AP1 ordainpekoak dira. Badago atzera-bueltarik?
Gipuzkoa horretan erreferente bilakatu da, eta hainbat gobernu nola egin dugun galdezka ditugu. Espainiako Gobernuak atzeratu egin du, baina jarri egin beharko ditu. Horretan Europa oso garbia da.