Santamasetako pilota jaialdirako Uarkapeko harmailak bete egingo dira aurten ere – aste barruan Monte eta Buenuena tabernetako sarrerak agortuta zeuden jada–. Eta, azken urteotan moduan, kantxan bai, baina harmailetan ere ikuskizuna egongo da, jendea jai giroan murgilduta joango da-eta frontoira.
Jaialdiko partidu nagusia Eskuz Binako Txapelketakoa izango da: hain zuzen ere Ezkurdiak eta Tolosak Artolaren eta Imazen kontra jokatuko dute. Eta atariko norgehiagokan, berriz, Bakaikoak eta Elizegik Senarren eta Salaverri II.aren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Asteburuko partiduen zain
Ikusteko dago bi bikote horiek zelan iritsiko diren Arrasateko hitzordura, Artolak eta Imazek gaur, egubakoitza, partidua dute-eta Oiartzunen (22:15, ETB1) Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra. Eta eguaztenean Urretxun Peña II.aren eta Albisuren kontra 22-10 galdu zuten Ezkurdiak eta Tolosak, berriz, Bartzelonan jokatuko dute zapatuan, Altuna III.aren eta Martijaren kontra.
Hain zuen, Ezkurdiak eta Tolosak ezuste ederra eman zuten txapelketa hastearekin batera, lehen jardunaldian multzoko faborito ziren Peio Etxeberriari eta Jose Javier Zabaletari ondo irabazi zieten eta (22-11). Baina hasiera on horri ezin izan diote jarraipenik eman: hurrengo bi jardunaldiak galdu egin dituzte. Edozelan ere, Artola eta Imaz ere ez daude etxafuegoak botatzeko: azken jardunaldian 22-17 galdu zuten Elordiren eta Rezustaren kontra.