Kuadrillen arteko 45. Santamas krosa jokatuko da abenduaren 17an

Mirari Altube Arrese 2023ko abe. 9a, 10:28

Sasoi bateko lasterketa hastear. (Argazkia: Arrasate Atletiko Taldea)

Arrasate Atletiko Taldeak Kuadrillen arteko 45. Santamas krosa, XX. Enrike Kabiketa memoriala, antolatu du abenduaren 17rako, domeka (12:30). Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago.

Izena emateko bi aukera daude: batetik, atletismo taldearen webgunean www.arrasateatletiko.com abenduaren 15era bitartean; eta bestetik, probaren egunean bertan, Biteri plazan. Dortsalak bertan banatuko dituzte ordaindu ondoren.

16 urtetik gorako atletek parte hartu ahal izango dute proba honetan. Eta antolatzaileek adierazi dute eskualde izaera izango duela kuadrillen arteko probak, hortaz, Debagoieneko kuadrillek bakarrik eskuratu ahal izango dituzte sariak.

Proba, eguerdian izango da, 12:30ean hasita. Horren aurretik, 11:00etan, gaztetxoen lasterketak jokatuko dira.

Ibilbidea

Lasterketak 6 kilometro izango ditu eta horretarako hiru itzuli eman beharko dituzte; txiki bat eta bi handi.

Itzuli txikia –lehenengoa– honakoa hau izango da: Garibai etorbidea (aparkalekuaren irteeran); Garibai etorbidea; Garibai etorbidea, bidegorritik atarietako zenbakien goranzko noranzkoan); Maalako biribilgunea; Gipuzkoa etorbidea;  Elmako biribilgunea (180 gradutako bira); Gipuzkoa etorbidea; Maalako biribilgunea (ibilgailuen irteeratik igo); Garibai etorbidea (eskuinera biratu, atarien zenbakien beheranzko noranzkoan); eta Garibai etorbidean, irteera puntua.

Ondoren bi itzuli handi egingo dituzte: Garibai etorbidea; Abaroan (180 gradutako bira); Garibai etorbidea bidegorritik; Maalako biribilgunea; Gipuzkoa etorbidea; Gelmako biribilgunea; Gipuzkoa etorbidea; Maalako biribilgunea; Maalako Errebala kalea (atarien zenbakien beheranzko noranzkoan); Portaloia; Seber Altube; Olarte; Arbolapeta (360 gradutako bira); Olarte; Seber Altube; Portaloia; Erdiko kalea; Arrasate pasealekua; Zerkaosteta; Biteri plaza; Biteri plaza 6; Maalako Errebala (eskuinaldera bira, atarien zenbakien goranzko noranzkoan); Maalako biribilgunea (ibilgailuen irteeratik gora); Garibai etorbidea (eskuinaldera bira, atarien zenbakien beheranzko noranzkoan) eta Garibai etorbidean helmuga (aparkalekuaren irteera puntuan).

Kuadrillen arteko probaren araudia

Antolatzaileek araudia zehaztu dute lasterketarako; hona hemen:

  • 1. Sailkapenari dagokionez, kuadrilla bakoitzeko lehen lau sailkatuek puntuatuko dute, eta proban lortutako puntuak gehituko zaizkie.
  • 2. Kuadrillen, gizonezkoen, emakumezkoen eta mistoen sailkapenak egongo dira. Kuadrilla bakoitzeko, lehen lau sailkatuek bakarrik jasoko dituzte puntuak, gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Kuadrilla mistoen sailkapenean, berriz, kuadrillako lehenengo bi mutilek eta lehenengo bi neskek puntuatuko dute.
  • 3. Lortutako lau postuen batuketan puntuazio gutxien lortzen duen kuadrillak irabaziko du proba.
  • 4. Bi kuadrilla edo gehiago berdinduta egonez gero, kuadrilla horietako laugarren sailkatuaren posturik onena hartuko da kontuan.
  • 5. Kuadrillen arteko proba hau 16 urtetik gorakoentzat baino ez da, eta Debagoieneko kuadrillek bakarrik izango dute saria jasotzeko aukera.
  • 6. Izen-emate prezioa 10 euro da.
  • 7. Irteera eta helmuga Garibai etorbidean izango da.
  • 8. Honako hauek dira probako sariak:
    • Bakarka: lehen bi irabazleei –gizona eta emakumea–, garaikurra.
    • Kuadrillaka –gizonezkoena, emakumezkoena eta mistoa–: hiru taldetan irabazleei, bildots bat; bigarren postuan sailkatutakoei, lau untxi; eta hirugarrenei, bost oilasko.

Sari banaketa 13:30ean izango da Biteri plazan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak