300 akordeoi jotzaile arituko dira abenduaren 8tik 10era, Arrasateko Akordeoi Jaialdian

Miren Arregi Amasorrain 2023ko abe. 5a, 14:39

Abenduaren 8tik 10era, akordeoiaren hiriburu bilakatuko da Arrasate, beste urte batez. Ikasle gaztetxoenetatik hasita, maila goreneko akordeoi-jotzaileetaraino, asko dira jaialdiak hartuko dituen hiru guneetan –Amaia Antzokia, Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturate– entzun ahal izango direnak. Abenduaren 1ean aurkeztu zuten egitaraua, Arrasateko alkate Maider Morrasek eta Hauspoz elkarteko ordezkariek, Kulturaten. Hemen duzue ikusgai egitarau osoa.

XXX. Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi-Lehiaketa, XLIII. Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketa eta XXXV. Gipuzkoako Akordeoi-Jaialdia. Hiru kategoria horiek dira Arrasateko Jaialdiaren baitan egingo direnak. Bakoitza bere izaerarekin, baina guztiak norabide berean. Akordeoiari hauspoa ematen jarraitzea.

Arrasateko Jaialdia goreneko mailan dago. Antolatzaileen arabera, "akordeoi jaialdien artean Arrasatekoa da estatu mailan egiten den garrantzitsuena eta, gainera, Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketa, nazioarteko hiru garrantzitsuenen artean dago, Alemanian eta Italian egiten direnekin batera".

XXX. Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa

Erreferentziazko lehiaketa da kontzertuak eman gura dituzten akordeoilari guztiendako. 30 urteotan Txina, Errusia, Frantzia, Danimarka, Grezia, Portugal, Eslovenia, Eslovakia, Polonia, Ingalaterra... eta beste hainbat herrialdetako akordeoilariek parte hartu dute. Aurten, 17 akordeoi jotzailek hartuko dute parte: Eskoziatik, Txinatik, Serbiatik, Italiatik, Ukrainiatik, Fantziatik, Alemaniatik, Portugaldik eta Espainiatik etorriko dira. Euskal Herriko errepresentaziorik ere ez da faltako, lehiaketan parte hartuko baitu Julen Murga sestaoarrak. Gainera, Musikenen, Euskal Herriko goi mailako musika kontserbatorioan akordeoi ikasketak egiten ari din Jessica Reis portugaldarra ere arituko da lehiaketan.

XLIII Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketa

Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako parte hartzaileak arituko dira talde honetan, haur mailan (14 urtera arte), junior mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) eta senior mailan (18 urtetik gora) banatuta. 26 parte-hartzaile arituko dira eta antolatzaileek esan dutenez, "Espainiar estatuan antolatzen diren akordeoi-lehiaketen artean osoena eta zailena da eta bere pedagogia oinarria goi mailakoa da, kontserbatorioko mailen beharretara egokitua.

XXXV. Gipuzkoako Akordeoi Jaialdia

Izaera hezigarria eta ez-lehiakorra duen jaialdian 246 akordeoilarik hartuko dute parte. Bakarlari, ganbera-musika taldeentzat edota ensenbleentzat da. Hamaika mailaz osatua dago, adin eta ezagutzaren arabera antolatuta.

Beste ekitaldiak

Jaialdiaren parte diren lehiaketez gain, bestelako ekintzak ere izango dira jaialdiak irauten duen bitartean. Esaterako, parte-hartzaileei eta nazioarteko epaimahaikideei eskainitako ongi-etorri ekitaldia abenduaren 8an, egubakoitza, egingo da, 13:00etan, Arrasateko udaletxean.

Aita Menni Zentroan eta Jubilatuen Etxean akordeoi entzunaldiak egingo dira, Julen Murgaren eta Kressimir Lucic-en eskutik. Abenduaren 2an izan zen lehena eta hurrengoa bihar izango da 18:00etan.

Eibarko Musika Eskolako ikasle eta akordeoi irakaslearen eskutik, abenduaren 8an, goizez, kalejira ere egingo da Arrasateko kaleetan.

Akordeoi Jaialdiko sari banaketa, abenduaren 9an, zapatua, izango da, 20:00retan, Amaia Antzokian. Eta Gipuzkoako Lehiaketaren eta Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketaren sari-banaketak, abenduaren 10ean, 20:00retan, Amaia Antzokian baita ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak