Musakolako eguneko zentroaren inaugurazio instituzionala egin dute

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 29a, 16:10

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aita Mennik 90 plazako zentroa ireki dute Arrasaten, adinekoentzat eta garuneko kaltea duten pertsonentzat. Maiatzetik martxan den arren, gaur inauguratu dute ofizialki, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren eta Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuaren bisitarekin.

Musakolako zentroak 60 plaza ditu adinekoentzat, eta 30 garuneko kaltea dutenentzat. Halaber, bereizitako bi gune, gimnasio bat, Etxetek etxerako laguntza teknikoen erakusketa-gune bat, eremu komunak eta bilera-gela bat ditu.

Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu duenez, 90 plaza horietatik 78 Gipuzkoako Foru Aldundiak itundu ditu, eta Gipuzkoako eguneko zentroen sareari gehitu zaizkio. Hala, gaur-gaurkoz, 64 zentro daude Gipuzkoan, 45 udalerritan banatuta, eta 1.872 plaza dituzte guztira.

Gaurko bisitan atera duten argazkia.

Berrikuntza sozialeko zentroa

Diputatuekin batera, Aita Menniko zuzendari Mikel Tellaetxe ere bisitan izan da, eta nabarmendu du Musakolakoa "berrikuntza sozialeko zentro gisa" sortu dela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadarekin. "Horrekin batera, komunitatera hurbildu nahi du, adinekoen mendekotasunaren erronkari elkarrekin heltzeko". Horrekin batera, esker hitzak izan ditu Tellaetxek, "komunitatearen zerbitzura dagoen proiektu hau errealitate bihurtzeko konfiantza izateagatik".

"Kalitatezko zerbitzua" eskaintzen du

Mendozak adierazi du Gipuzkoako udalerrien erdiek baino gehiagok eguneko zentro bat dutela eta herritarrek "asko" eskatzen duten baliabidea dela. Gainera, nabarmendu duenez, "funtsezkoak" dira adinekoak etxean bertan artatzeko estrategiaren baitan. "Adineko hamar pertsonatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi dute, eta nahi horri erantzuteko, eguneko zentroak, mendekotasunerako prestazioekin, etxez etxeko laguntza-zerbitzuarekin eta laguntza teknikoekin batera, giltzarri dira".

Eguneko zentroek kalitatezko zerbitzua eskaintzen dutela azpimarratu du Mendozak. "Eta hori oso garrantzitsua da erabiltzaileek etxean bizitzen jarrai dezaten eta, aldi berean, beste pertsona batzuekiko eta komunitatearekiko harremana indartu dezaten, haien bizi-kalitatea eta zaintzaileena hobetuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak