Doke Antzerki Taldeak hiru izendapen lortu ditu Dulantziko Antzerki Amateur Jaialdian. Izan ere, Maider Alcelay, emakume-aktore onenaren finalista izan da; Xabier Latorre, gizon-aktore onenaren finalista eta Itziar Rosado, bigarren mailako emakume-aktore onenaren finalista.
Alcelayk zera nabarmendu du: "Beti esaten da ez duzula espero, baina zure izena entzuteko deseatzen zaude. Hala, nire izena entzun nuenean poz handia sentitu nuen. Aintzat hartu dute egindako lan guztia eta emaitza ikusi da, jendeari gustatu zaio". Latorrek ere ildo beretik jo du: "Harrituta nago. Maila altuko jendea egon da, estatu osokoak, eta finalisten artean egotea zoragarria da. Horrek animoak ematen ditu lanean jarraitzeko, gauzak ondo egiten ari garen seinale baita".
Alcelayk dio euskaraz egindako lan bakarra izateak balioa ematen diola taldeak egiten duen lanari. "Oso harro gaude Euskal Herrian euskaraz antzezteaz eta horretarako espazioak edukitzeaz. Gure lana horrelako jaialdi batean aurkezteko aukera izatea ikaragarria izan da. Lan boluntarioa da gurea, antzerkiarekiko daukagun maitasunarengatik egiten duguna. Sari bat irabazi edo ez, publikoari gustatu zaiola jakiteak sekulako emozioa sortzen du".
Hemen inork ez du ordaintzen lana hirugarrenez taularatu dute arrasatearrek. "Antzezlan bat egin ahala hobetzen da eta aurrez bi emanaldi bakarrik eginda, bageneukan beldur puntu hori. Hala ere, oso ondo joan zen guztia".
Familia bat da Doke
Ibilbide luzea duen taldea da Doke, 22 urte baitaramatzate lanean, eta lagunarte bat bezala definitzen dute. "Ia familia bat bezalakoa da guretzat. Dulantzira ere hamabost bat lagun joan ginen, eta beste talde gehienek bizpahiru ordezkari izan zituzten. Horrek erakusten du gure taldearen batasuna", dio Latorrek.
Emanaldi gehiago gura dituzte
Oraingoz, Arrasaten, Aretxabaletan eta Dulantzin antzeztu dute azken lana, eta Dulantzitik indartsu itzuli dira, emanaldi gehiago egiteko gogoz. "Gure asmoa da berriro udalekin harremanetan jartzea eta ea datorren urtera begira emanaldi gehiago egiteko aukera daukagun. Oraingoz ez dugu erantzunik jaso, baina ea animatzen diren".
Antzezlanari dagokionez, modu honetan laburbildu du Alcelayk: "Krisi ekonomiko larri batean kokatzen da istorioa eta bi emakumek ahal duten guztia egiten dute aurrera egiteko, fakturak ordaindu eta eguneroko elikagaiak lortzeko. Kritika sozial handia daukan obra bat da, baina umorez kontatuta. 70eko hamarkadan idatzitakoa den arren, gaur egungoa ere izan daiteke, bizi dugun testuinguruagatik".