Kulturateko aretoa lepo bete da 'Cuelgamuros y la historia inexplicable'-ren aurkezpenean

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 24a, 11:45

Debagoieneko Ezker Kultur Guneak eta Lafec.org-ek antolatuta, Cuelgamuros y la historia inexplicable dokumentalaren aurrerapen bat eskaini dute Kulturateko areto nagusian eta han izan dira, besteak beste, Pepe Galan zuzendaria eta Julieta Perez produktorea.

Kanpanzarko harrobian grabatu dituzte sekuentzia batzuk, Erorien Haraneko nabea nola eraiki zuten birsortzeko. Horretarako, gainera, 30 bat debagoiendar aritu dira figurante moduan. Perezek nabarmendu du "zoragarria" izan dela grabaketa. "Hainbat boluntariok hartu dute parte, garai hartako jantzi eta tresnekin, eta benetan ikusgarria izan da. Gainera, grabazio guztia zuri-beltzera pasatu dugu eta oso sinesgarri geratu da. Pentsa, historialari batek galdetu digu ea nondik atera ditugun nodoko irudi horiek".

Produktoreak aitortu du hunkitu egin dela grabaketan herritarren partetik sumatu duen konpromisoarekin. "Sekulako elkartasuna antzeman dut, kontzientziazio maila oso altua, boluntario guztien partetik, eta horrek asko hunkitu nau, bene-benetan".

Jose Mari Palacio, Julieta Perez eta Pepe Galan, atzoko saioan.

Ikus-entzunezkoak Cuelgamuroseko Haranean –2022ra arte Erorien Harana izan zen horretan– gertatuak kontatzen ditu, Monasterioko eskolanian bizi izan zen mutiko baten begietatik. Hain zuzen, Pepe Galan bera da mutiko hori. "Franco palioaren azpian joaten zenean, haren aurrean joaten ziren umeetako bat nintzen ni. Orain, hirurogeitaka urteren ostean, memoria arloko dokumentalgile moduan egin dudan ibilbidea itxi gura izan dut lan honekin".

Cuelgamuros haranari buruz ezohikoa den perspektiba batetik hitz egiten du dokumentalak, zuzendariaren esanetan, beharrezkoa den perspektiba batetik, alegia. "Esplikaezina da Erorien Harana existitu izana eta esplikaezina da, dokumentalaren hasieran adierazten dudan moduan, gaizki kontatu den historia hori guztia, kontatu izan denetan".

Justizia eta erreparazioa ezagutu gabe hil diren horien omenez egin du dokumentala Galanek, aitortu duenez, eta Kulturaten aurkeztutakoa aurrerapen bat baino ez da izan. Hala, datorren urtean argitaratzea gustatuko litzaiokeela nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak