Euskararen kontrako oldarraldia gaitzetsi du udalbatzak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 8a, 10:46

EH Bildu, Elkarrekin Arrasate eta EAJ-PNV udal taldeek aurkeztu dute mozioa eta alderdi sozialistak aurkako botoa eman du. Halaber, sozialistek aurkeztutako mozioa ere onartu du udalbatzak, klima-aldaketari aurre egiteko hainbat neurri eskatzen dituena.

Arrasateko udalbatzak euskararen aurkako oldarraldi judiziala gaitzesteko mozioa onartu du azaroko ohiko osoko bilkuran, baina ezin izan dute erabateko adostasuna lortu. Izan ere, EH Bildu, Elkarrekin Arrasate eta EAJ-PNV aurkeztu dute, baina sozialisten bi botoak aurkakoak izan dira. "Demokrazian, epaileen eginkizuna legeak interpretatzea da. Epai bakoitza modu autonomoan irakurri behar da eta epai horiek ez dira erabili behar alderdikerietarako. Sozialistok ez gaude prest langile batek euskaraz ez jakiteagatik bere lana galtzeko. Enplegu duina bermatu behar dugu, eta hori da sozialiston lehentasuna", adierazi du Johanna Sanchez zinegotziak.

Kepa Urteaga EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu du EH Bildu beti egongo dela euskararen alde. "Hainbat urtez euskararen alde lanean aritu izan direnek egindakoa goraipatu egin behar da. Joan den zapatuan Bilbon ikusi genuena eredu polit bat da ikusteko non gauden eta norantz joan gura dugun euskararen eskubideei dagokienez, eta beti borrokatuko gara horren alde. Pena da erabateko adostasuna lortzerik ez dugula izan".

Ander Garay jeltzaleen bozeramaileak ere mozioa onartu izana balioetsi du: "Pozgarria da hiru alderdi ados jarri garela. Uste dugu euskara erasotzen ari direla. EAJ euskara eta Euskadi defendatzeko jaio zen duela 128 urte, eta horretan jarraituko dugu. Pozgarria izan zen Bilboko manifestazioak izan zuen erantzuna. Euskaldunok eskubidea daukagu euskaraz hitz egiteko eta euskaraz artatuak izateko eta horren aurkako edozein epai irmoki gaitzetsiko dugu".

Klima-aldaketari aurre egiteko hainbat neurri

Era berean, alderdi sozialistak aurkeztu duen aterpe klimatikoei eta espazio publikoak birnaturalizatzeari buruzko mozioa ere onartu du udalbatzak, aldeko hogei botorekin eta aurkako bakarrarekin. "Edukiarekin ados egon arren, moduekin ez dugu bat egiten, eta horregatik bozkatu dugu aurka", azaldu du Elkarrekin Arrasateko Eva Avuinek.

Mozioa onartuta, udalerriko "benetako espazio berdeari" buruzko azterketa bat egiteko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak, baita bero boladetan aterpe klimatiko gisa balio dezaketen espazioak identifikatu eta egokitzekoa ere. Horrekin batera, espazio berdeak areagotzeko konpromisoa ere hartu du eta Musakolan ur-parke bat egitea aztertzekoa ere bai.

Urteagak dio "guztiz ados" daudela Arrasate "berdeago" baten beharrarekin. "Joan den agintalditik martxan dauden hainbat esku-hartze egiten jarraitzen dugu, zuhaitz landaketak eta bestelakoak. "Ur-parkeari dagokionez, azterketa egingo dugu, baina kontuan hartu behar dugu egun ditugun biek nahi baino kontsumo handiagoa dutela. Beraz, ondo aztertu beharko dugu kontsumo hori nola jaitsi daitekeen. Beraz, hirugarren parke bat egitea bideragarria eta jasangarria baldin bada, egingo dugu, bestela ez".

Garayk, bestalde, orain arte egindakoari jarraipena ematea ona dela azpimarratu du. "Azken urteetan autoak erdigunetik atera ditugu, oinezkoen eta bizikleten mesedetan, eta hainbat zuhaitz landaketa ere egin ditugu, ur-parkeak jartzeaz gain. Norabide horretan egiten diren pausoak onak dira herriarentzako".

Kaleak garbitzeko kontratua luzatuko dute

Bestalde, kale-garbiketako kontratua luzatzeko proposamenak ere aurrera egin du, EAJren "aldeko boto kritikoarekin". Izan ere, Garayk "kezka" azaldu du pleguak oraindik ez daudelako prest. "Azaroan gaude eta oraindik ez dira mahaigaineratu pleguak. Oso kontratu konplikatua izan da azken urteetan, esleipena asko luzatzen delako. Hori dela eta, arduratuta gaude, 2024ko iraila iritsi eta kontratua esleitu gabe egon daitekeelako. Gustatuko litzaiguke gaur pleguak onartu ahal izatea".

Urteagak erantzun dio, "hain konplikatua" baldin bada, joan den agintalditik lan hori aurreratuta egon beharko litzatekeela. "1,5 milioi euroko plegu batzuei buruz ari gara eta ondo aztertu behar dira xehetasun guztiak, ezin dira egun batetik bestera landu. Kontratua urtarrilean bukatzen da eta bederatzi hilabeteko luzapenarekin oraindik badugu denbora pleguak ondo lantzeko". Abuinek zera gaineratu du: "Gestio txarra leporatu digute, baina haiena izan da gestio txarra. Pleguak berrituta, aztertu gura dugu nola egon daitezkeen garbiago gure kaleak".

Ikastetxeetako ordezkariak, eztabaida iturri

Debagoieneko Mankomunitateko hainbat informazio batzordetako eta Arrasateko hainbat ikastetxetako udal ordezkarien izendapena ere onartuta geratu da, baina jeltzaleek "azken urteetako kontsentsua" apurtu izana salatu dute. "Penaz hartu dugu EH Bilduk aldebakarrez erabaki izana haiek bakarrik egotea hezkuntza komunitateko ordezkari gisa. Historikoki, alderdi guztiak egon gara ordezkatuta".

Urteagak erantzun dio kontsentsua joan den agintaldian apurtu zela. "Planteatu genizuen ordezkariak beste eremu batzuetara zabaltzea eta ez zenuten onartu. Orduko hartan zuen proposamenak egin zuen aurrera eta orain gureak, baina kontsentsurik ez zegoen lehendik ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak