Olatz Prat: "Gazteak gonbidatu gura nituzke, bereziki, saiora"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko urr. 31a, 13:09

Literatura emanaldi musikatua ikuskizuna egingo dute Joseba Sarrionandiak, Joxe Mari iturraldek, Iñar Sastrek, Anne Etchegoyenek eta Olatz Pratek azaroaren 3an, egubakoitza, 19:30ean, Juan Arzamendio Musika Etxeko auditoriumean. Arrasate.eus atarian daude eskuragarri sarrerak, hamar eurotan.

Goienak eta AED elkarteak antolatu dute "euskararen eta euskal kulturaren transmisioa oinarri duen" ikuskizuna, bazkideendako eta interesa duten guztiendako. Musika eta literatura uztartzen ditu Literatura emanaldi musikatua ikuskizunak; Olatz Prat (Azpeitia, 1984) kazetariak eta musikariak gidatuko du.

Zelako ikuskizuna da?

Betidanik uztartuta egon diren bi genero dira musika eta literatura, eta uztarketa hori aprobetxatu nahi izan dugu, gure xumetasunetik, Joseba Sarrionandia eta Joxe Mari Iturralde bi literatura munstro batuta, denok horietaz gozatzeko, bai literatura eta bai musika aldetik.

Nondik eta zergatik abiatutako proiektua da?

Tolosako Lizardi Kultura Elkarteak eta Galtzaundi Euskara Elkarteak sortutakoa da. Euskal literaturari buruzko hitzaldiak antolatzen dituzte, eta hasierako planteamendua izan zen piano-jotzaile batekin errezitaldia konbinatzea. Pixkanaka forma hartu zuen eta hitzaldi soil hartatik osatu zen emanaldi hau. Urtarrilaren 27an estreinatu genuen Tolosan, arrakastaz; harrezkero hiru emanaldi egin ditugu, eta urte bukaera bitartean zortzi gehiago eskaniko ditugu herri ezberdinetan.

Zelako egitura du?

Ordu eta erdiko iraupena du eta zati ezberdinak ditu: badu literatura irakurritik, hau da, Sarrionandiak eta Iturraldek euren hainbat testu irakurriko dituz- te musikak lagunduta; abestiak edo poema musikatuak ere badira, eta idazleekin tertuliarako tartea ere bai. Euskaraz eta euskal literaturari buruz egingo dugu modu ezberdinetan berba, publikoak egin ahal ditzakeen galderetatik, idazleen anekdotetatik edo nik proposatuko ditudan gaietatik abiatuta.

Bi idazleez gainera, hiru musikari izango zarete taularen gainean.

Hala da; Iñar Sastre sentiberatasun handiko Irurako piano-joleak jazz doinu gozoekin jantziko ditu idazleen irakurketa tarteak, eta Anne Etchegoyen Donapaleuko ibilbide handiko musikariak eta biok euskal literaturak eman dituen askotariko pieza ezagunak abestuko ditugu; esaterako, Izotz ondoko eguzki izenekoa kantatuko dugu ikuskizunaren bukaeran.

Polita litzateke ikusleek ere hitza hartzea eta zuekin batera abestera animatzea, ezta?

Bai horixe! Aukera aparta da bi autore handi hauekin batera gure hausnarketa pertsonalak partekatzeko.

Nor nahiko zenuke JAMEko emanaldira gonbidatu?

Denentzako zabalik dagoen emanaldia dela esango nuke; izan daiteke euskara edo literatura mundutik datozenentzat eta garai bateko kantuekin konektatzea nahi duten helduentzat ere egokia, baina, bereziki, gazte jendeari luzatu nahi nieke gonbidapena, euskal literaturan fokua jarrita, nondik gatozen ezagutzeko gure historiako askotariko pasarteetan murgilduta. Tamalez, literaturarekiko lotura galtzen ari da belaunaldi gazteetan, eta beti dago ondo euskal literaturaren leiho honetara gerturatzea.

Euskara maila jasoa beharko litzateke saioa egoki jarraitzeko?

Ez zait hala iruditzen. Modu lasaian egiten dugu berba tertuliaren tartean, baina edozer gauza edo zalantza argitu beharrik izanez gero, ez da arazorik izango. Saioan zehar hitza hartzen ausartzen ez dena, ikuskizuna bukatutakoan, hurbildu dadila guregana lasai asko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak