Arrasateko Udalak dagoeneko osatu ditu udalerriko bost auzo-alkatetzak. Ohi moduan, udal hauteskundeetan auzo bakoitzean izandako emaitzen arabera osatu dituzte auzo-alkatetzak ere. Maider Morras Arrasateko alkateak azaldu duenez, herrian "mugarri garrantzitsua" da alkatetza horien eratzea, herritarren parte-hartzea "indartzeko" prozesuan. "Konpromiso irmoa adierazten dute herritarren ahotsarekin eta partaidetzarekin, tokiko erabakiak hartzerakoan".
Era berean, alderdi politiko bakoitzak auzoetako alkatetzetan bere ordezkaritza izendatu du, "udalerriko aniztasuna islatuz". Aste honetan gauzatu dute prozesua eta, ordezkariak izendatu ondoren, auzo bakoitzeko alkatea hautatu dute bozketa demokratikoaren bidez, "auzo-organo horien legitimitatea eta ordezkagarritasuna bermatuz".
Modu horretan, Erdiguneko auzo-alkatea Eneko Fernandez izango da (EH Bildu); Musakolakoa, Ione Arizabaleta (EH Bildu); Santa Marinakoa, Victoriano Fuentes (PSE-EE); San Andreskoa, Pepi Gorosabel (EAJ-PNV), eta Uribarrikoa, aldiz, Ion Petreñas (EH Bildu).
Herritarrak entzuteko tresna
Herritarrak entzutea eta haiek parte hartzeko gune eta tresna izatea da auzo-alkatetzen helburua, Morrasek adierazi duenez. Hori dela eta, daukaten garrantzia azpimarratu du: "Auzoetako alkatetzak bizilagunen parte-hartzea areagotzeko tresna izatea nahi dugu, herritarrak entzun eta udalarekin bitartekotza egitea. Auzo bakoitzari dagozkion aukerak eta arazoak identifikatzeko elkarrizketa-tresna izatea nahi dugu. Beraz, hurbileko tresna izango da, iritziak eman eta udal-jarduera ezagut dezaten. Gainera, herritarren beharrak identifikatzen lagunduko digu".
Hala, Udal Gobernuak konpromisoa hartu du herritarren parte-hartzea indartzen jarraitzeko, "tokiko gobernuaren eta arrasatearren arteko lankidetza estu eta eraikitzailea sustatuz".
Terrazen ordenantza eta TAO sistema
Alkatetza horiek "eraginkorrak" izan daitezen, Udalak Auzoetako zinegotzia ezarri du, Mikel San Miguel, hain zuzen, eta lehen bi proiektu parte-hartzaileak azaldu ditu: "Auzokideen iritzia entzun gura dugu. TAO sisteman egin beharreko hobekuntzak eta tabernetako terrazei buruzko ordenantza sortzea garrantzi handikoak dira gure udalerriarentzat. Bizilagunen eta ostalaritzako profesionalen arteko adostasuna dugu helburu, bizikidetza hobetzeko".
Landa-eremuko auzoek, Gabonetan
Herriguneko auzo-alkatetzak osatuta geratu diren arren, landa-eremuko auzoak falta dira oraindik: Meatzerreka, Udala, Bedoña, Gesalibar eta Garagartza. Horiek Gabonetan berrituko dituzte alkatetzak.