Literaturari buruz, soinuz

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko urr. 25a, 13:21

Gozamenaren bidez transmisioan ere eragin daitekeelako, puntako sortzaileen ikuskizuna izango da Arrasaten azaroaren 3an, 19:30ean, JAMEn. Goienak eta AED elkarteak –Arrasateko euskara elkartea– antolatuta, musika eta literatura uztartuko dituen ikuskizunaz gozatuko dute.

Puntua aldizkariaren 384. zenbakian argitaratutako kultura ataleko edukia da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Literatura emanaldi musikatua eskainiko dute: Joxe Mari Iturralde eta Joseba Sarrionandia literatura arloaz arduratuko dira; Iñar Sastre eta Anne Etchegoyen musika arloaz; eta Olatz Prat musikari eta kazetaria koordinaziolanetan arituko da. Ikuskizunean euskal literatura izango dute hizpide, hainbat formatutan; kanturako, solasaldirako, eta testu eta poesia errezitaldirako tartea izango da ikuskizunean.

Bazkideekiko detailea

Goienak eta AEDk euren bazkideak mimatu eta zaindu gura izan dituzte. Izan ere, ikuskizuneko sarrerak prezio berezian erosteko aukera izan dute euskara elkarteko bazkideek eta Goienakideek –7 eurotan–; ez hori bakarrik, merkeago erosteaz gain, erosteko lehentasuna ere izan dute. "Euskaltzale hauek bultzatzen dute Goiena edo AED moduko proiektu bat. Justiziazkoa da, eskerrona bueltatzea", azaldu du Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari Iban Arantzabalek. AEDko dinamizatzaile Itxaro Artolak ere ildo berean hitz egin du: "Guk ohitura dugu herrian antolatzen ditugun ekitaldietan gure bazkideei prezio berezia eskaintzeko; uste dugu hori zor diegula".

EUSKAL HERRIAN EZAGUNAK DIREN ARTISTAK IGOKO DIRA JAME-KO OHOLTZARA AZAROAREN 3AN

Sarrerak dagoeneko, denen eskura daude 10 eurotan, Arrasate.eus atarian. 

Puntako sortzaileak

Euskal literatura eta musika uztartuko dituzte Euskal Herrian ezagunak diren hainbat artistak azaroko emanaldian. Literatura arloan puntako sortzaile diren Joxe Mari Iturralde (Tolosa, 1951) eta Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) izango dira oholtza gainean. Urteetako adiskidetasuna dute bi idazleek: Pott banda literarioa sortu zuten Bilbon, 1977an, beste zenbait sortzailerekin batera. Ikuskizuneko arlo literarioaz arduratuko dira, eta euskal literaturako testu eta poesia esanguratsuen errezitaldia egingo dute. Euskal literaturari buruzko saioan musika ere sartuko dute. Musika arloaz arduratuko dira Iñar Sastre (Irura, 1986) musikaria eta piano-jotzailea eta Anne Etchegoyen (Donapaleu, 1980) abeslaria. Ikuskizunak izango dituen zati ezberdinak koordinatuko ditu Olatz Prat (Azpeitia, 1984) musikari eta kazetariak. Euskal autore asko izango dituzte hizpide: Lizardi, Atxaga, Pott banda… Eduki polita prestatu dute, eta ilusio handiarekin, gainera. Ikuskizuna Tolosan sortu zuten urte hasieran, eta, harrera beroa izan zuenez, beste herri batzuetara zabaltzea erabaki dute.

Komunitatean eragiten

Azaroaren 3ko emanaldia elkarlanean antolatutakoa da. Izan ere, bai Goiena eta baita AED ere komunitateko parte dira eta zeregin horretan eragiten jarraitu nahi dute. Arantzabalek azaldu du elkarlanaren ideia: "Goiena ez da informazio emaile hutsa. Komunitateko parte da; eta komunitatea kulturaz zipriztintzeko beti prest dago. Gehiago, kasu honetan bezala, AED ondoan izanda, Goienaren jabekide bat". "Aspalditik genuen Goienarekin elkarlanean ekitaldiren bat antolatzeko gogoa, baina orain arte ez dugu aukerarik izan. Tolosan sortutako ekitaldi hau Arrasaten eskaintzeko aukera sortu zenean Goienarekin pentsatu genuen, eta egia esan komentatu eta berehala jaso genuen baiezkoa", dio Artolak.

EDONORK ESKURA DITZAKE IKUSKIZUNEKO SARRERAK 10 EUROREN TRUKE,  'ARRASATE.EUS' ATARIAN

Halako ikuskizun bat Arrasatera ekartzea elkarlanaren hasiera moduan definitu du Goienako zuzendariak: "Oraingoan literatura eta musika batzen dituena da, baina izan bedi hasiera bat. Emanaldi honekin oparia egin nahi izan diegu, lehenik, Goienakide eta AEDkideei; ondoren, interesa lukeen edozeini". Euren bazkideei eta, orokorrean, herritarrei egindako "opari" baten moduan definitu dute aukera. Euskaltzaleak direnendako eta euskararen alde militantzian dihardutenendako opari berezia. Arantzabalek literaturzaleei eta musikazaleei gomendatuko lieke ikuskizuna; gainera, Arrasateko musika eskola berrian izango dela nabarmendu du: "Literaturazaleen grina pizteko, nahikoa da Sarrionandia eta Iturralde etortzea. Bi izen handi dira. Emanaldi honetan gertuko ikuskizun musikatua jasoko du ikusleak. Eta zelako musika! Luxua da. JAMEn, gainera. Bertatik bertara gozatzeko leku aparta Arrasaten".

Artolak argi du euskal kultura eta euskara eskutik doazela: "Lotuta dauden bi borroka dira. Ez da euskal kulturarik egongo euskara ez baldin badago indartsu; eta, alderantziz". Kalitate handiko sortzaileak daudela nabarmendu du, eta dio horrek prestigioa ematen diola euskal kulturari.

Goienak komunitatean eragiten jarraitu nahi du: "Geuk sortuak zein elkarlanean eraikiak. Berritzaileak zein ez. Kulturakoak bereziki, baina ez bakarrik. Goiena agente aktiboa dela ikusiko da, eta ez bakarrik formatu komunikatiboetan, baita aldaera fisikoan ere. Dagoenari enbarazurik egin barik, neurtuta, baina aurrerantzean ikusiko ditugu gehiago ere. AEDrekin elkarlana oso erraza eta naturala izan da. Ez dadila azkena izan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak