Ane Zabala: "Jendea ilusionatu izanak poztu nau gehien"

Xabier Urtzelai 2023ko urr. 20a, 08:20

Hiru Haundiak irabazi ondoren jaso dituen zorion mezuek erakutsi diote Ane Zabalari (Arrasate, 1973) lasterketa horrek zer oihartzun duen; ez du baztertzen bi urte barru txapela defendatzea.

Distantzia luzeko lasterketetan egin duen debutean Hiru Haundiak moduko proba bat irabazteko gai izan da Ane Zabala (Arrasate, 1973). Garaipena lortu eta biharamunean, hainbat mendi lasterkarirekin batera denboraldia agurtzeko egiten duten ohiko bazkariaren aurretik erantzun ditu GOIENAren galderak. Ez du herrenik, ez du aparteko giharretako minik. Murutik buelta bat emanda etorri da hitzordura.

Zapatuan, lasterketa irabazi berritan, ez zenuten Arrasatera itzultzeko presarik izan...

Ez, kuadrilla ederra joan ginen hemendik Hiru Haundiak lasterketa egitera, eta helmuga gurutzatu eta sari banaketa ondoren, gainontzeko lagunen zain geratu ginen Araian.

Zelakoa da halako lasterketa baten osteko biharamuna?

Bada, kristorena [barreak], oraindik laino baten gainean nago, sinistu ezinda, egia esateko.

Zer egin duzu gaur goizean?

06:00etarako esnatu naiz, baina pentsatu dut gaurkoan ez nintzela gauez kalera irten behar. Lasai gosaldu dut, txakurra hartu eta Murura joan naiz apur bat paseatzera eta gorputza zelan neukan ikustera. Gozatu egin dut gaur ere, lasai, inguruko paisaiez gozatuta.

Zer sentitu zenuen Araian helmuga gurutzatzerakoan?

Inondik inora espero ez nuen gauza bat zenez... Ezustean harrapatu ninduen denak. Halakoetan sentitzen dena sentitu nuen; aurpegi ezagunak eta ezagunak ez direnak ere helmugan ikusten dituzu irribarrez, txaloka, zu animatzen, eta bihotza irauli egiten zaizu. Orduak neramatzan mendian, baina momentu horretan nekeak eta halakoak joan egiten dira. Jendea momentu horretan horren pozik ikusteak asko betetzen du kirolaria; ez dago momentu hori eskertzeko modurik.

Eguraldiari begira egon zineten aste barruan...

Bai, lasterketa asko alda daitekeelako, eta niretako berria zelako dena. Isi –Caballero– lagunarekin batera hasi nuen lasterketa, eta hura oso lehiakorra da. Etengabe esaten zidan hau eta beste egin genezakeela, erritmoa bizitzeko... Eta nik lasai egoteko esaten nion [barreak]. Zoritxarrez, 30. kilometroan min hartu zuen, eta erretiratzea erabaki zuen, eta momentu horretan oso bakarrik sentitu nintzen. Gaua luzea egiten da halakoetan; egunsentia noiz iritsiko zain nengoen. Zorionez, Isi bera eta baita etxekoak ere batera eta bestera ibili ziren anoa postuetan laguntzen. Landan, esaterako, ondo jatera derrigortu ninduten, eta eskertu egin nuen gero; oraindik asko geratzen zen.

Non konturatu zinen lehenengo emakumezkoa zinela?

Anbotoko kontrolean. Ordura arte ez nintzen jabetu lehenengoa nintzenik. Badakizu jendea aurretik doala, beste asko atzetik... Baina lehenengoa nintzenik, ideiarik ere ez.

Eta aldatu zuen horrek lasterketa enfokatzeko modua?

Ez, kilometro asko dira eta garbi nuen nire erritmora joan behar nuela, halako probetan ez dudalako eskarmenturik. Distantzia luzeko lehenengo lasterketa izan da zuretako.

Ikusten duzu zure burua distantzia hauetan?

Distantzia motzagokoekin alderatuta, lasterketa hauek ezberdinak dira; beste modu batean jokatu behar duzu. Bat egiteko kapaz izan naiz; ez dakit gehiago egingo ditudan, baina distantzia polita iruditu zait.

Bi urte barru txapela defendatzea tokatuko zaizu...

Oraindik urrun ikusten dut, baina zergatik ez? Lehenengoa egiteko kapaz izan banaiz, espero dut bigarrena ere amaitu ahal izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak