Lehen emanaldiak urtarriletik maiatzera arte eskaini genituen, eta udan etenaldi bat eginda, urriaren 7tik daroagu bigarren aldikada honekin. Gogotsu gaude; bigarren bira honetarako bi pieza berri prestatu ditugu, horietako bat Gu ta Gutarraken bertsioa. Tokian tokira eta egunean egunera moldatzen ditugu emanaldiak, horrela bizi-bizi mantentzen ditugu.
Berezitasun gehiago ere badaude, ezta?
Musikatik badauka baina ez da kontzertua, antzerkitik badauka baina ez da antzezlan bat... Gure neurrira pentsatu eta ondutako ikuskizuna da; ikus-entzunezko bertsoak direla esaten dut nik. Kultur kezka eta jakin-mina duen saltsero batentzat aproposa da. Bereziki bertsozalea ez den jende dezentek gozatu du, baita oso musikazaleak ez diren bertsozaleek ere.
Nitik abesten dituzu gai sozialak. Zergatik?
Nitik kantatzea zintzoa delako. Baina beti bilatzen dut gainerakoei balioko dien eta artistikoki interesgarriak diren kontuak esan eta egitea. Hala, ikuskizunean ni hori plurala eta konpartitua bihurtzen da. Hortik dator Anonyme Popular izenaren jokoa. Inor Elortza Aranoa esaten dut kantu batean, ni, zu eta beste batzuk daudelako tartean. Adiskidetasuna, eguneroko bizimoduan barrutik garenaren eta kanpotik antzezten dugunaren arteko distantzia, gaur egun gizon izatea, euskal gatazka, pandemia garaia... hainbat gai lantzen ditut horrela.
Oholtzan ere ez zaude bakarrik.
Hitzei musika garaikidea jarri die Rafa Ruedak, eta hura alda- menean izaten dut, baita Alvaro Olaetxea musikaria ere. Bestetik, Jose Lastra soinu teknikaria eta Gaizka Izagirre argi eta proiekzio teknikaria daude. Eszenaratzean, gainera, Oier Zuñiga aktorearen laguntza jaso dugu. Eta ikusiko diren irudiak Kulturaz kooperatibako DAPA sortzaileenak dira.