Dokea emakumeei zabaldu gura diete, "ondare bizi gisa iraun dezan"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 17a, 12:51

Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, doke jokoa emakumeei zabaltzeko egitasmoa aurkeztu dute Arrasate Zientzia Elkarteak eta SUDC elkarteak. Bide horretan, zapatuan egingo dute lehen urratsa, Zaldibar frontoiaren ondoko zelaian, 11:00etan. Izan ere, emakumeei zuzendutako doke partidak jokatuko dituzte.

Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, doke jokoa emakumeei zabaltzeko egitasmoa aurkeztu dute Arrasate Zientzia Elkarteak eta SUDC elkarteak. Jardunaldi horien baitan, urtero egiten du ekintzaren bat zientzia elkarteak, Arrasateko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta aurtengoan dokean jarri dute fokua, "ondare bizi gisa iraun dezan", Ondarea bizirik! baita aurtengo jardunaldien lema. "Dokea bizirik dago Arrasaten baina, orain arte, gizonezkoek jokatu izan dute. SUDC elkarteari esker, urtero egiten dute txapelketa, Aste Santuan", azaldu du Jabier Bengoak, Arrasate Zientzia Elkarteko kideak.

Historikoki gizonek praktikatu izan duten jokoa izanik, ondare hori emakumeei transmititu gura diete eta, bide horretako lehen urratsa zapatuan egin gura dute. Hala, nagusiki emakumeei zuzendutako doke partidak egingo dituzte, Zaldibar pilotalekuaren ondoko berdegunean, 11:00etan hasita. Hori dela eta, deialdi berezia egin diete emakume arrasatearrei. "Hutsune bat dagoela ikusi dugu eta Arrasateko emakume guztiei dei egiten diegu zapatuan Zaldibarrera joan daitezen", dio Bengoak.

Askorentzat lehen aldia izango denez, hainbat moldaketa ere egingo dituzte araudian. Monteazpiko zelaian jokatzen dutenean, hamar metro luze eta bi metro zabal ditu joko eremuak eta, kasu honetan, bost luze eta bi zabal den eremuan jokatuko dute. Horrez gain, barru deituriko eremua ere handiagoa izango da.

Izena emateko bi bide egongo dira, 943 23 20 21 telefonora deituta edo kultura@arrasate.eus helbidera idatzita. Edozelan ere, zapatuan bertan Zaldibarren ere eman ahalko da izena. Bengoak nabarmendu duenez, zapatuko deialdiak izaten duen erantzunaren araberakoak izango dira aurrera begirako pausoak ere. "Emakumeak dokean jokatzeko prest eta gogotsu daudela ikusten badugu, horri jarraipena emateko prest gaude. Ikusiko genuke nola egin", gaineratu du.

SUDC elkarteko presidente Juan Luis Arkauzek azaldu du garai batean umeen txapelketa egiten zela baina, geroz eta parte-hartze baxuagoa zuela-eta, bertan behera utzi zutela. Hala, emakumeen txapelketa bat ere egin daitekeela uste du, baldin eta zapatuko deialdiak erantzun ona badu.

Dokearen jatorriaz

Arrasate Zientzia Elkarteko kideek adierazi dute ez dagoela oso garbi dokeak noiz eta non duen jatorria. Jose Angel Barrutiabengoa AZEko kideak dioenez, baliteke XIX. mende bukaeran sortu izana. Arrasateri dagokionez, 1950eko hamarkadan berreskuratu zuen SUDC elkarteak eta ordutik urtero egiten dute txapelketa, esan moduan, Aste Santuan. Arkauzek dio Aste Santuko txapelketan emakumeek ere parte hartu izan dutela, baina gutxiengoa direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak