Arizmendi ikastolako Lanbide Heziketako Mikroinformatika zikloko ikasle eta irakasle taldea, Berrerabilpen eta Prestakuntza Zentroa (BPZ) proiektuan lanean aritu da azken ikasturteetan. Duela bi urte abiatu zuten ekimen honetan, enpresa zein norbanakoen ordenagailu zaharrak jaso eta gobernuz kanpoko erakunde ezberdinen bitartez dohaintzan eman, edo prezio sinboliko batean saldu egiten dituzte.
"Gure nahia Arizmendi ikastola bezala, ordenagailu batzuk Saharako eskola batera bidaltzea da, hango ikasleek erabili ditzaten, eta bide batez, arrakala digitala gutxitzeko", adierazi zuen ekitaldian, Beñat Irazabalek, PRO egitasmoaren zuzendariak, Lanbide Heziketan, Arizmendi Ikastolan.
Senidetze honetan hasierako urratsak adoste aldera, Arizmendi Ikastolako Zuzendaritzako zein BPZ proiektuan lanean ari diren kideek ongi-etorria egin zioten, astelehenean, Fronte Polisarioak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariari, eta, bera ere ilusioz agertu zen elkarlanarekin. Hala azaldu zuen Mohamed Fadel Brahim Ahameden, Fronte Polisarioak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak: Gaur ekintza eta plangintza plana zehaztuko dugu alderdi solidario horretan parte hartzeko. Oso garrantzitsua da, izan ere, Saharako eskoletan laguntza hori behar da; sistema eguneratuagoa txertatu nahi badugu, lan egiteko modu berri bat da, eta laguntza handia behar da horretarako, bai prestakuntzan, bai bitartekoen existentzian. Egia esan, borondate ona dago, eta ildo horretan eskola honen zuzendaritzarekin lan egingo dut".
Proiektuaren helburua Saharako ikasleei laguntzea izanda, horretarako, ordenagailu batzuk egokitzen ari dira, Saharar Herriak Argeliak utzitako lur zati batean duen eskola batera bidaltzeko. Horiekin lanean ari ziren ikasleengana ere hurbildu ziren bisitan, eta, proiektu honez gain, beste hainbat proiektu ere badituztela martxan adierazi zuen Irazabalek.
Proiektu berriak
Aurretik izan dituzten proiektuetatik berriak ere loratu dituztela azaldu dute Arizmendi ikastolako kideek: "Etorkizun hurbilean, aipatutako Saharar herriko eskolari, Seaskari zein Senegaleko Gandiol herrian kokatuta dagoen beste eskolara batera ordenagailuak bidaltzea da ekimen honen asmoa. Lan guztia, gainera, ikasleek egiten dute, eta, proiektuek aurrera eramateko Arizmendik pertsona ereduak oso definituta ditu; ekintzaileak izango direnak, eraldatzaileak, eta nolabait kooperatiboak".
Eskerrak proiektuan parte hartu dutenei
Bide horretan ikasleak ari direla lan guztia aurrera eramaten adierazi zuen Beñat Irazabalek, eta proiektuan parte hartu duten guztiei eskerrak emateko aprobetxatu zuen. "TE Connectivity, Aranzadi Ikastola, Ederlan, Goizper, Koniker, Batz, EMUN, Oñati Gestio Heziketa, Mondragon Lingua, DomusaTecnic... Proiektuak aurrera jarrai dezan BPZkoentzat oso garrantzitsua da inguruko norbanako, erakunde, kooperatiba zein enpresekin zubiak eraikitzen jarraitzea, eta hainbat erakunderekin elkarlanerako urratsak ematen hasiak gara; Danobat, Koniker, Elkartenet, EMUN... Eta sare hau hedatzen jarraitzeko lanean jarraitzen dugu".