Komunitatea ehunduz lelopean ospatuko dute aurten Bibliotekaren Eguna, eta hori da, hain zuzen, Udal Bibliotekako zuzendari Asun Agirianok nabarmendu gura izan duena. "Liburutegia ez da liburuak gordetzeko biltegi bat, baizik eta pertsonak elkartzeko gune bat. Herritarren arteko elkarrizketak sustatzeko eta kultura sustatzeko egiten dugu lan, eta antolatu dugun egitarauak ere helburu hori izango du", dio.
Bide berri bat ireki gura dutela gaineratu du Agirianok, "beste mota bateko tailerrak" antolatuz, "ez dadin izan beti literatura edota liburuekin zerikusia duena". Bide horretan, bi ekintza berezi egingo dituzte Bibliotekaren Egunaren baitan.
Batetik, urriaren 16an hasita, haurrentzako filosofia tailerra egingo dute, 8 eta 11 urte artekoei zuzenduta. "Moda-modan dagoen jarduera bat da, azken batean, filosofia modu ludiko batean erakusten duena. Ikastetxe askotan praktika hau bultzatzen dute, pentsamenduak suspertzeko jolasak eginez. Filosofia hitz potoloa da eta batzuei beldurra eragingo die, baina jolastea da, finean", azaldu du Agirianok. Lau saio egingo dituzte, Kulturaten bertan, urriaren 16an eta 30ean eta azaroaren 13an eta 27an, 17:00etan hasita. Jakinmin elkarteko bi kidek gidatuko dituzte tailerrak.
Bestetik, Santa Marinako bibliotekan, Steam tailerra egingo dute, familiei bideratutakoa. Urriaren 20an izango da hori, 17:00etan hasita. "10 eta 14 urte arteko gazteentzat da eta heldu batekin etortzea eskatzen zaie. Helburua da gazteak zientzia eta teknologiara hurbiltzea, senide eta gazteek teknologiarekin esperientzia positiboa izan dezaten". Deustuko Unibertsitateko irakasle Mari Luz Goenagak gidatuko du tailerra, eta ordu eta erdiko saioa izango da. Hiru jolas egingo dituzte tailerrean.
'Anonyme Popular', hilaren 20an
Urriaren 20an, era berean, Anonyme Popular emanaldia egongo da Kulturateko areto nagusian, 20:00etan. Igor Elortza bertsolari eta idazlearen eta Rafa Rueda musikariaren proiektua da, inprobisazioa eta aurrez landutakoa uztartzen dituena, eta "guztiz gomendagarria" dela azaldu du Udal Bibliotekako zuzendariak. "Otsailean Oñatin egin zuten emanaldiaz gozatzeko aukera izan nuen, eta harrezkero ibili gara ikuskizun dotore hau Arrasatera ekarri nahian". Hala egin dute eta, beraz, arrasatearrei dei egin diete aukera baliatzeko. Doakoa izango da.
Giza bibliotekan, sei errealitate
Urriaren 24an, giza biblioteka egingo dute bibliotekako hemerotekan, 18:00etatik 20:00etara. "Bibliotekaren Egunean bertan egingo dugu, eta indar berezia jarri dugu ekintza honetan. Arrasatearren bizipenak eta esperientziak jaso gura ditugu, ez bakarrik liburuetan daudenak, baita inon jaso gabekoak ere". Modu horretan, elkarrizketa irekiak egingo dituzte sei herritarrekin, askotariko gaiak landuz: liztor asiarrarekin dagoen arazoa, transexualitatea, ekintzailetasuna, saharar errefuxiatuen errealitatea, autismoa eta zuhaitzen egoera.
Haurrentzako poesia ere bai
Egitaraua borobiltzeko, azaroaren 2an, Poltsikorako poemak poesia kontakizuna eskainiko dute Saroa Bikandik eta Amaia Egidazuk, 4 urtetik gorakoentzat. Kulturateko areto nagusian izango da, 18:00etan.
Jarduera guztietan parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez, Udal Bibliotekan edo Arrasate.eus webgunean.