Udazken betea dute AEDn, urteurrena borobiltzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 10a, 19:51

40. urteurrena du aurten Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta, udaberriko erakusketaren ostean, ekintzaz betetako udazkena prestatu dute urtemuga ospatzen jarraitzeko asmotan. Ni eta nitarrak bakarrizketak irekiko du egitaraua, hilaren 22an.

Ekainaren 1ean abiarazi zuten AEDren 40. urteurreneko egitaraua, AED, 40 urte Arrasate euskalduntzen erakusketarekin. Orain, udazkenarekin batera, "kultura eta jaia ardatz izango dituen ekintza sorta" aurkeztu dute. Lau hitzordu nagusi izango ditu udazkeneko egitarauak, eta Ni eta nitarrak bakarrizketa saioaren estreinaldia izango da horietako lehena. AEDren enkarguz Maria Oses arrasatearrak idatzitako lana da, "arrakasta helburu duen jendarte honetan txarto moldatzen den pertsonaia" batean oinarritutakoa. "Arrakasta ezaren aurrean, mediokritatearen xarma deskubritu eta hartaz gozatzen ikasten ari den pertsonaia da", azaldu dute AEDtik. Iholdi Beristain aktoreak gorpuztuko du pertsonaia hori, eta Juan Arzamendi Musika Etxean estreinatuko dute emanaldia, urriaren 22an, 19:30ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko, zazpi eurotan, Arrasate.eus webgunean. Estreinaldiaren ostean, Euskal Herrian zehar bira bat egingo dute antzezlanarekin.

Azaroan, hiru emanaldi

Egitarauarekin jarraitzeko, "puntako sortzaileak" dituzten hiru proposamen prestatu dituzte azarorako. Batetik, azaroaren 3an, 19:30ean, literatura emanaldi musikatua egingo dute Juan Arzamendi Musika Etxean, GOIENArekin lankidetzan, eta Joseba Sarrionandia eta Joxe Mari Iturralde idazleek, Anne Etchegoyen abeslariak, Iñar Sastre musikariak eta Olatz Prat kazetari eta musikariak hartuko dute parte ikuskizunean. Sarrerak dagoeneko salgai daude AEDko bazkideentzat eta Goienakideentzat, 7 eurotan, udal webgunean. Halaber, urriaren 20tik aurrera edonork erosi ahal izango ditu, 10 eurotan.

Azaroaren 8a, berriz, gogoetarako baliatuko dute, Kulturateko areto nagusian 19:00etan hasita egingo duten proiekzio eta solasaldiarekin. Lehenik, Lanartea elkarteak ekoiztutako Loreak belaunetan: kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala proiektatuko dute eta, ostean, euskal sortzaileen egoeraz eta lan baldintzez gogoeta egingo dute, Eneko Barberenak gidatuta, Lanartea elkarteko Amagoia Gurrutxagarekin eta dokumentalean agertzen den Oihana Arana bertsolari eta idazlearekin.

Azaroko azken saioa Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok? hitzaldi musikatua izango da, Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak eskainiko dutena, hilaren 23an. Kulturolan egingo dute, Udal Euskaltegian, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango den arren, aurrez izena ematea komeni da, aed@aedelkartea.eus-era idatzita. Hainbat galdera erantzuten saiatuko dira saioan, esaterako, hauek: "Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Zein eragin (izan) dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imajinarioan?".

Azken jaia, abenduaren 2an

Azken jaiarekin itxiko dute egitaraua, eta, azaldu dutenez, aurrerago emango dituzte jai horren inguruko xehetasunak. "Edozelan ere, aurreratu dezakegu goizetik gauera egongo dela zer gozatu. Tartean, baba-jana Uarkape frontoian, umorez eta musikaz borobilduta".

Topagunearen kongresua Arrasaten

Egitarautik harago, aipatzekoa da Euskaltzaleen Topagunearen hirugarren kongresua Arrasaten egingo dutela, azaroaren 18an, Juan Arzamendi Musika Etxean. "AEDrentzat ohorea da euskara elkarteen mugimenduaren hurrengo urteetarako bide-orria zehaztuko den kongresua herrian hartzea, zer eta elkartearen 40. urteurrenean".

Erlazionatuak

AEDren 40.urteurreneko ekitaldiak berbagai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023 urr 11 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak