Zergek eta tasek %4ko igoera izango dute 2024an

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 4a, 10:43

Oro har, %4 inguruko igoera izango dute zergek eta tasek eta oposizioak aurka bozkatu du, igoera horren beharrik ez dagoela argudiatuta. Halaber, EAJko Ibon Arrupek, Amaia Zeziagak eta Xabier Arrizabalagak zinegotzi kargua hartu dute eta Stop Kaleratzeak plataformaren mozioak ere aurrera egin du.

Arrasaten %4 inguruko igoera izango dute, oro har, zergek eta tasek, 2024an, udalbatzak hala onartuta. Joseba Ezpeleta Ogasun zinegotziak azaldu du "arduratik abiatuta eta arduratik egindako proposamena" aurkeztu diola Gobernuak udalbatzari: "Errazagoa izango litzateke mantentzea, baina ez dugu egingo. Aurrera begiratu behar dugu eta epe ertainera begira ditugun beharrei erantzuten dien proposamena da honakoa".

Era berean, argi utzi gura izan du egoera zaurgarrian dauden familiak eta arazo ekonomikoak dauzkatenak ez dituztela ahaztu. "Zergak ordaindu ditzakeenak ordainduko ditu eta ordaindu ezin dituenari lagundu egingo diogu, dirulaguntzen zein hobarien bitartez".

Jeltzaleek zein sozialistek aurka bozkatu dute. Ander Garay jeltzaleen bozeramaileak argudiatu du ez dela beharrezkoa herritarrei zergak igotzea, Udalak badaukalako diru poltsa bat gordeta. Bide beretik jo du sozialisten bozeramaile Aritz Muruak ere. "Ia bost milioi euroko superabita daukagu. Ez genituzke zergak eta tasak igo beharko".

Kepa Urteaga EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu du igoera beharrezkoa dela kalitatezko zerbitzua bermatzeko eta Eva Abuin Elkarrekin Arrasateko zinegotziak gaineratu du diru-sarrera handiak dituztenek gehiago ordainduko dutela eta arazo ekonomikoak dituztenek, aldiz, ez dutela ordainduko, "dirulaguntzak eta hobariak daudelako". 

Igoera orokorra

Oposizioak aurka bozkatu arren, onartuta geratu dira 2024ko ordenantza fiskalak eta aurrera egin du Gobernuaren proposamenak. Beraz, %4ko igoera izango da, esaterako, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan eta Ondasun Higiezinen Zergan. Azken horretan, familia ugariendako hobariak izango dira.

Halaber, %50eko errekargua aplikatuko zaie "ezohiko" etxebizitzei, hau da, Gipuzkoako Katastroan etxebizitza erabilera duten eta subjektu pasiboaren edo hirugarren baten ohiko etxebizitza ez diren alokatu gabeko ondasun higiezinei.

Era berean, ibilgailu txikiei ez zaie igoerarik aplikatuko, baina bai ibilgailu ertainei eta handiei, %4koa eta %5ekoa, hurrenez hurren. Halaber, hobariak izango dituzte ibilgailu elektrikoek eta hibridoek, zerga kuotaren %95eko eta %75eko hobariak, hurrenez hurren. Ibilgailu historiko gisa katalogatutakoek, azkenik, %100eko hobaria izango dute.

Hiri-lurren gaineko balioa gehitzearen gaineko zerga ere %4 igoko da eta 10 eta 15 urte arteko karga-tasak, aldiz, %10eko igoera izango du. Eraikin, instalazio eta obren gaineko zergan ere hainbat hobari izango dira. Baserrietako birgaitze obrek, adibidez, %90eko hobaria; baserrietan teilatua konpontzeko obrek, %95ekoa edota babestutako etxebizitzetako birgaitze lanek, %50ekoa. Horiez gain, askotariko hobariak egongo dira energia berriztagarriak sustatzeagatik, pertsona ezinduen irisgarritasuna xede duten obretan eta abarretan.

Bestalde, Ezpeletaren esanetan "oso defizitarioak" diren zerbitzuen kasuan, %5eko igoera aplikatuko da, hala nola, hilerriaren zerbitzua, edateko uraren hornikuntza eta saneamendua, azpiegitura hidraulikoen tasa, kontagailuak mantendu eta kontserbatzeko tasa, hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzuaren tasa.

Gainontzeko hauetan, aldiz, igoera %4koa izango da: etxez etxeko zerbitzua, tutoretzapeko etxebizitza zerbitzua, azoka, Udal Euskaltegia, ingurumen hezkuntzari buruzko jarduerak, ibilgailuak bide publikotik eramateko eta ibilgailuok zaindu eta ibilgetzeko zerbitzua, TAOren tasa, adinekoentzako jantoki zerbitzuagatiko tasa, hautaketa prozesuetan parte hartzeko tasa eta Garagartzako ortu ekologikoen zerbitzuaren tasa.

Kiroldegiko tarifetan ere aldaketak egongo dira, %4ko igoera orokorrarekin, eta, berrikuntza gisa, 65 urtetik gorakoendako urteko abonu tasa egongo da.

Hiru zinegotzi berri

Bestalde, EAJko Ibon Arrupek, Amaia Zeziagak eta Xabier Arrizabalagak zinegotzi kargua. Uztaileko osoko bilkuran Maria Ubarretxenak, Jon Apraizek eta Asier Muxikak uko ekin zieten zinegotzi karguei eta haien ordez sartu dira berriak.

Katearen Loturakek mozioa erretiratu du

Bestalde, Katearen Loturak elkarteak mozio bat zuen aurkeztuta, Gizarte Ongizate batzordean nahasmendu dualari buruzko mahai bat sortzea eskatzen zuena, baina erretiratu egin du, Udal Gobernuak hainbat konpromiso hartu dituelako. "Osasun mentalaren zaintzaren politikak aurrera eramatea, patologia dualen inguruko formazioa eta ezagutza zabaltzea, elkarteen eta udalaren harremana sendotzea eta mantentzea eta lan-ildoak elkarrekin diseinatzeko konpromisoa", azaldu du Maider Morras alkateak. 

Kaleratzeak Stop plataformaren mozioa, onartuta

Bestalde, Arrasaten, alokairuen prezio altuak direla eta, tentsio handiko eremuak izendatzeari eta horietan estatuko etxebizitzaren legeak ezartzen dituen mugak gauzatzeari buruzko mozioa aurkeztu du Kaleratzeak Stop plataformak. Juan Luis Merino plataformako kideak hartu du berba eta etxebizitza eskubidearen aldeko borrokaren garrantzia nabarmendu du. "Bide luzea dugu oraindik egiteko, etxebizitzarekin daukagun arazoa larria da. Beraz, Arrasateko Udalari eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari eska diezaion Arrasate tentsio handiko eremu izendatzeko".

Urteagak zera nabarmendu du: "Arrasaten etxebizitzarekin daukagun arazoa larria da eta ados gaude mozioak eskatzen duenarekin". Era berean, Johanna Sanchez sozialistak eta Elkarrekin Arrasateko Eva Abuin ere ados azaldu dira, aldeko botoa emanez. Ander Garay jeltzaleak, bestalde, estatuko etxebizitza legeak Euskadiren eskumenak ukatzen dituela argudiatu du eta, beraz, jeltzaleak abstenitu egin dira.

Sozialisten eskaera

Galdera eta erantzunen tartean, Johanna Sanchez sozialistak hartu du berba, Udal Gobernuari eskaera bat egiteko: "Tokiko ekonomia eta enplegua batzorde berean daude eta bakoitzak bere batzordea izatea eskatzen dugu. Oso arlo garrantzitsuak dira biak eta bakoitzak bere lekua izan beharko luke. Oso zaila egiten zaigu modu honetan lan egitea".

Urteagak zera erantzun du: "Aurreko agintaldian kultura eta euskara ere batera egiten genituen eta batzar luzeak izaten genituen astero. Gaiak tratatzen badira, berdin dio batzorde bakarrean edo bitan egitea. Batzorde guztiek dute garrantzia bera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak