'Txatillo': "Patroi ohia, ezkertiarra, agnostikoa eta abertzalea naiz"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 29a, 10:00

Esteban Altuna semeak Jose Antonio Altuna. Conversaciones liburua argitaratu du, aitaren bizitzaren errepaso zabala egiten duena. Hori aitzakiatzat hartuta, protagonistarekin elkartu da GOIENA eta askotariko kontuak izan ditu berbagai, bai kameren eta mikrofonoen aurrean, baita horietatik kanpo ere.

1937ko maiatzaren 10ean jaio zen Jose Antonio Altuna Txatillo, Gernikako bonbardaketatik bi astera, Arrasateko Magdalena kaleko 16. zenbakian (egungo Maalako Errabala). Egun, 86 urterekin, eta izen batzuk gogoratzen ez baditu ere, zehaztasun handiz kontatzen ditu urte horietan guztietan bizi izandakoak.

Pozik zaude semeak liburuan jaso duenarekin?

Bai, oso pozik, nire bizitzaren zati bat ahalik eta ondoen kontatzea lortu dudalako, gezurrik gabe. Liburuan esaten ditudan gauza guztiak egiak dira, eta ikusi dut niri interesatzen zaidan jendeak oso ondo hartu duela.

86 urtek askorako ematen dute. Harro zaude egindakoaz?

Gauza batzuetaz bai, eta beste batzuetaz ez. Edozelan ere, ez dut ezer gorde eta nire sentimenduak etorri zaizkidan moduan azaldu ditut, nahiz eta gauza batzuk gogorregiak iruditu. Ezin dut onartu gezurrik esatea. Badakit gogorra izan naizela, baita familiarekin ere, baina nik bizi izandakoa kontatu gura izan dut.

"Nik bizi izandakoa kontatu gura izan dut eta guztia egia da; ezin dut onartu gezurrik esatea"

Nola definituko zenuke zure burua?

Patroi ohia naiz, enpresako nire akzio guztiak semeenak baitira jada. Bestalde, ezkertiarra, agnostikoa eta abertzalea naiz.

JMAra joateko ohiturarik baduzu?

Ez askotan. Gerenteak deitzen didanean edo bisitan. Egia da, berezia den makina berriren bat-edo ekartzen badute, abisatzeko eskatzen diedala. Betidanik izan dut gustuko tailerra eta oraindik ere hala da. Beti ikasten duzu zerbait. Anekdota moduan, garai batean, gure giltzak danbor handi batzuetan batzen genituen, narruarekin eta zerrautsarekin, apur bat leuntzeko. Zarautzen, tailer txiki batean, ikusi nuen obrako oratzailea goitik zulatuta egiten zutela, modu berezi batean, eta hori ere ekarri genuen gurera. Egun, asko modernizatu da guztia.

Inbertitzeak daukan garrantzia nabarmentzen duzu askotan.

Jose Maria Arizmendiarrietak beti galdetzen zidan ea enpresako akziodun nagusia zein zen. Nik erantzuten nion nire aita zela, Alejandro, eta zera erantzuten zidan: 'Dibidenduak egonez gero, zure aita ez da izango kobratuko duen lehena, enpresa bera baizik'. Inbertsioei buruz ari zen, noski, eta guk hori ondo ikasi genuen, hitzez hitz hartu izan dugu beti. Inbertitu, inbertitu eta inbertitu.

Arizmendiarrieta aipatu duzu. Ze pisu izan zuen hark zure bizitzan?

Handia. 1941ean iritsi zen Arrasatera, zigortuta. Lovainara (Belgika) joatekoa zen, Gizarte Zientziak ikastera. Baina Lauzurika gotzainak gorriak zigortu gura izan zituen eta, Jose Luis Iñarrarekin batera, Arrasatera ekarri zuten. Beti esaten dut egun hartan Arrasateri loteria tokatu zitzaiola.

"Arizmendiarrieta Arrasatera etorri zenean, herriari loteria tokatu zitzaion"

Haren gomendioak jarraitu arren, bide propioa egin zenutela diozu.

Bide propio hori familia da. Nire aitak 23 urte pasa zituen Union Cerrajeran lanean, leuntzaile moduan, eta familiako lantegian ere zeregin bera hartu zuen. Giltzen gaineko lantegi bat irekitzeko asmotan ari zen, eta, garai hartan, Facundo Uriartek egiten zituen giltzak. Esperientzia handia zeukan. Hala ere, gu, apurka-apurka gure negozioarekin hasi ginen.

Arizmendiarrietari esker murgildu zinen familiako negozioan, Eskola Profesionala utzita.

Bai, hala da. Ni San Viatorren aritu nintzen 14 urtera arte, eta, egunero, ikastetxera joan aurretik, aitak eta anaiak jarritako etxeko lantxo batzuk egiten nituen. Gero, Eskola Profesionalean bi urte egin nituen, baina ikasketak utzi eta Ferixalekuan genuen lantegira joan nintzen.

Zer da zuretzat JMA gaur egun?

Galdera ederra egin didazu. Ez dakit nola esan; bete ditut amets guztiak. Gainera, bide ederrean doa JMA. Lantegi inportante asko ikusi ditut erortzen. Beraz, nire amets handiena da JMAk aurrera egitea, baina ez irauteagatik; baldintza duinetan izan dadila. Arizmendiarrietak hau ere esaten zidan: 'ezkerrekoa izatea partekatzea da'. Eta hori ere hitzez hitz bete dugu. Era berean, Europako lehen enpresa gara giltzen sektorean. Ez dago espainiar bat bera ere guk egindako zerbait ez daukana, eta frantziarrak ere gutxi izango dira. Anekdota bat: gure gerenteari Otalora jauregian esan zioten munduko autoen %10 Mondragon Taldeak egindakoak direla. Gure kasuan, munduan ekoizten diren autoen %30ek guk egindako piezaren bat dute.

Union Cerrajeraren argazki bat aurkituko dugu liburua irekitzean.

Nola ez. Transformadore metalikoen Espainiako lantegi inportanteena izan zen garai hartan. 2.000 langile izan zituen, tren propioa ere bai, Bergaratik Arrasateraino zetorrena, eta ekoitzitako guztia saltzen zuen. Lan asko sortu zuen. Gerra ostean, Mondragoek 9.000-10.000 biztanle inguru zituen, eta nik udaletxea utzi nuenean, 1979an, 26.600 ziren. Egun, 22.000 gara, eta hutsunea migratzaileek bete dutelako da hori; bestela, are gutxiago izango ginateke. Lehen moduan, orain ere derrigorrez behar dugu migrazioa. Garai batean, Arrasatetik autobusak ateratzen ziren langile bila.

Luis Balanzategiri esker hasi omen zinen euskalduntzen...

Elmako guardia zen bera eta arratsaldetan gurera etortzen zen. Elkarrizketa sakonak izaten nituen berarekin, eta euskaraz oso ondo egiten zuen. Nik, justu-justu, kalean ikasi bainuen euskara. Halaber, nik uste nuen euskaraz egiten zuten guztiak EAJkoak zirela, eta berak esan zidan sozialista zela. Asko irakurtzen zuen eta oso gizon zentzuduna zen. Gerrari buruzko azalpen garbi bat eman zidan, besteak beste, eta harekin izan nituen elkarrizketak oso aberasgarriak izan ziren niretzako. Seguruenik, gainera, euskalduna izaten hasteko lehen pausoak hor egin nituen, espainola bainintzen orduko hartan [barreak].

Gurasoek ez zizuten euskara irakatsi?

Alde horretatik, oso haserre nago haiekin. Izan ere, haien artean euskaraz egiten zuten eta anaia nagusiari ere bai. Etxeko beste hiruroi, ordea, gaztelaniaz. Euskaraz eginez gero, gainera, zigortu ere egiten gintuzten. Edozelan ere, banituen euskaraz zekiten lagunak eta lehengusuak, eta kalean ikasi nuen euskara. Nik ere interesa jarri nuen ikasteko.

"Kalean ikasi nuen euskara; gurasoek gaztelaniaz egiten zidaten, haien artean euskaraz egiten zuten arren"

1970ean sartu zinen udaletxean.

Arizmendiarrietak behin eta berriz errepikatzen zigun udaletxean sartzeko. Sinetsita zegoen gauzak aldatuko zirela eta hala izan zen, apurka-apurka, udaletxean sartzen hasi baikinen.

Nola gogoratzen duzu hasiera?

Ilusioz egiten genuen lan. Zoritxarrez, oso garai zailak izan ziren, tentsio handikoak. Gainera, diru gutxi, urik ez… Edozelan ere, jende zintzoa eta langilea izan nuen ondoan.

Ur-hornidura eta ikastola ziren erronka nagusietako bi.

Bai. Arazo handia zen garai hartan. Pentsa, alkate nintzela, udan, egunean ordubetez baino ez neukan ura etxean. Bestalde, demokrazia iristearekin batera, San Viatorko fraideak bidali egin genituen handik eta ikastola ezarri genuen han.

"Ur-hornidura arazo handia zen; pentsa, udan, egunean ordubetez bakarrik neukan ura etxean"

1977an jarri zenuten lehenengoz ikurrina udaletxeko balkoian.

Alkate nintzeneko unerik politena izan zen, amnistiarekin batera. Gerora, ETAren amaierarekin sentitu nuen poza ere halakoa izan zen. Unerik tristeenak, aldiz, bizi izan nituen hemeretzi hiletak, Iñakiren [Etxabe] heriotza, tiroketak eta mehatxuak izan ziren.

Ikurrina, lehenengoz, udaletxean

1977ko urtarrilaren 19an jarri zuten lehenengoz ikurrina Arrasateko udaletxean, besteak beste, Alkateen Mugimendutik egindako borrokaren eta lanaren ondorioz. Alkate zeneko momenturik politenen artean kokatzen du Txatillo-k egun hura, urte berean lortu zuten amnistiarekin batera. Aipatzekoa da, halaber, 1976tik 1979ra, ez zela alderdi politikorik egon ordezkatuta udalbatzan; guztiak herritar independenteak ziren. "Urte haietan, udala alderdi politikoei entregatzea pentsatzen ari ginen, baina herritarren babes zabala jaso genuen eta guk jarraitu genuen agintean 1979ko hauteskundeak iritsi arte", dio Txatillo-k.

Borroka armatuaren aurka egon izan zara beti.

Ez dut inoiz ezkutatu hori. Alkateen Mugimenduaren baitan, Xibertako elkarrizketetan izan ginen eta hamahiru talde ezberdinek osatu genuen mahaia, guztiok euskaldunak. Txomin [Iturbe] beti izan dut lagun eta besteak ere ezagunak nituen. Hasi aurretik esan nien ni borroka armatuaren aurkakoa nintzela eta beti errespetatu izan didate; ez dut inolako arazorik izan. Bilera horiek fruiturik eman ez zuten arren, beste liburu bat idazteko ere ematen dute.

Rodolfo Martin Villa eta Marcelino Oreja Espainiako ministroekin ere harremana izan zenuen.

Bai, eta gerora ere mantendu izan dut. ETAko kide izandako batzuek badakite zenbat mesede zor dieten bi horiei. Egia esan, min handia hartu nuen Arrasateko udalbatzak Martin Villa persona non grata izendatzea onartu zuenean. Udaletxean geundenean, haiek ministro zirela, enkargu pertsonal bat nuen haiengandik. Arazoren bat izanez gero, Guardia Zibileko konfiantzazko hiru pertsonarengana jotzeko eskatu zidaten, beste inorekin ez zirela fidatzen. Nirekin, behintzat, ondo portatu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak