30 urteko ibilbidea ospatuko du Ttakun txalaparta elkarteak

Hasier Larrea 2023ko ira. 28a, 13:34

Urte berezia ari da izaten Arrasateko Ttakun txalaparta elkartearentzat; sorreratik hiru hamarkada bete ditu. Aurtengo ospakizun ekitaldiei ginga jarriko diote zapatuan, ibilbidean zehar ikastaroetan parte hartu duten 500 arrasatearrak gonbidatuta.

Kidez eta animoz osasuntsu dago Ttakun elkartea, iraganean egindakoekin harro eta datorrenari itxaropentsu begira. Dozena bat lagunek ematen diote hauspoa gaur egun, "inoizko kopuru handienak", Gorka Zubizarreta txalapartariaren esanetan. Baina bidelagunak askoz gehiago izan dituzte, "ikastaroetan parte hartu duten 500 arrasatear inguru", eta denekin batera ospatu nahi dute, 30 urtez enbor beretik lelopean, zapatuan, hilak 30, urteurreneko programazio bereziaren bukaera.

2023an zehar presentzia nabarmena izan dute herri-mailan, auzo-jaietan txalaparta ikastaroak, Iturrieta sagardotegian Txotxparta eguna edota Udalatx tontorreko saioa antolatuta, baina bailaratik kanpo ere utzi dute aztarna; besteak beste, Algortan omenaldia jaso zuten egindako ibilbideagatik, eta Faltzesko txalapartariekin elkartrukea borobilduko dute zapatuan bertan.

Sustraietatik mundura

"Instrumentu primitiboa" da txalaparta Zubizarretaren iritziz, "jotzeko erraza eta entzuteko indartsua". Ezaugarri horiek laguntzen diote "kultura txiki honi mundu globalizatuan bizirauten". Ttakunen belaunaldi gazteengana heltzea dute helburu, eta, bide horretan, beste aurrerapauso bat eman dute, Oiartzungo Soinuenea fundazioaren eskutik: "Bertako kideek Ttakun izeneko app-a diseinatu dute, txalapartak duen idazkera propioa paperetik programa informatiko batera eramanda; hala, pieza ezberdinak artxibatu eta elkarbanatzea lortu dute, modu errazean irakurtzeko", azaldu du.

Aplikazioarena txalapartariek euren burua berrasmatzeko duten gaitasunaren beste adibide bat da. Merezi du gogoratzea Ttakun elkartekoek egin dituzten askotariko kolaborazioak: "Garaian garaiko kideek RIP, MCD, Ekon eta Maurizia eta Fasioren zuzenekoren batean jo izan dute, baita Hertzainaken 564 kantuko doinuak grabatu eta Errementari dantza eta Txerri dantza-ren sorreretan parte hartu ere".

Denak gonbidatuta

Biharko ekintzen artean bada bat 30 urte hauei keinu egiten diena: "Arratsaldeko kalejiran, ibilbide osoko ikastaroetan ibilitako ehunka lagunek hartuko dute parte, uztalditan banatuta; 93ko, 2003ko eta 2013ko hamarkadetakoek saio bana egingo dute tabernetan, eta Ttakun elkartea sortzeko hazia jarri zutenek ere bai, Arrasaten lehen ikastaroa 1990ean egin baitzen".

Herritar orok gozatzeko moduko egitaraua zehaztu dute:

  • • 11:00etan diana, Goikobalu, Altamira eta San Kristobaletik.
  • • 12:00etan tailer herrikoia eta saio libreak Herriko Plazan.
  • • 13:00etan irrintzilarien erakustaldia Herriko Plazan.
  • • 14:30ean herri bazkaria Jaizale elkartean.
  • • Kalejira, txalaparta saioekin: 17:30ean Taupan, 18:00etan Iluntzen, 18:30ean Iratin eta 19:00etan Arrasate tabernan.
  • • 20:00etan Kimu taldearen kontzertua Herriko Plazan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak