"Erakargarria eta askotarikoa" izango da Pertsona Nagusien Astea

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 21a, 11:04

Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta, Pertsona Nagusien Astea egingo dute irailaren 25etik urriaren 1era. Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren harira prestatutako aste osoko egitaraua izango da, laugarrenez egingo dutena, eta "erakargarria eta askotarikoa" den programa prestatu dutela adierazi dute kontseiluko kideek.

Pili Iriarte Arrasateko Nagusien Kontseiluko presidenteak nabarmendu duenez, "erakargarria eta askotarikoa" izango da egitaraua, arrasatear guztiekin partekatu gura dutena. "Gainera, programa osatzen duten eragile eta parte-hartzaile gehienak arrasatearrak dira eta horri ere ematen diogu garrantzia", gehitu du.

Halaber, esker bereziak izan ditu honako eragile hauendako: Arrasate Musikal, Arrasate Zientzia Elkartea, Bastida akademia, Arizmendi Ikastola, Sasoibide, Ibai-arte, Arrasateko Udal Biblioteka eta Arrasateko Udala. "Horiek gabe, ez litzateke posible egitarau zabal hau". 

Programari dagokionez, aste osokoa izango da, irailaren 25etik urriaren 1era arte. Hain zuzen ere, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna da urriaren 1a eta egun horretan borobilduko dute Pertsona Nagusien Astea.

Elkarlanari esker, askotariko ekintzak

Irailaren 25ean, astelehena, aurkezpen ekitaldia egingo dute Kulturaten, Jokin Etxebarria kazetariak aurkeztuta. 17:30ean hasiko dute eta, lehenik, Abaroa abesbatzaren emanaldia egongo da. Gero, Imanol Kerejetak Acumular experiencia hitzaldia egingo du eta, ostean, Arrasate Musikaleko beteranoen emanaldia izango da. Azkenik, kontseiluak prestatu duen bideo bat proiektatuko dute. Anton Herrarte Abaroa abesbatzako zuzendaria eskertuta azaldu da egitarauaren parte izateagatik: "Pozik etorriko gara. Aurten gutxiago izango gara, baina ahal dugun guztia egingo dugu eta, beti bezala, gure konpromisoa beteko dugu ahalik eta ondoen".

Arrasate Zientzia Elkartearen eskutik, bestalde, Arrasateko leku enblematikoak ezagutzeko ibilaldia egingo dute martitzenean, 10:00etan Biteri plazatik abiatuta. Arratsaldean, berriz, Iñaki Peña medikuak La etica de los cuidados hitzaldia egingo du Kulturateko areto nagusian, 17:00etan hasita.

Eguaztenean, ardo eta urdaiazpiko dastaketa egingo dute Bastida akademiako Sartei tabernan, 12:30ean. Bost ardo mota izango dituzte dastatzeko eta, parte hartzeko, tiketa eskuratu beharko da, 10 euroren truke. Arratsaldean, Kaittin Allendek bakarrizketa saioa egingo du Juan Arzamendi Musika Etxean, 17:30ean. 

Eguen goizean, Sasoibidek antolatuta, lagunarteko bi ibilaldi egiteko aukera egongo da. "Lehen aukera erdigunean izango da eta Arrasateko txoko batzuk ezagutuko ditugu. Bestea, aldiz, mendi inguruan izango da, Salturri baserri aldera. Arrasateko zaharrenetakoa omen da eta elementu arkitektoniko gotikoak ere baditu", azaldu du Margari Gorrotxategi Sasoibideko kideak. Biak ala biak, 10:00etan Biteri plazatik abiatuko dituzte. 

Bibliotekarekin lankidetza sendotzen

Arrasateko Udal Bibliotekaren eskutik, halaber, Javier Sanchez arrasatearrak Alimentos ultraprocesados liburua aurkeztuko du Kulturaten, eguenean, 17:30ean. "CSICeko zientzialaria da bera eta, gaur egun, irakaslea da Sevillako Pablo de Olavide unibertsitatean", azaldu du Asun Agirianok, Udal Bibliotekako zuzendariak. "Gaia interes handikoa dela uste dugu, zenbat litxarreria eta azukre kontsumitzen ditugun eta horrek osasunean daukan eragina. Beraz, hitzaldi interesgarria eta entretenigarria izango da", gaineratu du. Liburua aurkezteaz gain, tailer bat ere egingo du Sanchezek.

Bigarren urtea da nagusien kontseilua eta biblioteka lankidetzan aritzen direna, eta eskertuta azaldu da Agiriano. "Arrasatearren lanak ezagutarazteko beste bide bat eskaintzen digu Nagusien Asteak eta, alde horretatik, pozik gaude. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiogu Arrasateko Nagusien Kontseiluari, emandako erraztasunagatik", nabarmendu du.

Guatekearekin, herria dantzan

Egubakoitzean, Iturbideko egoiliarrekin paseoa egingo dute, 11:00etan hasita, Arizmendi Ikastolak eta Sasoibidek antolatuta. "Erizaintzako ikasleak etorriko dira eta egoiliarrekin paseo bat egingo dugu Arrasateko kaleetatik. Haiek dira herriko nagusienak izan daitezkeenak eta horiekin gogoratzea ere beharrezko ikusi genuen. Beraz, haiendako izango da bereziki, baina arrasatear guztiak daude gonbidatuta", dio Gorrotxategik. 

Egubakoitz arratsaldea girotzeko, bestalde, guatekea egongo da Biteri plazan, 18:30ean hasita. Hala, Markel Goikoleak 80ko hamarkadako guatekea plazaratuko du. "Herritarrak haien etxeetatik ateratzea da gure helburua eta gozamenerako astea izatea gura dugu. Beraz, arrasatear guztiak gonbidatu gura ditugu guatekera etorri eta gerriak mugitzera", azpimarratu du Iriartek. 

Mariatxiak, Seber Altuben

Zapatuan, ipar martxa egingo dute Arrasatetik Elorregira arte, 10:00etan Biteri plazatik abiatuta eta arratsaldean, berriz, mariatxiez gozatzeko aukera egongo da, Duo Imperial taldearen eskutik. Kokapenari dagokionez, hasiera batean Herriko Plazan egitekoak ziren, baina Seber Altuben egingo dute azkenean, 19:00etan hasita. 

Manifestua, hegaluze pintxoak eta Joselu Anaiak

Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunarekin borobilduko dute egitaraua, domekan. Hala, ohi moduan, manifestua irakurriko dute Herriko Plazan, 12:00etan. Era berean, Orioko parrillero-ek hegaluze pintxoak prestatuko dituzte eta Joselu Anaiak taldearen dantzaldia ere egongo da. "Dantzan borobildu gura dugu astea, umore onean", dio Iriartek.

Nagusiei bideratutako politikak

Maider Morras alkateak aitortu du plazer bat dela hain programa zabala ikustea. "Sanjuanetako programa dirudi. Konpetentzia bikaina egin diguzue", dio umorez. "Mila esker egiten duzuen lan guztiagatik". 

Halaber, nabarmendu du pertsona nagusiek parte hartzera bideratutako politikak garatuko dituztela. "Uste dugu pertsona nagusiek ekarpen handia egin dezaketela herrian eta konbentzituta gaude gure politikak haiekin elkarlanean egin behar ditugula". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak