Eskolara oinez, mugikortasun eredua iraultzea helburu hartuta

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 19a, 12:35

Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen baitan, urtero moduan, Eskolara Oinez ekimena gauzatzen ari dira Arrasate Herri Eskolan, Udalako Ingurumen Eskolak sustatuta. 45 bat ikaslek eman dute izena.

Arrasate Herri Eskolako bigarren eta hirugarren zikloko ikasleak ari dira parte hartzen Eskolara Oinez ekimenean, bi taldetan banatuta: hala, batzuek erdigunetik Erguinera arteko bidea egiten dute oinez eta besteak, aldiz, San Andresetik irteten dira. Aurten, beste behin, ekimena harrera ona izaten ari dela aitortu du Naiara Corcuerak, Udalako Ingurumen Eskolako irakasleak, 45 bat ikaslek eman baitute izena.

Ekimenaren helburu nagusia da mugikortasun eredua aldatu beharraz kontzientziatzea, motordun ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiltzeko. Izan ere, Corcuerak nabarmendu du arazo handiak sortzen dituztela motordun ibilgailuek, bereziki pribatuek. "Herria desatseginagoa da, zaratagatik, istripuak izateko arriskuagatik eta baita isurtzen dituzten gasengatik ere".

Eskolara oinez joateak, osasuntsuagoa izateaz gain, lagunekin berba egin eta herria hobeto ezagutzeko aukera ematen duela aitortu du ingurumen eskolako irakasleak eta hori sustatu gura dutela herri eskolan. "Erguingo eskola urruti geratzen da eta aldapa handiak daude, beraz, jendeari gehiago kostatzen zaio oinez etortzea. Horregatik, lagundu egin nahi diegu eta, bide batez, Monterrondik datorren paseoari balioa eman. Oso polita eta segurua da".

Jarraipena ematea da erronka nagusia

Egubakoitzera arte luzatuko dute ekimena eta udaberrian ere beste astebetez egitea aurreikusten dute. Hala ere, Iratxe Salaberria Arrasate Herri Eskolako zuzendariak aitortu du, ikasturteak aurrera egin ahala, indarra galtzen duela aste honetan lortutako kontzientziazioak, eta hori mantentzea dela eskolaren erronketako bat.

Herritar guztiendako deia

Corcuerak, bestalde, ikasleei ez ezik, herritar guztiei dei egin die modu jasangarrian mugitzeko. "Herrian egin behar ditugun joan-etorriak oinez edo bizikletaz egiteak beti lagunduko du herria atseginagoa eta garbiagoa izaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak