Urkulluk eta Sagarduik Aita Menni eta San Juan de Dios bisitatu dituzte

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 11a, 14:56

Ospitaleen 125. urteurrenaren baitan egin dute bisita eta lehendakariak eskerrak eman dizkie, osasun mentalaren arloan egiten duten lanagatik. "Zorionak urteurrenarengatik, eta segi beharrezkoa dugun zerbitzu hau eskaintzen eta hobetzen. Lan paregabea egiten ari zarete", azaldu du.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua Arrasaten izan dira gaur goizean, Aita Menni eta San Juan de Dios ospitaleak bisitatzen. Ekitaldian izan dira, halaber, honako hauek ere: Jose Luis Quintas Osasun sailburuordea; Jose A. de la Rica EAEko koordinatzaile soziosanitarioa; Alvaro Iruin Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaria; Jose Maria Chavarri San Juan de Dioseko burua, Isabel Martinez Aita Mennikoa; Elena Urdaneta San Juan de Dioseko Gipuzkoako zuzendaria eta Mikel Tellaeche Aita Menniko zuzendaria.

Ospitaleetara eginiko bisitaren ostean, azken horrek hartu du berba lehenik, eta eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, emandako babesagatik. "Egunero lanean ari diren 1.000 profesionalendako aitortza bat da gaurkoa, baita pazienteentzat zein haien familientzat ere. Hauskortasun egoeran dauden horientzat lan egiteko konpromisoa berresten dugu gaurkoan, baita behar berrietara egokitzeko konpromisoa ere, 1898az geroztik egin moduan", nabarmendu du Tellaechek.

Urdanetak, bestalde, nabarmendu du bisitak balioko duela buruko gaixotasunak dituztenen eta haien senideen egoera zaila ikusgarri egiteko. "125 urte hauek hasiera besterik ez dira guretzat. Egunero atzematen ditugu beharrizan berriak eta, bide horretan, gure konpromisoa etenezina da, pertsona horiek ahalik eta ongizate maila altuena izan dezaten".

Chavarri, Urkullu, Urdaneta eta Tellaeche, San Juan de Dios ospitalean.

Urkullu: "Osasun mentala gure lehentasuna da"

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da azkena berba hartzen, eta zorion eta esker mezuekin hasi da. Ondoren, adierazi du badirela 125 urteetan aldatu ez diren behar batzuk: "Arazoak dituzten pertsonei laguntza eskaintzea horietako bat da". Gaineratu du osasun mentalarekin arazoak dituzten pertsonek ez dutela bizitza erraza izan mendeetan zehar. "Gizarteak baztertzen zituen. Izkina batera bidaltzen zituen. Bakar-bakarrik zeuden. Horregatik txalotzen dugu gaur Santa Agedako Osasun-Etxea irekitzeko pausua. Laguntza behar-beharrezkoa zuten bizilagun horientzako esku salbatzailea izan zen".

Gero, osasun-etxe horretatik, San Juan de Dios eta Aita Menni ospitaleak zabaldu ziren eta ehunka lagun artatu dituzte harrezkero. "Zeinen garrantzitsua den inor ere atzean ez uztea. Zeinen garrantzitsua den pertsonei bizitza duin bat ematea. Zeinen garrantzitsua den pertsonak laguntzea", nabarmendu du lehendakariak.

Duela urte gutxi arte, Urkulluren esanetan, gizarteak ez zituen arazo mentalak bere kezka nagusien artean. "Beste batzuei gertatzen zitzaizkien gauzak ziren. Ezkutatu nahi ziren errealitateak besterik ez ziren. Zorionez, pertzepzio hau erabat aldatu da eta gizarteak bere egin ditu".

Hori dela eta, hain zuzen, balioa eman die bi ospitaleek egiten duten lanari. "Aitzindariak izan zineten pertsona ahulenentzat zerbitzuak sortzen, erakunde publikoek gure erantzukizuna hartu baino hamarkada batzuk lehenago. Eta egin genuenean, bidelagun bihurtu ginen, gure indarrak batuz. Horregatik azpimarratzen dut Jaurlaritzaren, gainerako erakundeen eta irabazi asmorik gabeko erakundeen arteko lankidetza, beti pertsona ahulenei zerbitzuak ematea helburu, auzolanean".

Jaurlaritzak bide honetan jarraituko duela azpimarratu du. "Zerbitzuak bermatzen, hobetzen eta gaurkotzen. Osasun mentala gure lehentasuna da. Gizarteak duen beharra da. Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak errealitate honi erantzuna ematen jarraituko dugu".

Hainbat opari

Bisitan zehar, hainbat pazienterekin ere egon dira lehendakaria eta Osasun sailburua eta, prentsa agerraldia bukatzean, ospitaleetako pazienteek hainbat opari eman dizkiete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak