Herritarrek 2021-2022ko partaidetza aurrekontuetan pumptrack-aren proiektuari lehentasuna eman eta gero, 2023ko martxo bukaeran hasi zituzten obrak. Maiatzean inauguratu zuten parkea, Uribarri auzoan, eta gaur egun herritar askoren bilgune bihurtu da.
3.900 metro karratu ditu Arrasateko pumptrack-ak, eta kolorez desberdindutako bi pistak osatzen dute: bat bizikletan ibiltzeko erabiltzen da eta bestea, skatean edo patinetean ibiltzeko. Markel Apellaniz skater-aren hitzetan, "parkea oso dinamikoa da, eta ez du deskantsu momenturik, une oro baitaude aldapa gora eta beherak; beraz, bi buelta eginda nekatu egiten zara".
Elkarbizitzarako arazoak
Haur, gazte eta helduak biltzen ditu parkeak, eta, adin askotariko horrenbeste jende biltzea ongi dagoen arren, nagusienek nabaritu izan dituzte arazo txiki batzuk; besteak beste, txandak errespetatzen ez direla, gazteenak pista erdian sartzen direla noiz-behinka eta parkea txikiegia gelditzen ari dela. "Normalean, nahiko beteta egoten da parkea, eta ni, behintzat, jende gutxi dagoenean etortzen saiatzen naiz; bestela, gazte asko izaten dira, eta horrek zaildu egiten du gozamena", dio Apellanizek.
"Puntako orduetan gazte asko izaten dira, eta ohikoak ez diren kirolak praktikatu eta sustatzeko Arrasatek eskainitako alternatiba bikaina da, baina arau batzuk errespetatzen jakin behar da, guztien gozamenerako", gaineratu du skater-ak.
Hobekuntzak
"Parkea, hasteko, ondo dagoen arren, hobekuntza batzuk ez lirateke gaizki etorriko", dio pumptrack-eko erabiltzaile Xabi Kortabarria Korta-k: "Adibidez, etortzen direnendako banku gehiago jartzea ongi legoke, bi baino ez daude eta; bestetik, eguzkiak bete-betean jotzen duen tokia da, eta bero handia egiten duenean ez daukagu non ezkutatu, eta bazkaltzeko eta deskantsatzeko mahai batzuk ere ondo egongo lirateke".
Beste zenbait hobekuntzaren artean, parkea handitzeko eta maila desberdinak praktikatu ahal izateko proposamena ere egin zuen Korta-k.