Mozambikeko nekazariak miseriatik irten daitezen lanean dihardu Mundukidek

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko uzt. 10a, 15:17

Mundukide Fundazioa 2002an hasi zen Mozambiken lanean eta gaur egun nekazariei informazioa, trebakuntza eta aholkularitza eskaintzen jarraitzen dute kooperanteek. Gaur-gaurkoz, 13.000 nekazari familiarekin ari da dira lanean. Proiektu horri laguntzeko kontzertu solidarioa egingo dute uztailaren 20an Monterron parkean. [Argazkietan, nekazariak produktuak saltzen].

Afrika hego-ekialdean dago Mozambike herrialdea, munduko txiroenen artean kokatuta dagoena. Herrialdeak ia 30.000.000 biztanle ditu eta 15.000.000 herritarrek osatzen dute biztanleria aktiboa –beste erdiak umeak dira–. Horietatik, 1.000.000 inguruk soilik dute lan-kontratu bat eta 2.000.000 inguru dira autonomoak –arotzak, mekanikariak edo garraiolariak, esaterako–. Horrenbestez, 12.000.000 herritarrek ez dute lanik eta nekazariak dira, halabeharrez, egunerokoan zerbait jan ahal izateko.

Lan-kontratu bat duten horiendako, 70 euro inguruko gutxieneko soldata ezartzen du legeak, eta, nekazari familia batek, gizonak eta emakumeak lan eginda, biek lan eginda, gutxieneko soldata baten laurdena edo herena irabazten du. "Familia horrek, dirutan, 50 euro ikusiko ditu urtean; gainontzekoa jan duena da, sorotik platerera joan dena", azaldu du Beñat Arzadun Mundukideko kideak, hamabost urtez hango programako arduradun izan denak. "Diru kopuru horrekin ezin da ezer egin, eta gure helburua da egoera hori gainditzea", gaineratu du.

Arzadunek adierazi duenez, epe luzeko helburua izango litzateke Mundukidek lan egiten duen eremuetako nekazari familia bakoitzak gutxieneko soldata baten baliokidea dena irabaztea, biek lan eginda. "Baina hortik urruti gaude oraindik".

60.000 familiatik gora lagundu dituzte 2010etik

Mozambike iparraldeko Cabo Delgado eta Niassa probintzietan ari da lanean Mundukide, bederatzi barrutitan, eta nekazaritza arloan zentratzen da fundazioaren zeregina. Hasi zirenean, 2000ko hamarkada hasieran, arlo gehiagotan aritzen ziren: errepideak, hezkuntza, osasuna, enpresa txikiak edota nekazaritza. "Baina nahiko azkar konturatu ginen arlo batzuetan oso balio erantsi gutxi ematen ari ginela eta beste batzuetan, ordea, ekarpen handia egiten genuela; nekazaritzan, nagusiki. Diferentzia handiarekin, baliabideen erabilpen onenerako aukera ematen zigun arloa zela konturatu ginen; hau da, baliabide mugatu batzuekin eragin handia lortzen genuela", zehaztu du Arzadunek. Hala, 2010a ezkero, erabat nekazaritza arloan zentratuta dihardute. "Ordutik, 60.000 familiatik gora pasa dira gure programatik".

Gaur egun, 13.000 nekazari familiarekin ari da lanean Mundukide Fundazioa

150 trebatzaile dituzte

Mundukideko kooperanteak hara iritsi zirenean, Arzadunen esanetan, nekazari mozambiketarrek ez zuten ureztatzea ezagutzen. "Beraz, besteak beste, urtegi txiki bat sortzen, kanal bat egiten, partzelak banatzen eta abar irakatsi genien".

Gaur egun, Mozambikeko 13.000 nekazari familiarekin ari da lanean fundazioa, eta lan-metodologiaren oinarri nagusietako bat da nekazari batzuek beste batzuei teknikak erakustea –horretan aritzen direnei trebatzaile deitzen diete–. Produktu jakin bat landatzeko teknikak dakizkitenak eta produktu horrekin emaitza onak dituztenak dira trebatzaileak, eta probintzia batetik bestera joaten dira, hango nekazariei teknika horiek irakasteko. Gaur-gaurkoz, 150 trebatzaile dituzte.

Haien lana, edozelan ere, arlo teknikoari dagokiona bakarrik da; izan ere, laguntza osoagoa eskaintzen du fundazioak Mozambiken, nekazariei haien aktibitate produktibo eta komertziala hobetzen laguntzeko. "Lehenik, haiendako aukerak bilatzen saiatzen gara, merkatuak ematen dituen aukerak aztertzen. Aukera horiek identifikatutakoan, ikusten dugu norengandik ikasi dezaketen, eta trebatzaileak lortzen ditugu. Horrez gain, produkziorako zerbait behar baldin badute, haziren bat edo erremintaren bat, hori erosteko aukera eskaintzen diegu. Behin uzta izandakoan, hori saltzeko laguntza ematen diegu, erosle potentzialak aurkituz eta haiekin harremanetan jarriz". Trebatzaileez gain, Mundukidek kontratatutako langile mozambiketarrak 34 dira eta kooperante gisa ari direnak, aldiz, lau.

Genero-berdintasunaren alde lanean

Mundukideren lan-ildoetako bat bada genero-berdintasuna ere. Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko egoera desorekatua da herrialde hartan. "Ez da, askok pentsatuko duten moduan, erabateko tirania matxista bat, baina desberdintasun nabarmenak daude; agintzeko orduan, bata gainean dago eta bestea azpian, argi eta garbi".

Mozambiken, emakume bakoitzak zazpi haur izaten ditu batez beste

Gaineratu duenez, emakumeen mendekotasun posizioa markatzen duen faktore nagusia da emakume bakoitzak, batez beste, zazpi haur izaten dituela –beste bi haurdunaldian hiltzen zaizkie–. "Horrek esan gura du ia bederatzi urte haurdun egon direla eta ume bakoitza bi urtez eraman dutela bizkarrean, titia emateko. Beraz, 23 urtez izan dute haur bat sabelean edo bizkarrean, eta beste haurrak, noski, inguruan bueltaka. Horrek emakumearen bizitzan muga batzuk jartzen ditu", zehaztu du. Beraz, egoera aldatzeko bide nagusia jaiotza-tasa hori jaistea dela dio. "Hala ere, ulertu behar da zergatik dituzten zazpi haur. Monetizatu gabeko bizitza dute, ekonomia primitiboa. Dirua irabazten hasiko balira edota dirua irabazteko ikasketak edukitzea garrantzitsua izatera iritsiko balitz, gehiago inbertituko lukete ume bakoitzaren ikasketetan, eta, ondorioz, ume gutxiago edukiko lituzkete".

Kontuak kontu, emakume mozambiketarrek duten muga nagusia mugikortasunarena da. Hau da, etxe inguruko zereginetan parte hartu dezakete, baina urrunera joan beharra dagoenean gizona joaten da. "Beraz, gu saiatzen gara ahalik eta gauza gehienak etxe ondora gerturatzen: ikastaroak, trebakuntza saioak, produkziorako erremintak, haziak eta abar. Bestalde, guztiek haziak erosteko aukera izan dezaten, 100 gramoko latak erosten ditugu eta 10 gramoko poltsatxotan banatu, zazpi zentimoko prezioarekin. Modu horretan, diru gutxi duenak ere badu aukera landatzen hasteko", nabarmendu du kooperanteak.

Hizkuntza ere muga da

Kolonizazioaren ondorioz, portugesa da Mozambikeko hizkuntza ofiziala, baina hango herritarren erdia bakarrik da hizkuntza hori hitz egiteko gai. Hizkuntza autoktono asko daude herrialdean eta Cabo Delgado eta Niassa probintzietan bi dira nagusiak: makua eta yaoa. "Oraindik ere, emakume gutxi dira portugesa dakitenak. Beraz, gure helburua da auzo bakoitzera eramatea haien hizkuntza dakien trebatzailea. Gehienetan lortzen dugu, baina ez beti. Arazo bat izaten da, alde horretatik, eta esfortzu berezia egin behar izaten dugu". Modu horretan, dituzten interakzioen %30 inguru emakumezkoekin izatea lortzen dute.

Urteko garai inportanteena

Garai hauetan, ekain eta uztailean, uzta saltzen ari dira Mozambiken, eta urte osoan egindako lana dute jokoan nekazariek. "Orain arte egin dugun lan guztiak ez du ezertarako balioko orain nekazariek dirua irabaziko ez badute". Beraz, hango lantalde guztia "erabat kontzentratuta" dago uztaren salmentan, Arzadunek azaldu duenez. "Gogoratu, ordea, salmenta nekazariak egiten duela; guk lagundu egiten diegu".

Beñat Arzadun: "Orain arte egun dugun lan guztiak ez du ezertarako balioko orain nekazariek dirua irabaziko ez badute"

Hainbat produktu ekoizten dituzte hango nekazariek eta aldatzen joaten dira. "Sesamoa, adibidez, oso ondo ari da saltzen. Diru gehien ematen duen produktua da, nekazari kopuru handiagoari diru kopuru gehien ematen diona, alegia. Sojak, berriz, buruhauste handiak ematen dizkigu".

Egiten duten lanaren balioa

Mozambiken, urtean 450.000 euro inbertitzen ditu, gutxi gorabehera, Mundukidek, eta han egiten duten lanari balioa eman nahi izan dio kooperanteak: "Merezi al du Mundukidek kudeatzea diru kopuru hori urte osoan? Edo hobe litzateke diru hori zuzenean hango jendeari ematea? Nola lortuko litzateke emaitza hobea? Oso gutxitan egiten da analisi hori, baina guk egiten dugu, garrantzi berezia du horrek guretzat", dio. "Gaur-gaurkoz, guk inbertitzen dugun euro bakoitzeko nekazariak hiru euro irabazten ditu. Bizpahiru urtez, guk inbertitutako euro bakoitzeko hamar irabaztera ere iritsi ziren, bereziki Cabo Delgado probintzian, baina gerra hasi zenetik, ezin dezakegu gauza askorik egin han. Niassan, berriz, herritarrak sakabanatuago bizi dira eta jende kopuru berdinarengana iristeko logistika handiagoa behar dugu. Edonola ere, emaitzak hor daude eta hori da balio duena".

Dohaintzak egin daitezke

Fundazioari lagundu gura izanez gero, mundukide.org-en egin daitezke ekarpenak. Zalantzak argitzeko, 943-77 20 10 zenbakira deitu edo mundukide@mundukide.org helbidera idatzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak