Aitor Orobengoa ISEAko kideak azaldu duenez, "Hirigintzako eta Garapen Komunitarioko batzordeei zuzendutako proposamen bat" erregistratu dute Arrasateko Udalean. "Proposamen horretan, Arrasateko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ikastetxearen gunerako Plan Berezia gara dezan osagaiak eskaintzen zaizkio, hain zuzen ere, belaunaldien arteko etxekidetza bat abian jartzeko asmoz", azaldu du.
Martxoan aurkeztu zuten aurreproiektuaren arabera, adinekoentzako eta "bereziki behartsuak diren edo premia bereziak dituzten gizataldeentzako" 66 etxebizitza egitea da asmoa, belaunaldiartekotasuna erdigunean jarrita, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Adinberri fundazioaren finantzaketarekin ari dira lanean ISEA eta KREAN.
Egungo eraikinak 7.000 metro karratu ditu eta 1.000 metro karratuko azalera gehigarri bat jasotzen du aurreproiektuak, eraikin berri batekin eta lorategi batzuekin –guztira, 8.000 metro karratu–.
Ikasleen lana, ezinbestekoa
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Diseinu Estrategikoko masterreko ikasleek haien ikasturte amaierako proiektua erabili dute gai hori lantzeko. Hala, belaunaldien arteko zerbitzuak eta interes orokorreko zerbitzuak garatu dituzte, bai Mesedeetako ikastetxea izandakoan egin gura duten etxekidetza proiektuko egoiliarrentzat, baita arrasatear ororentzat ere. Era berean, EHUko Arte eta Goi Mailako Diseinuko Eskola Publikoko ikasleek, eraikin horretako etxekidetza proiektuaren harira, apartamentuen, eremu komunen eta publiko orokorrari bideratutako eremuen barne diseinua garatu dute. Hain zuzen, Barne Diseinuko Graduko hirugarren mailako ikasleek egin dituzte diseinu horiek.
Etxekidetza kontzeptua
Pello Salaburu euskaltzainari galdetu diote cohousing edo etxebizitza komunitario kontzeptuari erreferentzia egiteko euskarazko hitz egokia zein izan ote daitekeen. "Erantzuna etxekidetza izan da; etxe (etxea) eta kidetza (adiskidetasuna) uztartzen dituen hitza, alegia".
Kalelagun proiektua, aurrera
Modu berean, Kalelagun proiektua zuzentzen ari da Olatz Irulegi EHUko Donostiako Arkitektura Eskolako proiektuen irakaslea. "Proiektuaren helburua da kanpoko espazio publikoak eraldatzea bakardadea prebenitzeko, harremanak sustatzeko eta pertsona nagusien ongizatea eta autonomia handitzeko", dio Orobengoak. "Hori guztia arkitektura, hirigintza eta diziplinarteko ikuspegia bilatzen duelarik, kalitatezko topaketarako kanpoko espazioen diseinuan oinarrituta, ingurune hurbilaren gozamen aktiboa bultzatzeko, gizarte-harremanak sustatuz, jarduera fisikoa sustatuz eta teknologia digitalak integratuz". Hain zuzen ere, Kalelagun proiektuaren bidez garatuko dute Mesedeetako ikastetxea izan zeneko patioetako lorategi eta pasealekuen diseinua.
Egin beharreko urratsak
Etxekidetza proiektua aurrera egiten ari den arren, oraindik bide luzea du egiteko, eta, Orobengoak nabarmendu duenez, honako hauek izango lirateke hurrengo urratsak: lehenik, proiektua Hirigintza batzordeari aurkeztu; gero, Ongizate batzordeari. Azkenik, Arrasateko Udalarekin proiektua garatzeko jarraitu beharreko estrategia adostu beharko litzateke.