Joan den asteburuan motorrak berotu ostean, gaur egingo dute eztanda herriko festa nagusiek eta, txupinazoa botatzearekin batera, kolorez eta kulturaz jantziko da Arrasate astelehenera arte. Alkate kargua hartu eta astebetera iritsi zaizkio jaiak Maider Morrasi, eta, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi izan dizkie kultura arloko talde, eragile eta langileei, eta baita Arrasateko Txosna Batzordeari ere, "egiten duten lan guztiagatik". Horrekin batera, nola ez, alkatearen zortzikoa egitea dagokio aurten, eta entseatzen aritu dela aitortu du: "Zorionez, gure zinegotzi Jaime Bengoa oso dantzari ona da eta hura aritu zait irakasten". Beraz, Iñaki Barrena txistulariaren laguntzarekin, "ahalik eta ondoen" egiten saiatuko dela dio. "Egia esan, urduri nago; azken batean, oso hunkigarria den momentu bat baita, plaza guztiaren aurrean".
Era berean, jaiak "elkartasunez, errespetuz eta alaitasunez" ospatzeko dei egin du Morrasek. "Espero dugu inolako erasorik ez gertatzea, ezta diskriminaziorik ere. Itxuraz, eguraldi ona dator; beraz, ondo pasa ditzagun jaiak".
Indarkeria matxistaren aurka
Indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko dute Arbolapetan, eta indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira han, joan nahi duten emakume eta neskak artatzen. Halaber, LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak ere jasoko dituzte. Gaurtik domekara arte egongo da erabilgarri, Arbolapetan, 20:00etatik 00:00etara.
Bestalde, jaietarako propio sortu duten arretarako telefono-zerbitzua egongo da, gaurtik domekara, 20:00etatik 08:00etara. Beraz, jaietan gertatzen den edozein eraso sexistaren aurrean, informazioa eta aholkularitza eskainiko dute zerbitzu horretako langileek. Era berean, beharrezkoa balitz eta erabiltzaileak hala eskatuz gero, aurrez aurreko arreta eta laguntza eskainiko dute. Telefono-zenbakia 688 80 91 37 da eta hainbat lekutan egongo da ikusgarri.
Dragoi jan euskaldunagoa
Bihar, zapatua, egingo dute dragoi jana, 20:30ean hasita. Sortu zutenean, jaietan euskararen presentzia bultzatzeko helburuarekin sortu zuten, euskal giroa indartzeko. Antolatzaileak AED eta AEK izanik, hasierako helburu hori mantentzen saiatu dira urtez urte, eta aurten indar berezia jarriko dute hor. Orain arte ere askotariko ekintzak egin izan dituzte, euskal giroa sustatze aldera; besteak beste, tribialean euskarari eta euskal kulturari buruzko gaiak jarri, pegatinak eta pankartak jarri eta abar. Aurten, halere, beste aurrerapauso bat egin gura izan dute.
Hala, batetik, Euskaraz jo ta fuego! leloa berreskuratu dute. "Hau izan da hainbat urtez erabili izan dugun leloa, eta aurrerantzean mantentzea da asmoa, erakargarria bezain esanguratsua iruditzen baitzaigu". Horrekin lotuta, leloa modu nabarmenean irakurgai jarriko dute eta AEDko eta AEK-ko pegatinekin eta banderatxoekin apainduko dute plaza. Azkenik, afaltzera doan herritar bakoitzari orri bat banatuko diote, bertso batekin, euskaraz aritzeko gonbidapena eginez. Arrakastatsua izango da; izan ere, dagoeneko 350 txartel saldu dituzte.
San Juan gaua, zuzenean
Goiena telebistak jarraipen zabala egingo die sanjuanei, gaurtik. Hemen Debagoiena saioa Herriko Plazan grabatuko dute, zuzenean, 17:45ean hasita. Hala, makalaren igoeraren zuzeneko kontakizuna egingo du Larraitz Zeberio aurkezleak, Aitor Agirianok eta Oihan Loitik lagunduta. Gazteek makala plazara zelan eroaten duten ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek, eta baita osteko igoera ere. Ondoren, 22:15ean hasita eta ETBrekin elkarlanean, San Juan gaua ere zuzenean jarraitu ahal izango da, Goienako kazetari Txomin Madinaren eta Xabier Urzelairen eta ETBko Ilaski Serranoren eskutik. Era berean, biharko entzierroa eta zezen-plazako saioa Goiena telebistan eta Goiena.eus-en jarraitu ahal izango dira, 08:45ean hasita.
Goiena telebistan, jarraipen zabala
Makalaren igoera: Ekainak 23, 17:45. Zuzeneko kontakizuna, Herriko Plazatik.
San Juan gaua: Ekainak 23, 22:15. EITBrekin elkarlanean, San Juan sua piztea eta errementari dantza, zuzenean.
Entzierroa: Ekainak 24, 08:45. Entzierroa eta plazako saioa, zuzenean.
Hemen Debagoiena: Ekainak 26, 18:00; 20:00 eta 22:00. Jaien gaineko kontakizuna.
Saio berezia: Ekainak 27, 21:00 eta 23:00. San Juan jaien errepaso zabala.
Entzierroa, neurriak indartuta
Jon Garai Kultura teknikariak azaldu du iazko entzierroko pilaketa dela-eta neurriak indartu dituztela aurten; bereziki, prebentzio eta komunikazio mailan. "Egitarauan zehatzago adierazi dugu parte hartzeko baldintzak zeintzuk diren. Era berean, ahoz ere gogoraraziko dugu hori, grabatutako ahots batekin". Azkenik, ibilbideko segurtasuna bermatzeko, "leku konkretu batzuetan" hesiak indartuko dituzte. "Urtero egiten da azterketa bat, eta aurten, iazkoa ikusita, are gehiago", dio.