Arrasate Judo Elkartea hazkunde betean iritsi da 45. urtemugara

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 21a, 20:17

Arrasate Judo Elkartea 1978. urtean sortu zuten eta, beraz, 45. urteurrena betetzen ari dira aurten. Gainera, hazkunde betean iritsi dira urtemugara, izan ere, azken urteetan etengabe gora egiten ari den elkartea da. 2013 eta 2018 urte artean jaiotako 50 judoka inguru daude taldean eta ate guztiak zabalik dituzte interesa duen edonorentzat.

Egunetik egunera hazten ari da Arrasate Judo Elkartea. 50 neska-mutiko ari dira gaur egun, 2013 eta 2018 urte artean jaiotakoak. Gehienak arrasatearrak diren arren, bailarako beste herrietako judokak ere badituzte, baita eibartarrak ere. Gaizka Aranegi entrenatzaileak azaldu du bloke moduan mantendu egiten direla urtez urte eta txikienek erreferente moduan hartzen dituztela helduenak. Beraz, lanketa oso ondo doala dio eta giro ezin hobea dutela taldean. 

Duela hiru urte, gainera, lan metodologia berri bat jarri zuten martxan, 2013an eta 2014an jaiotakoekin. Metodologia hori oso emaitza onak ematen ari dela aitortu du Aranegik, bai umeen garapenean eta baita txapelketetako emaitzetan ere. "Azken batean, umeak pertsona gisa garatzea du helburu, diziplina, psikomotrizitatea eta haien burua ezagutzea; hori guztia, judoaren bitartez", dio Aranegik. Landutako hori, gero, beste talde batzuekin partekatzen dute, topaketa bitartez.

Ezin lehiatu

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola kirolaren baitan daukan protokolo baten ondorioz, Gipuzkoatik kanpo edozein ekintza egitea debekatuta dute. "Daukagun arazo handiena da gure txikiek ezin dutela lehiatu urte bukaerara arte. Alebin mailakoek txapelketa gehiago dituzte baina oso urriak, hala ere. EAEn, Araba eta Bizkaian, esaterako, aukera gehiago dituzte eta ez dugu bidezkoa ikusten". Gabezia hori betetzeko egiten dituzte, hain zuzen, aipaturiko topaketak.

Judoa, funtsezkoa

Unescok gomendatzen du 14 urtetik beherako neska-mutikoek judoa praktikatzea. Izan ere, onura asko ditu, besteak beste, mugimenduen koordinazioa, oreka, gorputz adierazpena edota espazioaren erabilera. "Azken batean, judoaren bitartez, norbere gaitasunak zeintzuk diren ikasten dute, baita gabeziak ere, eta horiek kontuan hartuta, pertsona gisa garatzen dira", azaldu du entrenatzaileak. 

Espazio falta

Musakola kiroldegiko tatami gelan egiten dituzte entrenamendu saioak, astearte eta ostegunetan, baina partekatu egiten dute beste arte martzial talde batzuekin. Aranegik azaldu duenez, lekua txiki geratzen ari zaie eta espazio handiagoa eskatu dio Arrasateko Udalari.

Ate irekiak

Uztailean, teknika lantzen jarraitzeaz gain, ateak ere irekita izaten dituzte, datorren ikasturtera begira jende berriak probatzeko aukera izan dezan. Hala, probatu nahi dutenei, lauzpabost saio libre uzten diete, jarraitu edo ez erabaki aurretik. Beraz, judoa praktikatzen hasteko interesa dutenek, haiekin harremanetan jarri besterik ez dute, entrenamendu egunetan Musakolako tatami gelara joanda edo telefono zenbaki hauetara deituta: 667 10 09 48 edo 600 37 18 96.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak