Musika, aldarrikapena eta askoz gehiago "txosnagune seguruan"

Miren Arana Pagaldai 2023ko eka. 21a, 09:16

Joan den urteko txosnagunea.

Txosna batzordea prest dago sanjuanetarako; hain zuzen ere, jai seguruen aldeko apustua eginda, egitarau zabala aurkeztu dute herritarrentzat

Geroz eta gertuago daude Arrasateko San Juan jaiak, eta Txosna Batzordeko kideak azken zertzeladak ematen ari dira jadaargitaratua duten egitarauari. "Guztia lotuta dugu, baina beti egon daitezke azken momentuko arazoak", azaldu dute Gorka Etxabek –Txosna Batzordeko eta GKSko kidea– eta Amets Arexolaleibak –Ernaiko eta Txosna Batzordeko kidea–. Urtarriletik datorren zazpi eragileren antolaketaren emaitza dira aurtengo jaiak: Arrasateko Ernai, Ikasle Abertzaleak, Ttak, EHE, Bilgune Feminista, Gazte Koordinadora Sozialista eta Askapena Arrasate.

"Esperientziatik" abiatu direla adierazi du Etxabek: "Hasieran maiztasun gutxiagorekin izan arren, astean behin biltzen gara; erakunde bakoitzetik ordezkari bana edo bi aukeratu eta ardurak banatu genituen hasieran, pertsona eta eragileka; askotariko ideiak eta ekarpenak batu ditugu aurretik genuen esperientziatik sortutako gutxi gorabeherako egiturara".

Txupinazo feminista

Ekainaren 23an, 12:30ean, urteroko txupinazoak emango die hasiera San Juan jaiei; aurten Bilgune Feministak du pregoia emateko ardura. Amets Arexolaleiba: "Urtero eragile desberdin batek botatzen du txupinazoa; aurreko urtean EHEri tokatu zitzaion eta aurten, aldiz, Bilgune Feministari. Batzordeko eragile berriek haien lana eta jarduna zabaltzeko aukera izatea ongi baloratu zen, eta iaz hasitako eragileetatik Bilgune Feministari egokitu zaio hori egitea". Horren ostean, eguneko ekitaldi nagusiak herri bazkaria eta makalaren igoera izango dira.

Gaueko kontzertuei dagokienez, Kontralde, Larru Beltzak eta Youth United taldeek izango dute Monterron azpiko zelaia betetzeko ardura; Etxaberen hitzetan, ekainaren 23ko kontzertuak "herriko edo Debagoien inguruko talde txikiei edo ez hain txikiei bideratuta" daude, eta "txosnagunea erakusleiho bezala" eskaintzea da ideia.

Zapatuan, Iago Magoak eskainitako magia ikuskizuna 18:30ean izango da; Arexolaleibak dio herriarentzat "eskaintza zabala" osatu dutela, eta aurten Iago Magoaren ikuskizunarekin jendea parranda ez den testuinguru batean txosnagunera joatea "espero" dutela. Ostean, 20:00etan, Assata taldeak hartuko du magoaren lekukoa, eta, San Juan
egunari "indar" handiagoa emateko, egitaraua ordu txikiak arte zabalduko da: hala, 01:00etan, Loreontzi Sound System DJaren emanaldia egongo da txosnetako berdegunean.

Zeuk ein zeuk jan herri bazkaria egingo da 25ean, Azoka plazan; eta ostean –karro-poteoaren ondoren–, Sarek antolaturiko presoen aldeko manifestazioa hasiko da txosnagunean. Gauean, Huntza, J Martina eta La Furia ikusteko aukera egongo da han bertan.

"HERRIKO ETA
INGURUKO TALDE
TXIKIEI ESKAINIKO
ZAIE AGERTOKIA SAN
JUAN BEZPERAN"

Ekainaren 26an emango zaio txosnetako egitarauari amaiera, goizeko zortzietan egingo den sokasalto gaupaseroarekin; eta ordu berean izango da Izenbarikuak txarangaren ekitaldia.

Arazo eta erasorik gabe

Asteburu "intentsua" aurreikusten du Gorka Etxabek, eta jendearen gogoa ikusita jai "alaiak, lasaiak eta inolako arazo eta erasorik gabeak" izatea espero duela ere azaldu du. Bat egin du Arexolaleibak, eta "txosnagunea espazio segurua" izateko protokolo feminista "une oro eta denontzat" martxan egongo dela gaineratu du: "Segurua izango den espazioa eta txosna bermatzen saiatuko gara".

"TXOSNAGUNEA GUNE
SEGURUA DA,
DENONTZAKO; EZ DA
INONGO ERASORIK
ONARTUKO"

Politikarako gogoa

Txosna Batzordeko biek nabarmendu dute antolakuntzako elkarlana. "Eragile berriak sartu dira, eta hori oso aberasgarria da taldearentzat", azaldu du Ernaiko kideak. Horri herriaren "politikarako gogoa" lotu dio GKSko kideak: "Zazpi eragile egotea nabarmentzeko zerbait da; jendearen politikarako gogoa erakusten du, eta interesik gabeko lanetik gauza oso politak atera daitezke".

"Herri mugimenduko beste edozein eragilek parte hartu nahi badu" aukera urtarrilean izango dutela gogorarazi dute Arexolaleibak eta Etxabek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak