Orain arte ere, askotariko ekintzak egin izan dituzte euskal giroa sustatze aldera, besteak beste, tribialean euskarari eta euskal kulturari buruzko gaiak jarri, pegatinak zein pankartak ezarri eta abar. Aurten, halere, beste aurrerapauso bat egin gura izan dute.
Hala, batetik, Euskaraz jo ta fuego! leloa berreskuratu dute. "Hau izan da hainbat urtez erabili izan dugun leloa eta aurrerantzean mantentzea da asmoa, erakargarria bezain esanguratsua iruditzen baitzaigu". Horrekin lotuta, olan bat ere jarriko dute, leloa irakurgai duelarik eta AEDko eta AEK-ko pegatinekin eta banderatxoekin apainduko dute plaza.
Azkenik, afaltzera doan herritar bakoitzari orri bat banatuko diete, bertso batekin, euskaraz aritzeko gonbidapena eginez. Honako hau da bertsoa:
San Joan jaixak heldu jakuz barriro
eta euki daigun behar beste giro,
hemen dozue errezeta, azalduta argiro:
Jan eta edan eizue neurrixen,
ez daizuela ezer trabau eztarrixen;
erabili euskeria zuen artien
astiro, modu eroso eta argixen;
igarri deila hori herrixen,
berdin auzoetan edo erdigunien;
euskararen garra euki tartien
afaldu eta jolastu bitartien.
Arrasateko dragoie (AEDren bazkide eta AEKko ikasle ohorezko).
Geroz eta anitzagoa
Antolatzaileek nabarmendu dute, gizartea geroz eta anitzagoa den heinean, dragoi jana ere halakoa dela eta hori ona dela haientzat, jende berria komunitatera erakartzeko balio duelako.