Mikel Erentxun: "Arrakasta handiena izan duten kantuekin gatoz"

Hasier Larrea 2023ko eka. 22a, 17:00

Argazkia: Jayaustriaphoto.

Abeslari eta sortzaile donostiarrak Amigos de guardia birako kontzertua emango du Herriko Plazan, ekainaren 26an, 20:00etan. Sanjuanetako azken ekitaldia izango da.

80ko hamarkada ezkero dabilen arren oholtza gainean, lehen aldiz joko du Mikel Erentxunek (Caracas, 1965) Arrasaten. Duncan Dhu talde klasikoko eta bere ibilbide propioko kantuak joko ditu, urteotan alboan izan dituen musikari ugariren laguntzarekin.

38 urteko musika-ibilbidea eta 27 disko kalean; erraz esaten da.

Atzera begiratuta, haurtzaro osoa gogoratzen dut gitarra baten konpainian. Etxean arreba nagusiek disko-jogailuan Cat Stevens, Lou Reed eta David Bowie entzuten zutenez, horiexekin hazi nintzen; pianoa ere bageneukan... 12 urterekin jada bertsio talde bat osatu genuen eskolan, 50eko hamarkadako rock-and-roll kantuak jotzeko, eta, geroztik, talde ugaritan ibili izan naiz; Duncan Dhurekin ezagun egin ginen eta 1992tik aurrera Mikel Erentxun bezala jarraitu nuen ibilbidea, Duncan Dhu albo batera utzi gabe, 2000. urtean desagertu zen eta.

Hala ere, bazabiltza gaur egun ere kantu berriak sortzen.

Septiembre disko bikoitza udazkenean argitaratuko dugu oso-osorik, hamazortzi kanturekin, baina lehen singlea kalean da jada, eta beste singleak pixkanaka joango dira irteten. Gazteek jakin dezaten, singleak zazpi hazbeteko binilo txikiak ziren, A aldean abesti bat zekarren eta B aldean beste bat. Formatu hori berreskuratu dut, biniloen bildumazaleentzako.

"GARAI BATEAN, SARRI IBILTZEN GINEN ARRASATEN, GURE TALDE TEKNIKOA HANGOA BAITZEN"

Musika kontsumitzeko modu berriek ez al dizute eragin?

Esango nuke korrontearen aurka noala. Egitura fisikoa lehenesten dut oraindik, ia inork diskorik erosten ez duela jakin arren. Bestalde, niretzat albuma abesti solte bat baino garrantzitsuagoa da. Kontziente naiz jende gehienak mugikorretan eta aparatu kaskarretan entzuten duela musika, baina nire gogoan biniloa entzuten duen zalea dago, nire musika oso ondo entzutea gura dudalako. 80ko hamarkadan biziko banintz bezala egiten dut lan ia-ia.

Iraganeko kontsumo ereduaren aldekoa zara, baina ez iraganeko abestiak jotzearen aldekoa.

Ez zait aspaldiko arrakastak jotzea gustatzen, nahiago baitut aurkezten ditudanetan zentratu. Baina, pandemia aurretik, Duncan Dhuren eta Mikel Erentxunen hit-en bira bat egitearen ideia irten zen; urtebete baino gehiago daramagu horretan eta oso atsegina izaten ari da, ikus-entzuleen erreakzioa ikusteagatik bakarrik. Konparaketetan erori gabe, Bruce Springsteen, Rolling Stones eta U2 ikustera joaten zarenean kantu ezagunak entzun gura dituzu, eta ez azken diskokoak. Ondo dago zalearen azalean jartzea. Topera disfrutatzen gabiltza; saiatuko gara energia eta bilduma hori guztiori Arrasatera eroaten.

Garai batean, sarri ibiltzen zinen hemen.

Gure crew eta talde tekniko guztia arrasatearra izan baita urte luzez, Soinua enpresakoa. Entsegu orokorrak egitera hona etortzen ginen, beraz. Baina publiko aurrean lehen aldiz joko dugu, eta ilusio handia egiten dit. Lagun asko dauzkat; etxera itzultzea bezala izango da.

Musikari bezala ze esparrutan gozatzen duzu gehien?

Ofizioa maite dut, orokorrean, eta sormen-prozesuaren atal ia guztiak kontrolatzea gustatzen zait. Historikoki, eszenatokian sentitu naiz erosoen, eta diskoak, askotan, ia aitzakia ziren biran irteteko. Gaur egun, halere, gero eta gehiago gozatzen dut sormen prozesuarekin. Nire etxeko sofan jaiotzen den hori sotoko estudio txikitik pasatzen da, hortik grabazio estudiora doa, gero nahastu egiten da… Diskoaren elaborazio prozesu guztiak, gutxi gorabehera urtebete iraun dezakeenak, txoratu egiten nau. Esango nuke orain berdin gozatzen dudala oholtzan zein grabazio estudioan. Lehen ez zen horrela. Kantu erromantikoak, poetikoak, egiteagatik nabarmendu izan zara.

Nondik edaten duzu idazteko orduan?

Irakurlea, zinemazalea eta, batez ere, musikazalea naiz. Bob Dylan-eta alboan eroan ditut betidanik. Erreferentzia horiek guztiak sartzen ditut nire buruko koktel-ontzian, baina inspirazio iturri handiena nire esperientzia propioa da. Askoz errazagoa egiten zait niri gertatzen zaidana kontatzea istorioak asmatzea baino. Nire hitzak nahiko abstraktuak dira, eta iradokitzaileak izatea bilatzen dute. Norberak atera ditzala ondorioak.

Ildo beretik, kontzertuetan ez zaizu askorik hitz egitea gustatzen.

Hasieran eta bukaeran agurtu egiten dut, baina abesti-tarteetan isilik egoten naiz. Nahiago dut abestiek hitz egitea. Izan ere, ez ditut oholtza gainean gehiegi hitz egiten duten artistak gogoko, gogaikarriak eta aspergarriak iruditzen zaizkit.

Sanjuanetakoaren ostean nondik nora ibiliko zara?

Makina bat kontzertu emango dugu Espainia mailan, Amigos de guardia biraren baitan. Bestalde, udan Kolonbiara, Txilera eta Argentinara goaz, eta urte amaieran Mexikora eta Ameriketako Estatu Batuetara. Nabari da asko gozatzen dugula Ameriketara joaten garenean. Dozenaka kontzertu egin ditugu han; pentsa, iaztik hona hiru alditan izan gara. 80ko hamarkadan ere joateko zortea izan genuen; orduan, Duncan Dhurekin. Geroztik, publiko txiki batek jarraitzen gaitu. Oso jende beroa da, asko maite nautela erakusten didate.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak