Eserita, zutik edo dantzan segitzeko kontzertuak

Hasier Larrea 2023ko eka. 21a, 17:06

Huntza, kontzertuan.

Sanjuanek iraun bitartean musika emanaldiz beteko dira kaleak, mardulak baitira bai Udalak bai Txosna Batzordeak antolatutako egitarauak. Herriko Plaza, Monterron parkea eta Monteazpiko txosnagunea izango dira kontzertu nagusien oholtzak.

Musikaz gozatzeko egunak izango dira gaur hasi eta jaiak bukatu artekoak. Ekainaren 24an, 25ean eta 26an gaiteroen dianarekin entzungo dira lehen musika hotsak, 08:30ean, Maalako biribilgunetik hasita.

KONTRALDE, LARRU BELTZAK , YOUTH UNITED

Txosnagunea / Ekainak 23 / 23:00

Arrasateko Kontralde laukotea Erantzunen bila diskoa aurkezten dabil plazaz plaza; inguruko punk-rock taldeetatik edan dute abestiak konposatzeko orduan, eta eszenatokian energiaz betetako jarrera erakusten dute.

Oñatiko Larru Beltzakekoak eskarmentu handiagoko musikariak dira eta antzeko estiloa lantzen dute, 2021ean kaleratutako Nork epaituko du epailea lanean entzun daitekeenez; aurten aktibo dabiltza han eta hemen kontzertuak ematen.

Aretxabaleta eta Eskoriatzako Youth United, berriz, talde hasiberria da, duela hiru hilabete jo zuten lehen zuzenekoa, eta gogoz sartu dira eszenan punk-oi! estiloko bertsioak jota.

MUSIKA BANDA

Monterron parkea / Ekainak 24 / 13:00

Arrasate Musikaleko Banda Monterron parkera itzuliko da, bi aste igaro eta gero, The Potesekin egindako kontzertuaren ostean. San Juan eguneko ohiko kontzertua emango du, Mikel Markiegiren zuzendaritzapean; musika eskolaren ereserkia, La isla de las perlas, At the Mambo Inn, La Dominguera eta Earth eta Wind & The Fire Medley piezak sartu dituzte errepertorioan. Aurrez, 11:00etan irtengo dira kalejiran eta 11:30ean Seber Altube plazan elkartuko dira konpartsarekin eta gaiteroekin.

ASSATA

Txosnagunea / Ekainak 24 / 20:00

Arrasateko funk taldeak iaz kaleratu zuen bigarren lana: Oasia; gorputzak eta burua dantzan jartzeko gonbidapena egingo diete ikus-entzuleei disko horretako kantuekin eta Dantzatu, madarikatuok! lehen diskokoekin. 01:00etan, Loreontzi Sound Systemek jarriko du musika.

CHAMBAO

Monterron parkea / Ekainak 24 / 23:15

La Mari abeslaria buru duen Malagako flamenko-chill estiloko taldeak En la cresta del ahora diskoa kaleratu du, 2018a ezkero geldi egon ostean. 2002an sortu zutenetik hona, ibilbide emankorra egin dute, flamenkoa eta elektronika uztartzen dituzten hamalau lan kaleratuta.

OXABI

Herriko Plaza / Ekainak 24 / 23:15

Galdakoztarrek erromeria arrakastatsua egin zuten iazko jaietan, eta aurten bueltan datoz euskal plazetan sarri entzuten diren kantu alaiekin, hala nola Gatibu, Hesian, Gozategi eta ETS taldeen hit entzutetsuak joko baitituzte. Abeslariak dantzan jarriko ditu festazaleak.

HUNTZA, LA FURIA, J MARTINA

Txosnagunea / Ekainak 25 / 22:00

Huntza seikoteak agur esango die oholtza gainekoei 2024an, hamar urte Euskal Herriko eta munduko bazter ugaritako oholtzak astindu eta gero. Entzuleek Ertzetatik, Xilema, Lumak eta Ezin ezer espero diskoetako kantuekin gozatu ahalko dute, kontuan hartuta Arrasaten emango duten azken kontzertua izango dela.

La Furia rap kantari feministak laugarren diskoa du esku artean, Post-Mortem, patriarkatuari hortzak erakusten jarraitzeko; baditu bizkarrean beste hiru lan luze: No hay clemencia, Vendaval eta Pecadora.

J Martina, berriz, soinu elektronikoak, pop estiloa eta ahots melodikoak lantzeagatik nabarmentzen den hirukotea da, Larrabetzu eta Barañaingoa; iaz, Jaio naiz baina lana kaleratu zuten, Ez daukat ezer, Gazte baten ametsak eta Amore kantu arrakastatsuekin.

GOXUA'N SALSA

Herriko Plaza / Ekainak 25 / 22:30

Nahasketa kolonbiar eta nafarra dakarren talde saltseroa. Izan ere, sei taldekide kolonbiarrak dira eta beste bederatziak, nafarrak. Orkestra bat osatzen dutela esan daiteke, taldekide kopuruagatik eta erabiltzen dituzten instrumentuengatik. 2020an abiatu zuten proiektua eta 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetako erritmo latinoei euskarazko hitzak jartzen dizkiete; gerria mugitzeko proposamen ederra.

MIKEL ERENTXUN

Herriko Plaza / Ekainak 26 / 20:00

Musikari donostiarra Duncan Dhu eta Mikel Erentxun taldeen kantu ezagunenak plazaratzen dabil, Amigos de guardia biraren baitan. Kaleratu dituen 28 diskoetako lagin bat aurkeztuko du haren ibilbidean zehar alboan izan dituen musikarien laguntzarekin; Cien gaviotas, En algún lugar eta Esa luz nunca se apagará kantuak tartean. 80ko hamarkadatik gaur egun arteko abesti-zerrendaz gozatu ahalko dute, beraz, ikus-entzuleek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak