Matraka chefaren plater musikala Biteri plazan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko eka. 22a, 14:00

Matraka chefa, Trakamatrakako Jon Urrutia. (Argazkia: Trakamatraka).

Familientzako 'Matraka Culinary Center' ikuskizun musikala izango da ikusgai hilaren 26an, Trakamatraka konpainiaren eskutik; ezohiko materialekin sortzen dute musika, eta sukaldeko tresnak eta barazkiak erabiliko dituzte emanaldian zehar.

Euskarazko ikuskizun berezi eta musikatuaz gozatu ahal izango dute etxeko txikiek eta familiek jaien azken egunean. Trakamatraka konpainiak lehen aldiz bisitatuko du Arrasate, eta Matraka Culinary Center ikuskizuna, taldearen bigarren lana, taularatuko du Biteri plazan, arratsaldeko seietan hasita. Trakamatraka berrerabilitako eta ezohiko materialekin musika egiten duen konpainia da.

Sukalde xelebre bihurtuko da Biteri, eta Matraka chefak bere bi pasioak uztartuko ditu 50 minutuko ikuskizunean: hain zuzen ere, musika eta sukaldaritza. Jon Urrutia bilbotarrak gorpuzten du sukaldaria, eta, azaldu duenez, "plater musikala" egiten du protagonistak: "Erritmoz eta jokoz betetako ikuskizuna da, freskotasunez eta alaitasunez betetako chef batek girotua, adin guztietako ikusleak entretenitu eta harrituko dituena".

Askotariko doinuak eta musika

Iaz Leioako Umore Azokan estreinatu zuten emanaldia, eta era guztietako soinuak entzun ahal izango dira Matraka chefaren eskutik; errepertorioa "eklektiko" bezala deskribatu du: "Ikuskizun musikala da, antzeztua eta abar, baina bidaia musikala da": Hori horrela izanik, sanba, rapa, punka eta Indiako giro-soinuak jorratuko ditu artistak, besteak beste, eta instrumentuak ere ez dira ohikoak eta nolanahikoak izango.

Matraka sukaldariak bere sukaldean aurkituko dituen jaki eta tresnekin sortuko du musika; lapikoak, paella-ontziak, azenarioak, makarroiak, kuiatxoak, limoiak, laranjak, erratzak eta sukaldeko koilarak izango dira haren bandako tresnetako batzuk. "Musika tresna batzuk mugatuta daude. Ezberdina da biolina jotzea edo azenarioa jotzea. Azken horrek baditu hainbat nota tonalitate berekoak direnak. Nolabait, saltsan ibiltzen gara", dio Urrutiak, barazkiekin musika sortzeaz galdetuta.

Ikuskizunean zenbait instrumentu erakusten ditu, baina ez guztiak. "Sortu genuen lehen ikuskizunaren ostean, Matraka Ma Non Troppo, hasi nintzen arakatzen sukaldeko zer gauzarekin egin daitekeen musika. Hortik gauza pila bat atera ziren. Denak ezin ditugu erakutsi, eta erabaki egin behar izan genuen istorioari zein musika tresnak laguntzen dioten".

Musikala, baina pedagogikoa

Emanaldia ez da sormenean geratzen soilik. Mezua zabaltzen saiatzen dela aitortu du Urrutiak: "Musika modu barregarrian jorratzen dugu, baina landu nahi ditugu, hala nola kontsumismoa, ingurumena zaindu beharreko kontzientzia kritikoa eta plastikoaren gehiegizko erabilera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak