Iaz bezala, Seber Altube plazan egingo da aurten ere sanjuanetarako AEDk antolatzen duen bertso saioa, jaietako azkenaurreko egunean, hilaren 25ean, 12:30ean. Miren Amuriza, Sustrai Colina eta Aitor Bizkarrarekin batera Arrasaten izango da Alaia Martin Etxebeste (Oiartzun, 1987). Harekin izan da GOIENA hizketan.
Lehenik eta behin, bertsolari moduan zein momentutan dago Alaia Martin?
Momentu eder batean nagoela esango nuke, bertso plazetan gozatzen ari naiz. Txapelketako kortse horietatik askeago. Udarako ilusioz nago, plaza sail handi bat izaten delako udaran, eta ibilbide polita eta umore ona izaten delako; hausnarketarako tartea ematen didate bertsoek.
Bertsolari Txapelketako Finalean izan zinen lehenengoz, abenduan. Zelakoa izan zen txapelketa hartako esperientzia?
Oroitzapen goxo bezala gordeko dut 2022ko Bertsolari Txapelketako finala. Asko eman didan txapelketa bat izan da, mimoz landu nuen, eta bueltan ere asko eman dit. Uste dut hobetzeko aitzakia ona izan zela, eta uste dut bertsokideekin elkartzeko eta saretzeko eta zenbat gairi buruz hausnartzeko izugarrizko plaza eskaini zidala txapelketa hark.
Txapelketetatik harago, bertso plaza askotan izandakoa zara. Giro horietan ere gustura.
Bai, dudarik gabe. Gustura aritzen naiz jai-giroko saio horietan, eta formatu asko izaten ditugu: saio bereziak, feministak, librekoak, askotarikoak... Gustura aritzen naiz, eta, kasu honetan, eguerdiko jaialdiek badaukate beraien xarma eta goxotasuna. Beste arnas batekin, lasaiago, patxadaz zenbait gairi buruz kantatzeko aukera ematen baitute mota horretako jaialdiek.
Zein da Alaia Martinen ezaugarri nagusia?
Garrantzia ematen diot mamiari, eta esan nahi dudanari, eta esan nahi dudan hori esateko moduari. Mamiari eta formari. Forma esaten dudanean ez da bakarrik teknika eta esan nahi ditudanak zehatz esateko behar ditudan hitzak eta errimak zeintzuk diren, baizik eta nola esan nahi dudan, ze umore mota nahi dudan, nola nahi dudan hitz egin... Horri ematen diot garrantzia.
Azkenaldian, Debagoienean dezente aritu zara; Oñatin eta Bergaran, azkenekoz. Bertsozalea al da bailara?
Bai; tokatu zait Oñatin pare bat saio izatea, Bergaran ere izan nintzen, eta Arrasate 25ean plaza bezala izango dut. Bailara bertsozalea izateaz gain, uste dut bertso eskolen sorrera inguru horrekin lotuta dagoela, eta, oso bertsolari onak eman dituen moduan, ematen ari dela; esaterako, Maider