Entzierroetan jende pilaketarik ez gertatzeko neurriak hartuko dituzte

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko eka. 21a, 14:00

Iazko lehen entzierroan sortu zen jende pilaketa. Argazkia: Imanol Beloki

Zezen-plazaren muntatze-lanak amaituta, azken ukituak ematen ari dira aste honetan lehen entzierrorako guztia gertu izateko. Iazko jende pilaketa saihesteko eta entzierroetan ezustekoak ekiditeko ohar batzuk gogoratu nahi izan ditu Udalak. 

Aurten ere Arrasateko San Juan jaien bueltan entzierroak eta errekortadore saioak izango dira, eta, beti bezala, Jose Maria Arizmendiarrieta plazan jarriko dute 1.400 pertsonarendako edukiera izango duen zezen-plaza. Iaz zezen-plazaren sarreran sortu zen jende pilaketa ekidin nahian, herritarrei "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu die Arrasateko Udalak. Era horretan, joan den urteko irudiak ez errepikatzeko argi utzi nahi izan dute entzierroetan parte hartzea ekintza "libre" eta "borondatezkoa" dela. Gogoratu nahi izan dute halako ekitaldietara doan pertsona bakoitzak bere gain hartzen duela ekitaldi horietan parte hartzeak dakarren arriskuaren erantzukizuna, eta argi utzi nahi izan dute ezbeharren bat gertatzekotan Udalak ez duela inolako erantzukizunik hartuko.

Horrez gain, zezen ikuskizunei buruzko araudia onartzen duen 183/2008 Dekretuaren arabera, 16 urte baino gutxiagoko adingabekoek ezingo dute zezenen ikuskizunetan parte hartu, eta soilik ikusle gisa joan ahal izango dira. Ezingo dute, ezta ere, parte hartu alkoholdun edari baten eraginpean edo substantzia sorgorgarrien edo psikotropikoen mendean daudenek, edo borondatezko gaitasuna murriztuta baldin badute. Urtero bezala, Bergarako Zezenak ganadutegiko lagunek kudeatuko dute espazioa, eta, Bergarako Pentekoste jaietan emanaldi guztiak bete egin zirela ikusita, Arrasaten ere horrela izango dela uste dute kudeatzaileek.

Hiru izango dira emanaldiak sanjuanetan: hiru entzierro –ondorengo bigantxa saioekin–, errekorte erakustaldi bat eta neska-mutikoei zuzendutako saio bat egongo dira. Azken hori 8 eta 15 urte artekoendako izango da; errekortadore eskola izango da, zezenekin eta poneyekin. Aurten bertan behera gelditu da errekortadore gazteen txapelketa.

Hiru entzierro

Zezen-plazarekin lotutako ikuskizunak San Juan egunean hasiko dira. Hiru egunez jarraian entzierroa egongo da, Erdiko kaletik 09:00etan abiatuta. Ohiko ibilbidea egingo dute zezenek eta korrikalariek: Kanpantorpea eta Zerkaosteta zeharkatu ostean, zezen-plazara helduko dira. Amaitutakoan, bigantxen txanda izango da, beti bezala. Adore erakustaldia egiteko aukera izango dute 16 urtetik gorakoek. "Bergaran kontua nola joan den ikusita, pentsatzen dut Arrasaten sarrerak ere agortu egingo direla; batez ere, lehenengo egunetan", azaldu du Bergarako Zezenak ganadutegiko Iñigo Almortzak. 

Sanjuanetan zezen-plazan

 

Ekainak 24, zapatua

• 09:00 Entzierroa eta bigantxak

• 19:30 Errekortadoreen erakustaldia

Ekainak 25, domeka

• 09:00 Entzierrroa eta bigantxak

• 18:30 Errekortadore eskola. Ondoren, poneyak.

Ekainak 26, astelehena

• 09:00 Entzierroa eta bigantxak

*Goiena telebistak zuzenean emango du lehen entzierroa.

Goienak jaietako lehenengo entzierroaren zuzeneko emankizuna eskainiko du. Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian ikusteko aukera izango da. Errekortadoreak zapatuan San Juan egunean, 19:30ean, errekortadore erakustaldia izango da ikusgai zezen-plazan. "Hamabi errekortadore arituko dira. Ez dira profesionalak, baina maila altua duten errekortadoreak dira", azaldu du Almortzak. Bergaran jokatutako errekortadore txapelketan parte hartutako ia guztiak izango dira Arrasateko plazan. Esaterako, Unai Arana Xurra, Anartz Almortza, Sergio Zapatero, Ander Gallastegi eta Jon Maiztegi. Bi izango dira arrasatearrak: Blas Cruz eta Aitor Murgiondo. Eta bat Aretxabaletakoa: Ander Martinez Txino. Herrikideen aurrean zezenen aurrean dituzten trebeziak erakusten saiatuko dira.

Domekan ikuskizuna

Zapatu eta domeka arratsaldean gaztetxoendako izango da Arrasateko zezen-plaza. Errekortadore eskolako saioa egingo dute domekan, 18:30ean. "Normalean, lehenengo egunean errekortadore eskola egiten genuen eta hurrengo egunean gaztetxoen errekortadore txapelketa egiten zen". Aurten, baina, bertan behera gelditu da gaztetxoentzat egiten zen errekortadore txapelketa. "Lege aldaketa bat egon da; luzea da azaltzeko. Eta, horren ondorioz, ez da egingo txapelketa". Jaien azken egunean egiten zen gaztetxoen txapelketa, baina aurten ez da egingo. Torneoaren hutsunea betetzeko, baina, domekan festa handia egingo dutela dio Almortzak: "Txapelketarik ez egin arren, domekan adin askotarikoentzako ikuskizuna antolatuko dugu". Hala, gaztetxoentzat errekortadore eskola ibiltaria egongo da, zezentxoekin eta poneyekin.

Arrasateko Udalaren oharrak

Honako ohar hauek plazaratu ditu Arrasateko Udalak:

Edukiera

• Jose Maria Arizmendiarrieta plazan egongo den zezen-plazak 1.400 pertsonarentzako edukiera izango du.

Segurtasun neurriak

• Zezen ikuskizunen araudia onartzen duen 183/2008 Dekretuaren arabera, ezingo dute parte hartu 16 urte baino gutxiagoko adingabekoek; soilik ikusle bezala.

• Era berean, alkoholdun edarien eraginpean edo substantzia sorgorgarrien edo psikotropikoen mende daudenek, edo borondatezko gaitasuna murriztuta baldin badute

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak