Herriko musika eskolak ginga jarriko dio bihar mende erdiko ibilbidea ospatzeko ikasturte osoko egitarauari. Urtean zehar kontzertu bereziak egin dituzte, martxoan Uarkapen plazaratutakoa kasu, baina biharkoari festa itxura gehitu gura izan diote, egun osoan ekintza gozagarriak antolatuta.
Musika eskolen topaketa
Urtero egiten den Debagoieneko musika eskolen topaketaren enbaxadore-rola hartu du Arrasate Musikalek, nahiz eta aurten ez zen hemen egitea tokatzen. "Baina 50. urteurrenaren harira, polita iruditu zitzaigun Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati eta Bergarako musika eskolak ere gure festaren parte izatera gonbidatzea", azaldu du Arrasate Irratian asteon Marta Izagirre zuzendariak.
Hala, bihar, zapatua, goizeko hamarretan, musika eskolako gaitero taldeak irekiko du festa handia: erdigunean zehar kalejiratxoa egingo du. 10:30ean, Herriko Plazan, bost musika eskoletako kideei harrera egingo zaie, eta, ordu erdi geroago, emanaldiak egiten hasiko dira Juan Arzamendi Musika Etxean, Biteri plazan eta Herriko Plazan –hasiera batean Seber Altube plaza eta Monterron parkea ziren agertokiak, baina aldaketak egon dira–. "Berria da hainbat gunetan une berean kontzertuak egitearena, baina aurten halaxe erabaki dugu, ahalik eta musikari gehienei aukerak zabaltzeko; aire librean izatearen abantailak aprobetxatuko ditugu, gainera, musikarekin batera dantza emanaldiak egongo baitira", azaldu du Izagirrek.
Emanaldi horiek musika eskolen arteko harremanak sendotuko dituzte, eta, Arrasate Musikalen kasuan, talde instrumental mistoak, folk taldea, hari taldea, Izan Suzuki taldea, dantza taldea, haize-egur taldea, Banda Gaztea eta Big Band Gaztea ikusi eta entzuteko aukera egongo da, 11:00etan hasi eta 13:00ak bitartean.
13:15ean, berriz, kalejira egingo du Garinband taldeak Arbolapetan hasi eta Herriko Plazaraino, eta 14:15erako paella-jana zain izango dute Kulturolako beheko solairuan.
Herri bazkaria
Arrasate Musikalek duela hamar urte antolatu zuen azken herri bazkaria; hain justu ere, 40 urte bete zituenean. Orain formula berari heldu diote, "elkarrekin bazkaltzeak beti irekitzen baititu alaitasunerako ateak". Era berean, bazkarira bertaratuko dutenei musika eskolaren kamiseta eta zapia soinean jantzita joateko dei egin diete.
URTE OSOAN LAN HANDIA EGIN DUTE URTEMUGAREN HARIRA, ETA ORAIN, OSPATZEA DAGOKIE
Tradizioa eta modernitatea
Arratsalderako, apustu ausarta egin dute, estilo modernoak eta tradizionalak nahastuta. Izan ere, The Potes folk-rock taldearen eta Arrasate Musikaleko bandaren arteko kontzertu bateratua egingo dute Monterron parkean. The Potesek kaleratu dituen bi diskoetako hamabi kanta aukeratu dituzte fusio hori gauzatzeko. Emanaldia 19:00etan irekiko du Banana Shake taldeak, eta segidan igoko dira agertokira 60 lagun inguru, denera. Bitxikeria moduan, Izagirrek aipatu du bai The Poteseko eta bai Banana Shakeko musikari dezente musika eskolan ikasitakoak direla: "Gurekin oinarri bat jaso eta nork bere ibilbidea egitea oso pozgarria da; nork daki... agian, aurrerantzean ere egingo ditugu halako elkarlanak ikasle ohiekin".
Udaberri musikala
Kontzertu gogoangarri hori ez da musika eskolakoen urteko azken jendaurreko ekitaldia izango, udaberri ziklo musikaleko egitarauari oraindik azken txanpa geratzen baitzaio aurretik. Datorren astebarruko hitzorduei dagokienez, astelehenean piano kontzertua egingo dute Monterron jauregian, 19:00etan, martitzenean flauta eta akordeoi ikasleen txanda izango da Juan Arzamendiko auditoriumean, 18:00etan, eta eguenean, toki berean, kantu-emanaldia egingo dute, 18:30ean.
Eta datorren asteburuan ere protagonistak izango dira ikasleak. Besteak beste, dantza taldeak ikasturte bukaerako ikuskizuna taularatuko du Amaia antzokian ostiralean, 19:00etan.