Orain dela urtebete pasa hasi ziren Arrasate Musikalekoak aurten ospatzen ari diren 50. urteurrenerako egitaraua prestatzen. "Ideiak botatzen hasi ginen, eta nik neuk oso gustuko dudan Arrasateko The Potes taldearekin elkarlanean kontzertu bat egitea proposatu nion Bandako zuzendari Mikel Markiegiri. Gustatu zitzaion ideia, eskolarentzako eta taldearen- tzako ez ezik, herritarrentzako ere proposamen berritzailea eta interesgarria iruditu zitzaion, eta The Potesekoen baiezkoa jasota lanean hasi ginen", azaldu du Arrasate Musikaleko irakasle eta Bandako kide Edorta Aiastuik, eta zera gaineratu du The Potes taldeko bateria-jole Beñat Osinagak: "Bertigo puntu bat sentitu genuen hasieran, imajinazio-ariketa bat egin behar izan genuen gure kantuek bandako instrumentuekin nola bateratuko ziren aurreikusteko, baina erronka polita eta interesgarria iruditu zitzaigun herriko bi musika formaziok elkarrekin jardutea".
The Potesen hamabi kantu
Proiektuan parte hartu duten musikariak pozik daude elkarlanak sortutako emaitzarekin. Nork bere aldetik egin ditu prestaketa lanak eta egubakoitzean egin zuten elkarrekin estreinako entsegua. "The Potesen bi diskotako hamabi abesti joko ditugu, eta, horiez gainera, beste bi sorpresatxo izango dira. Ordubete inguru iraungo du emanaldiak. Kantu guztien bandarako moldaketa egin du Markiegik; sekulako lana egin du", dio Aiastuik, eta zera gaineratu du Osinagak: "Gure etxeko lanak errazagoak izan dira; hala ere, urduri samar joan ginen egubakoitzeko entsegura, abestien tempoak eta gure instrumentuen bolumenak ondo batuko ziren zalantzarekin. Baina bitxia izan zen, kasualitatea edo patua; jo genuen lehenengo abestia Musikaren magia izan zen, benetako magia sortu zen eta oso ondo joan zen dena".
Arrasateko The Potes taldearen bi diskoetan oinarritutako errepertorioa da
60 lagun inguru agertokian
Urtez urte handitzen doan musika eskolako bandan gaur egun 50 kide dira. "Denetarikoak gaude, gazteak eta helduak. Instrumentuei dagokienez ere, askotarikoak: perkusioa, haize-egur instrumentuak, haize-metalak... Sekulako ilusioarekin ari gara denak lanean. Bitxikeria moduan esan behar da The Poteseko ia kide guztiak gure eskolako ikasleak izan direla", dio Aiastuik.
Aurretik, Banana Shake taldea
Haizez-instrumentuek protagonismo handia duten iaz abiatutako Arrasateko Banana Shake formazioak ekingo dio Monterron parkean izango den emanaldiari –eguraldi txarra eginez gero, Amaia antzokian–, 19:00etan. Sarrera dohainik izango da eta ez da aldez aurretik gonbidapenik eskuratu behar.
40 minutuko kontzertua egingo du kuadrilla bereko zazpi lagunek osatzen duten taldeak, orain dela bi aste plataforma digitaletan –Spotifyn eta Youtuben– argitaratu zuten sei kantuko bilduma oinarri izango duen errepertorioarekin. "Kontzertu bat eskaintzeko asmoz hasi ginen lokalean lanean, sekulako harrera izan genuen eta harrezkero beste hainbat egin ditugu. Grabatu berri dugun bilduma, oraingoz, ez dugu formatu fisikoan argitaratzeko asmorik", diote taldekideek.