Paperetan zegoen Leintz Bailarako Ekiolaren proiektua errealitate bihurtuko da laster, izan ere, maiatzaren 1ean hasi zituzten obrak. Arrasaten, Udalara bidean, Santa Ana hotelaren pareko 10.000 metro karratuko lursail zatian jarriko dituzte plaka fotovoltaikoak. Parkearen aurrekontua 1.700.000 euro ingurukoa da eta sorreran horretan bi ekarpen "esanguratsu" daude: batetik Fagor Taldeak egindako 335.400 euro; eta bestetik, Europatik jasotako next Generation funtsak, 644.00 euro.
Gaur goizean bertan izan dira Ekiolako Errektore Kontseiluko kide Iñaki Aranburu, Maite Iturbe, Carlos Martinez eta Jesus Maria Arizmendiarrieta eta obra zuzendaritza daraman Ekiproject enpresako ordezkari Esther Sancho. Lanak irailean amaitzea aurreikusten dute eta urrian energia sortzen eta banatzen hastea. Esther Sanchok aurreratu duenez, orain arte obra zibila egin dute; hau da, lursaila hesiarekin itxi dute eta kanalizazioak egin dituzte, besteak beste. Orain, transformazio gunea eraikitzen ari dira. Geoteknia probak ere egin dituzte: "Geoteknia frogak egin ditugu lurraren erresistentzia egiaztatzeko. Behin emaitzak jasota eta orain enkargatu ditzakegu panelen euskarri izango diren egiturak. Orain fase horretan gaude". Alabaina, aipatu du orografia dela eta zenbait zailtasun izan dituztela
Urritik aurrera martxan
2.400 plaka fotovoltaiko inguru izango ditu eguzki parkeak eta hegoaldera begira jarriko dituzte. 2x1 metroko neurria dute panelek eta urtean 1,35 GWh lortzeko gaitasuna dute, gutxi gorabehera. Errektore Kontseiluko ordezkariek adierazi dute dagoeneko jaso dituztela panelak, baina horiek jartzeko egitura iristea falta dela. Horren aurrean, Sanchok adierazi du egituraren eskaera bost aste barru jasotzea aurreikusten dutela: "Espero dugu uztaila hasieran kokatzea eta panelak uztaila erdi-amaieran jartzea".
600 bazkiderentzako
Eguzki parkeak 600 bazkide inguru asetzeko gaitasuna izango du. Kooperatibako lehendakari Iñaki Aranburuk jakinarazi du 220 familia daudela izena emanda, baina helburua kopurua handitzea dela. "600 bazkiderentzako gaitasuna du, baina, nolabait, helburua dira 450 familia-erabiltzaile. Besteak izango dira erakundeak", dio Aranburuk.
Kooperatibako bazkide fasea burutu beharko dute etxean edo komertzioan energia berriztagarria jaso nahi dutenek. Oraindik badago bazkide egiteko aukera eta horretarako edo informazioa gura duenarendako zabalik egongo da Arrasateko BAZ bulegoa: "Galderak dituenarendako zabalik egongo da. Gura duenak ere bere faktura eman dezake eta egingo dizkiegu kalkuluak eta adieraziko diegu ze aurreratu dezaketen. Ideia da datorren astean arratsaldeko hiruretatik seietara norbait egotea bertan, eta ekainaren 19tik 21era goizez, hamarretatik ordubatera. Era berean, ere www.ekiola.eus atarian ere eskuratu daiteke informazioa.
Batzar Orokorra, hilaren 21ean
Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak ekainaren 21ean egingo du Batzar Orokorra eta bertan eskainiko dituzte orain arteko datuak, 2022ko balantzea eta 2023ko erronkak. Adierazi dutenez, deialdia irekia da eta, hortaz, bazkide direnak eta ez direnak baina proiektuaren inguruan informazio jaso nahi dutenak daude deituta.